EATko emakumeen beteranoen taldea, Lehen Mailara
EATk lorpen historikoa erdietsi du. Errenteriako atletismo taldeak taldea izango du hurrengo saioan Espaianiako Lehen Mailan.
Errenteria Atletismo Taldearen (EAT) emakumeen beteranoen taldea, pistako atletismoko emakume beteranoen Lehen Mailan lehiatuko da hurrengo urtean. Eskubide hori joan den larunbatean lortu zuten Tres Cantosen (Madril, Espainia) egin zuten lehiaketan. EATko emakumeen helburua Bigarren Mailari lasaitasunez eustea zen; hara non eta igoera lortu zuten.
Emozioz beteriko jardunaldia izan zen. Aurrean zituzten taldeak ez ziren nolanahikoak. Baina bakarkako lan ona egin, eta taldea indartu zuen atleta bakoitzak bere esparrutik. EATko kideek pozik, oso kontent ospatu zuten igoera, lehian izan ziren zortzi taldeetatik bigarren izan zirelako. 3. eta 4. postuek permanentzia ematen zuten; 5-8 postuetan gelditu zirenek maila galdu zuten.
Juana Usabarrena, Montserrat Mostaza, Maika Moreda, Ana Lopez, Monica Del Rincon, Cristina Chueca, Belen Salvador, Dana Romero, Esther Estefania, eta Ines Perez izan ziren taldearen partaideak, alboan hainbat laguntzaile izan zituztela. Horien artetik helduenak 70 urte ditu, gazteenak 40. Hurrengo sasoian, Lehen Mailan, duintasunez konpetituko dutela agindu dute errenteriarrek.