ETE Liga: Hibaikaren beheralditxoa, San Juanen gorakada
ETE Liga ia erdira iritsi da. Hibaika oso ondo dabil, nahiz eta azken estropadetan banderarik ez lortu. San Juan, berriz, pixkanaka hazten.
ETE Ligan bogan ari dira Oarsoaldeko emakumeen bi traineruak. Jada Ligaren erdia ia egin dute liga horretan dabiltzan 11 traineruek. Oarsoaldekoei dagokienez, Hibaikak oso indartsu hasi zuen liga lau bandera segidan irabaziz; San Juan apal hasi zen, traineru zeharo berriarekin. Zortzi estropada falta dira liga bukatzeko. Hemen, ETE Ligaren gainean HITZAk egindako analisia.
Hibaika indartsu, oso, hasi zen ligarekin. Lehen lau banderak irabazi zituen, ekainaren 15 eta 16ko Pasaiako biak, Donibane Lohizunekoa (ekainak 22) eta Baionakoa (ekainak 29). Portugaletekoan txakalaldia izan zuten Madalen ontzikoek, zazpigarren izan baitziren. Baina joan den asteburuan jokatutako bietan, Sestaon eta Orion, ia-ia lortu zuten zakura eramatea bi banderak, lehenak izan ziren Deustotik nahiz Zumaiatik hurrenez hurren segundo eskasera sailkatu zirelako errenteriarrak. Detaile txikiengatik ez dituzte orain sei bandera (zazpi estropadetatik) zakuan.
Oso ondo ari dira Hibaikakoak, nahiz eta sailkapeneko lehen postuan Zumaia jarri den, 70 punturekin. Hibaikak 69 ditu, hirugarren den Deustok 56, eta laugarren den Tolosaldeak 55. Hau da, egun lider ez izan arren, EuskoTren Ligara igotzeko play-offa eskuan dute errenteriarrek.
Gainera, uztailaren 17an Donostian egin zen Gipuzkoako Txapelketan hirugarren izan ziren Hibaikakoak, EuskoTren Ligako Arraun Lagunak eta Donostiarra atzean utziz. Hau da, Kontxara sailkatzeko aukera handiak dauzkala pentsa daiteke.
San Juan, gorantz
Apal hasi zuen sasoia San Juanen emakumeen traineruak. Aldaketa asko urte batetik bestera, arraunlari gazteak, esperientziarik ez goi mailako arraunean… Faktore horiek bultzatuta, Ligako lehen hiru jardunaldietan Hibaika irabazletik 30 segundo ingurura gelditu ziren batelerak. Ekainaren 29an, Baionan, zazpigarren izan arren, banderatik 9 segundora gelditu ziren arrosak, eta Portugaleteko egun eskasaren ondoren (Hibaikak ere gaizki pasatu zuen), joan den asteburuko bi estropadetan irabazleetatik 8 segundora (Sestaon, zazpigarren postuarekin; Orion, hirugarrenarekin) sailkatu ziren Guruzne Azpirozek entrenatutakoak.
Sailkapen nagusian zortzigarren dira Batelerak ontzikoak, 38 punturekin. Gora egiteko aukera dute, baldin eta azken estropadetako maila errepikatzen badute. Lanean ari dira kuadrilla ondo kohesionatzeko, arraunkera egokia mantentzeko. Aurten beharbada ez, baina hurrengo sasoian banderen lehian egon daitezke, talde egokia osatzen badute (aurten beste klubek utzitako hainbat arraunlari daude San Juanen).
Gipuzkoako Txapelketan zazpigarren izan ziren arrosak. Lan handia egin beharko dute Kontxan egoteko.
Konparazioa, ETE Liga
- Lehen jardunaldia (ekainak 15, Igartza Bandera, Pasaian). Irabazlea: Hibaika. San Juan, irabazletik 30 segundora sailkatu zen.
- Bigarren jardunaldia (ekainak 16, Adegi Bandera, Pasaian). Irabazlea: Hibaika. San Juan, irabazletik 29 segundora.
- Hirugarren jardunaldia (ekainak 22, Donibane Lohizuneko bandera). Irabazlea: Hibaika. San Juan, irabazletik 20 segundora.
- Laugarren jardunaldia (ekainak 29, Baionan). Irabazlea: Hibaika. San Juan, irabazletik 9 segundora.
- Bosgarren jardunaldia (uztailak 14, Portugaleten). Irabazlea: Zumaia. Hibaika irabazletik 17 segundora. San Juan irabazletik 38 segundora.
- Seigarren jardunaldia (uztailak 20, Sestaon). Irabazlea: Deusto. Hibaika, bigarren, irabazletik segundo batera. San Juan, irabazletik 8 segundora.
- Zazpigarren jardunaldia (uztailak 21, Orion). Irabazlea: Zumaia. Hibaika, bigarren, irabazletik 48 ehunekora. San Juan, hirugarren irabazletik 8 segundora.