Pasaia KEk hilaren 31n aurkeztuko du Hirugarren Mailako taldea
Pasaia KEren Hirugarren Mailako taldearen aurkezpen ofiziala 10:30ean hasiko da. Ondoren, sasoi aurreko partida jokatuko dute Vitoria CDren kontra.
Pasaiako Kirol Elkarteko talde nagusiak berriz ere Hirugarren Mailan jokatuko du 2019-2020 sasoian, aurreko denboraldian oso fin aritu ostean. Antxoko kirol elkartetik jakinarazi dute taldearen aurkezpena hilaren 31n egingo dutela, 10:30ean, Don Boscoko Jesus Mari Zamora futbol zelaian.
Ekitaldia 10:30ean hasiko da. Jokalariak banan-banan aurkeztuko dituztela iragarri dute Pasaiako kideek. Horren ondoren, sasoi aurreko partida jokatuko dute Vitoria CD taldearen kontra (Eibarren harrobiko taldea da).
Gainera, antxotarrek lagun asko izango dituzte ekitaldian, gonbidatu bezala. Tartean, izen esanguratsu asko: Jose Mari Martinez Pasaiako eta Realeko jokalari ohia,; Alberto Lopez antxotarrekin aritutakoa eta Realeko atezain izandakoa; Luis Llopis, hura ere elastiko zuri-gorria eta Realeko atezainen entrenatzailea; eta Patxi Gabilondo, Gipuzkoako Futbol Federazioko idazkari ohi, Pasaiako jokalari ohi, eta Realeko zuzendaritzako ordezkaria.
Antxotarrei ekitaldira bertaratzeko eskatu diete.