Eraso sexistarik gabeko jai parekideak helburu
Eraso sexisten aurrean 650 407 858 telefono zenbakia martxan jarriko du udalak jaietan 24 orduz arreta egiteko.
Elkar errespetua eta elkarbizitzaren aldeko jokabideak. Bi horiek klabeak jai parekide eta eraso sexistarik gabekoak lortzeko bidean, eta bide hori egi bihurtzeko konpromiso irmoa eta kanpaina zehatza antolatu du errenteriako Udalak madalenen atarian. Ez da berria iniziatiba, azken urteetan abiatu du udalak eraso sexista, homofobo, lesbofobo, xenofobo eta transfoborik gabeko jaiak gozatzeko kanpaina eta aurten ere hala egingo du, errespetuzko jarrerak aldarrikatzeko.
Arreta telefonoa izango du bigarren urtez eta 24 orduz martxan Errenteria-Oreretak. Deialdi zehatza, edozein eraso sexista jasan, ikusi edo entzunez gero, edozein intentsitatekoa delarik ere, deitzeko eskatu du udalak. 650 407 858 telefonoan jasoko dituzte horiek guztiak, eta Emakumeen Etxea izango da arretarako erreferentziazko gunea. Zerbitzua hilaren 21eko 00:00etatik hilaren 26ko 01:00etara izango da martxan eguneko 24 orduetan. Whatsappez zein dei arruntaz jarri ahalko da harremanetan zerbitzuarekin. Bestaldean, arreta egiten, profesionalak.
Protokoloaren barruan, gainera hainbat pegatina banatu ditu udalak, ja parekideen aldeko kartela, baita eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa ere.
Gizarte zerbitzuak, berdintasunerako azpisaila eta Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira ahalik eta erantzun azkarrena eta egokiena emateko. Udaltzaingoa, halaber, Ertzaintzarekin arituko da elkarlanean.
Indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du martxan bestalde, hilaren 20an Herriko Plazan 11:30etik 14:30era eta hilaren 24an 18:30etik 21:30era. Gune horretan, indarkeria matxistari aurre egiteko informazioa zabalduko dute batetik, eta ligoteo osasuntsurako beharrezkoak diren balioen lanketa egingo da.