Bihar irekiko dute Gazte Olinpiadetan izena emateko epea
Bi asteburutan ospatuko dira Lezoko Gazte Olinpiadak, abuztuaren 31n izango da lehen txanda eta bigarrena astebete beranduago, irailaren 7an.
Bihartik aurrera eta abuztuaren 20ra bitarte, zabalik izango da Lezoko Gazte Olinpiadetan izena emateko epea. Kuadrillek izena emateko zerrendak Txingurri tabernan eta Tiñelu Elkartean egongo dira. Gazte Olinpiadak bosgarren aldiz antolatuko dituzte. Aurten jatorrira itzuliko direla jakinarazi du Lezoko Gazte Asanbladak, izan ere, lehen edizioan bezala, olinpiadak bi asteburutan egingo dituzte.
Lehen txanda, abuztuaren 31n egingo dute eta talde guztiek parte hartzeko aukera izango dute. Astebete beranduago, irailaren 7an, puntu gehien lortu dituzten lau taldeak arituko dira nor baino nor.
Olinpiadei buruzko argibideak emateko, informazio bilera egingo du Gazte Asanbladak Ibai-Ondon abuztuaren 30ean, 18:00tan. Jarraian olinpiaden aurkezpena egingo dute eta taldekide guztiek aukeratutako kamiseta edo ikurrak soinean eraman beharko dituzte.
Parte hartzeko baldintzak.
- 8 eta 10 lagun bitarteko kuadrillak.
- Parte hartzaileek 16 urtetik gora eduki beharko dituzte.
- 16 urtetik gora, ez dago adin mugarik.
- Finalera iristen diren taldeek, gehienez bi kide aldatu ahalko dituzte.