6.000 biztanleko herrian, zazpi zinegotzi liberatu
Asaldatuta eta kezkatuta. Hala azaldu da Lezoko EH Bildu gaur egin duen agerraldian Lezoko Udalak udalbatza berriaren lehenengo plenoan zazpi zinegotzi liberatu izango direla onartu ostean.
Asaldatuta eta kezkatuta. Hala azaldu da Lezoko EH Bildu gaur egin duen agerraldian Lezoko Udalak udalbatza berriaren lehenengo plenoan zazpi zinegotzi liberatu izango direla onartu ostean. Alkatea izan ezik, EAJren zinegotzi guztiek izango dute liberazioa portzentaia ezberdinetan, PSE-EEko zinegotzi bakarrak ere, eta azkenik, EH Bilduren bozeramaileak. Mikel Arruti koalizio subiranistaren zinegotzia eta bozeramailea udalean, Asier Irastorza zinegotzia, eta Deiene Ziganda eta Edurne Lizarazu EH Bilduko kideek gogor salatu dute erabakia, eta ezinbestekotzat jo dute herritarrei horren berri ematea.
Joan den agintalditik hona, bietan EAJ izanik alkatetzan, %50ean igo dela zinegotzien liberazio gastua azaldu du Arrutik, “zazpi zinegotzi izango gara liberatuak, portzentaje ezberdinekin, baina denak batuta lau liberazio oso eta erdi dira, eta zinegotzi liberatuen gastua %50 igo da”. Aurreko agintaldian 150.980 euro zen gastu totala eta orain 226.513 eurokoa izango da, 75.500 euro gehiago. Harridura azaldu du Arrutik, eta EH Bilduko kideek ez dutela ulertzen zer aldatu den aurreko agintalditik hona halako igoera onartzeko. Harago jo du, eta are ulergaitzagoa egiten zaiela ardurak oraindik banatu ez direnean onartu direlako liberazioak, “oraindik ez dakigu zein lan egingo duten, zein ardura izango dituzten. Logikoa dena da lana eta ardurak banatuta, horren araberako liberazioa egitea”.
Galdera bat ere utzi du airean Arrutik, “Zer agindu diete, zerrendan joateagatik liberatuak izango direla, zinegotziak izateagatik liberatuko zituztela? Badirudi hala dela, plenoan ere galdetu genuelako zein zen hainbeste liberazioetarako arrazoia eta ez genuen erantzunik jaso”.
Diru hori, agintaldi honetan liberazioak ordaintzeko baliatuko diren altxor publikoko 75.500 euro gehiago horiek Lezoren eta lezoarren beharrak asetzeko erabil zitekeen dirua dela nabarmendu du Arrutik, “hortik gaiaren larritasuna. Urtean gizarte diru laguntzetara bideratzen duen diru zatia 75.000 euro horiek baino gutxiago da, berdintasun arlora teknikaria eta genero berdintasunerako politikak egiteko 40.000 euro baino gutxiago bideratu zituen, eta argiteria berritu eta hobetzeko 55.000 euroko diru zatia du udalak. Lezok eta lezoarrek badituzte beharrak, badituzte premiak diru hori inbertitzeko liberazioetara eman beharrean”.
Lezoren biztanle kopuru bera duten herrien udalekin alderatu du egoera Arrutik, “Urnietak 6.200 biztanlerekin hiru liberazio ditu, edo Urretxuk 7.000 biztanletik gora dituena hiru liberazio eta erdi ditu, eta Oiartzunek 10.000 biztanletik gora izanik, 4,7 liberazio ditu. Ez diogu logikarik ikusten. Horrekin batera atentzioa eman digu zinegotzien maila 14a bada ere, PSE-EEk duen zinegotzi bakarrari, liberazioa duena, 18. maila jarri diotela eta soldata besteen gainetik igo. Nahiz eta%80ko liberazioa eduki, praktikan, dirutan % 100 izango balu bezala jasotzen du. Horren arrazoia ere galdetu genuen plenoan eta ez digute erantzunik eman. Ez dakigu zergatik merezi duen PSE-EEko ordezkariak pribilegio hori, zinegotzi bakarra da alderdi sozialistarena, eta 277 bozka jaso ditu eta izango da herriko zinegotzien artetik maila altuena izango duena. uste dugu, azken hori ere azaldu beharko dutela, ez dugulako ulertzen zergatik balio duen PSE-EEko zinegotziaren lanak besteenak baino gehiago”.
Beste datu bat ere eman du Arrutik, maila altuen eta liberazio handiena izango dutenak herritik kanpo bizi diren zinegotziak dira, eta hortaz, ondorioztatu duenez, herriaren gaineko ezagutza gutxien daukatenak, “herriarentzat lana egin behar dela uste dugu, ez gaude liberatzearen kontra beharrezkoa denean, lana eginbehar bada herriarentzat lan hori ordaindu egin behar da, hor ez dugu zalantzarik, baina diru publikoaz hitz egiten ari gara eta banaketa horrek ondo arrazoitua izan behar du. Hain azaletik, hain arinki zinegotziak liberatzea ez zaigu batere zuzena iruditzen”.
Gobernu batzordearen osaketa izan zen aurreko osteguneko plenoak aztertu zuen beste gaietako bat eta horren gainean ere kezka azaldu du koalizio subiranistaren bozeramaileak. izan ere, alderdi bozkatuena izan arren, 1.418 bozkekin hauteskundeak irabazi bazituen ere ez duelako EH Bilduk, momentuz behintzat, ordezkaritzarik izango organo horretan: “Alkateari kezka azaldu genion eta konpromisoa hartu zuen iraileko plenoan ordezkaritza emateko tokiko gobernu batzordean. Horren aurrean, eta delegazioak eta ardurak irailean banatuko direnez baita gobernu batzordea eratu ere, ordura arte liberazioen kontua mahai gainean uztea eskatu genuen, baina atzera egin zuen gure proposamena EAJk eta PSE-EEk ezezkoa eman zutelako”.
Deialdia luzatu du Arrutik, elkarlanerako eskua luzatu, “oraindik ere uste dugulako lezoarrentzat onena akordioetara iristea dela, herritarrek hori erabaki zutelako eta udaran zehar guk EAJrekin hitz egiten jarraituko dugu bide horretan”. Zentzuz jokatzeko eskatu du koalizio subiranistak, “ahaztu gabe 6.000 biztanleko herri bat garela. Uste dugu Lezok mugatu egin behar duela liberazio kopurua, egoera hau ez delako lezoarrentzat bidezkoa”.
8.700.000 euroko aurrekontua
Lezoko Udalak 8.717.000 euroko aurrekontua du onartua aurtengorako. 6.002 biztanle eta 1.334 biztanleko liberazio osoa duen zinegotzi bat izango du. Liberazio osoa duen zinegotzi bakarra dago, EAJko Miguel angel Sanchez. Liberazio horregatik, hilero 2.632, 13 euro jasoko ditu, 36.849,84 euro urtean. Hurrengo liberazio altuena, PSE-EEk Lezon duen zinegotzi bakarrak du, %80koa zehazki, baina maila altuagoa duenez (14. maila dute beste zinegotziek, 18. maila berak) ia liberazio osoaren kopuru bera jasoko du, hilean 2.527,63 euro, eta urtean 35.386,68 euro.
Bi zinegotzik dute %50eko liberazioa: EAJko Laura Martinezek, eta alderdi bozkatuena izan zen eta egun oposizioan dagoen EH Bilduko Mikel Arrutik; 1.316,10 euro jasoko dituzte hilean eta 18.424,92 euro urtean. EAJren zerrendan hamargarrena zen Juan Luis Urkizu Jesus Mari Martiarena alkatearen aholkulari izateagatik %50eko liberazioa du eta aurrekoen kopuru bera jasoko du. azkenik, %40ko liberazioa izango dute EAJko Irlentz Ortegak, Laura Muñozek eta Ion Pombarrek, 1.052,85 euro jasoko dituzte hilean, 14.739,93 euro urtean.
Aurreko agintaldian, 3,3 zinegotzi liberatu ziren; EH Bildu alkatetzan izan zen 2011-2015 agintaldian, berriz, 2,8 zinegotzi ziren liberatuak.