Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Irunen eta Oiartzunen
Irailaren 14an hasiko den herrialdeko txapelketaren barruan, Irunen final-laurdenetako saio bat egingo dute, eta Oiartzunen finalerdietako beste bat.
Irailaren 14tik abenduaren 14ra arte jokoan izango da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bitarte horretan, final zortzirenetako zazpi saio, bost final-laurdenetakoak, eta hiru finalerdiko egingo dituzte. Finala Donostiako Illunben izango da, abenduaren 14an. Saio guztiak 17:00etan izango dira, larunbatez eta igandez. Oarso Bidasoan ere izango dira txapelketaren barruko ekitaldiak.
Irungo Amaia Kultur Zentroan final-laurdenetako bigarren saioa egingo dute, urriaren 20an (igandea), 17:00etan. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, berriz, finalerdietako bigarren agerraldiari ekingo diote, azaroaren 24an (igandea), 17:00etan ere bai. Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik jakinarazi dute horietarako, eta beste kanporaketa guztietarako sarrerak irailaren 2an salgai jartzen hasiko direla, Bertsosarrerak plataformaren bitartez.
Parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 34 udaberrian jokatu den Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik heldu dira. Horiei beste hamalau bertsolari gehituko zaizkie orain; duela lau urteko txapelketaren finalean kantatu zuten seiak —Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Jon Maia eta Alaia Martin oiartzuarra— eta beste zortzi, 2015ean gutxienez finalaurrekoetara iristea lortu zutenak. Horiez gain, hamabost gai jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.
Parte hartuko duten 48 bertsolarietatik bi bakarrik dira Oarso Bidasokoak, biak oiartzuarrak: Alaia Martin eta Ander Lizarralde.