Touring eta Mindara, futbola ere inklusiboa egiten
Touring elkarteak 585 euroko txekea eman dio Mindara elkarteari inklusibitatearen aldeko lanean jarrai dezan. Mindara elkarteko haurrak Jon bautista Campuseko haurrekin batera izan dira gaur Fanderiako futbol zelaian.
Jon Bautista Campusean ari diren haurrekin izan dira gaur Mindara elkarteko haurrak. Realeko jokalari Sara Olaizolaren bisita izan dute. Jon Bautista Campusa egiten ari da Touring aurten bigarrenez, eta horren barruan Mindara elkarteko kide diren gaztetxoak Fanderiara joan dira gaur eta kirol ekintza ezberdinak egin dituzte campusean parte hartzen ari diren haurrekin. Helburu bikoitza lortu nahi dute, “inklusibitatea lantzea batetik, eta sentsibilizazioa sustatzea bestetik”.
Bisitan, gainera, sorpresa eta saria jaso dute Mindarakoek. Realeko lehenengo taldeko jokalaria den Sara Olaizola futbolariak bisita egin die gaur Jon Bautista Campusa egiten ari ziren haurrei, eta haiekin batera entzun dituzte Olaizolak emandako azalpenak Mindarako haurrek ere. Saria, berriz, 585 euroko txekea. Touringek lehen aldiz antolatu du aurten Kirol Kultur Astea eta horren barruan Jokuz Kanpo antzezlana eman zuten. Emanaldi horretako sarrerekin lortutako dirua dira 585 euro horiek, eta Mindara elkarteari eman dizkio inklusibitatearen alde egiten duen lanean laguntzeko. Mikel Azkunek eman dio saria Mindarako ordezkari Erika Martinezi eta Sara Olaizola eta Garbiñe Etxeberria Realeko emakumeen koordinatzailea bertan izan dira sari emate horretan.
