Pasaitarrek bi domina irabazi dituzte Euskal Selekzioarekin
Pasaia Kayak-eko Ion Carballo Gorka Colomo eta Iñigo Lois, Mikel de Velasco getxoztarrarekin batera, hirugarren eta bigarren izan dira asteburuko probetan.
Gaztela eta Leonera jo zuten aurreko asteburuan Pasaia Kayak taldeko hainbat ordezkari, Euskal Selekzioko palista gisa. Gaztela eta Leongo Sari nagusiaren bi probak jokatu ziren Valladolid Hiri Trofeoa jokatu zen eta igandean Sanabriako Saria, Zamorako probintzian kokatzen den Sanabriako lakuan.
Ion Carballo, Gorka Colomo eta Iñigo Loisek, Mikel de Velasco getxoztarrarekin batera, Euskal Selekzioa ordezkatu zuten, K4 ontzien kategorian. Tripulazioa bateratzeko denbora gutxi izan arren, maila polita erakutsi zuten euskal palistek eta bi probetan podiumera igotzea lortu zuten.
Larunbatean, hirugarrenak izan ziren euskal herritarrak, Galizia eta Gaztela eta Leongo selekzioen atzetik. Igandean baina, emaitza hobetzea lortu zuten, bigarren izan baitziren, galiziarren atzetik. Etxeko selekzioa, Gaztela eta Leongoa, atzean utzi zuten Sanabriako lakuan. Ez da uzta txarra izan, bi egunetan bi domina, bata brontzezkoa eta bestea zilarrezkoa.
Garaipen gehiago
Etxean ere albiste onak jaso zituzten trintxerpetarrek. Lander Rodriguez pasaitarrak eta Amaia Benavente errenteriarrak Hondarribian jokatutako itsas kayakeko Euskadiko Txapelketan garaipena lortu zuten.