«Kirolak izugarrizko askatasuna ematen dit; ondo pasatzen dut»
Garun paralisia du Ander Goenaga gazte errenteriarrak. Duela bi urte hasi zen surf egokitua egiten, eta Espainiako Txapelketan bigarren eta Europakoan hirugarren sailkatu berri da.
Duela hiru urte hasi zen surf egokituan Ander Goenaga (Errenteria-Orereta, 2004). Ez zitzaion gehiegi kostatu, batez ere, askatasuna ematen diolako olatu gainean ibiltzeak. Maiatzean, Espainiako Txapelketan bigarren sailkatu zen, eta hilabete honetan jokatu den Europakoan hirugarren sailkatu da. Surfarekin gozatzen duela dio, eta gainera, egiten duena kirol egokitua ikusarazteko balio duen zalantzarik ez du. Iñaki Beloki du laguntzailea, olatuetaraino heltzen lagundu eta haien barruan nola mugitu esaten diona.
Goenagaren amak, Marian Martinezek (Errenteria, 1972) bitartekoak eskatu ditu aniztasun funtzionala duten haur, gazte zein helduek kirolera hurbiltzeko aukera izan dezaten, «bide luzea dago oraindik ere egiteko; laguntza nahikorik ez da, eta jendeak ez du kirol egokitua ezagutzen eta jarraitzen». Hurrengo erronka Espainiako Txapelketa irabaztea du, Europakoa eta Mundukoa jokatzeko.
Nola heldu zinen surfera?
Ander Goenaga: Seigarren mailan egin nuen lehenengoz surfa Orereta Ikastolarekin egindako ikastaro batean. Ez nuen jarraitu orduan, ez nintzelako engantxatu. Ni nenbilen kirol taldean surf egokituaren gaineko ate irekiak egin zituzten, Aitor Francesenak eta Alvin Bayonak antolatuta, Pukasekin elkarlanean. Probatzeko aukera eman zidaten eta hor engantxatu nintzen.
Espainiako Txapelketan bigarren, eta nazioartekoan hirugarren sailkatu zara. Espero zenuen iritsi zaren lekura iristea?
Goenaga: Ez. Gehienbat, dibertigarria zelako erabaki nuen hastea, sentsazioa oso ona delako, ez nuen espero honaino heltzea.
Eta zer suposatu du zuretzat txapelketa hauetan marka horiek lortzeak?
Goenaga: Oso pozik nago, egia esan, aukera polita da. Ez da bakarrik txapelketan emaitza ona izatea, bertan dagoen elkartasuna eta kirolarien arteko giroa oso polita da.
Hainbat kirol ikusaraztea zaila da; zer esanik ez kirol egokitua. Hainbat elkarteren lanak, eta zuen lorpenek, lehen lerroan jartzen ari dira kirol egokitua. Nola ikusten duzu?
Goenaga: Elkarteak eta elkarteak daude. Batzuk emaitzak nahi dituzte, eta beste batzuk hasieratik laguntzen dizute, denean bezala. Euskal Herrian, ez bakarrik kirolean, zure egunerokotasunean behar dituzun gauzetarako laguntza badago, gurpildun aulkiak eta, baina beste batzuetan, bainu egokiturako anfibioak lortzea, adibidez, oso zaila da.
Marian Martinez: Sopelako hondartzan urte osoan dituzte halako lau, eta Kontxako hondartzan badago, baina ez Zurriolan. Lehenengo eskaera hori dut egiteko. Eskerrak ematea ezinbestekoa da Mindara eta Ostadar taldeei, eta inklusioaren alde lanean ari diren elkarteei esfortzu izugarria egiten dutelako ikusarazteko, gizarteratzeko kirol egokitua eta horretan ari diren kirolariak. Halere, lan handia dago egiteko. Kirol egokitua, berez, oso garestia da, surfa izan, eslaloma, saskibaloia… dirutza balio duten gurpildun aulkiak behar dira horretarako, jendea eraman eta ekartzeko furgoneta egokituak ere behar dira, ezin dute bakarrik bidaiatu. Laguntzak behar dira. Emakumeekin gertatzen dena gertatzen da hemen, kirolean gertatzen dena oro har, kirol erregea futbola da eta gizonena, eta kirol egokitua ez du ezagutzen jendeak, ez da ikustera joaten, bakarrik senideak izaten gara. Uste dut instituzioek paper aktiboagoa behar dutela kontu honetan, gehiago lagundu behar dutela kirol egokitua. Ikusarazi behar da gehiago, baita lagundu ere.
Goenaga: Ziur naiz izango dela jendea gogoekin gelditzen dena, kirolean arituko zena gustura baina ez daukana laguntzarik, ez dakiena nora jo.
Zer suposatzen du kirolak zuretzat, zer ekarpen egiten dizu?
Goenaga: Kirolak izugarrizko askatasuna ematen dit. Urteak egon naiz Eskola Kirola egiten; besteak baino beherago nago eta ez zaude, beraz, besteekin jokoan. Orain, berriz, aske sentitzen naiz, gustura egiten dudanarekin, oso ondo pasatzen dut eta ikusten dut ahaleginak merezi duela.
Nolakoak dira entrenamenduak, zer egiten duzu txapelketa bat prestatzeko?
Goenaga: Astean behin edo bitan joaten naiz hondartzara entrenatzera, nire egoeraren arabera. Opor garaian errazagoa da joatea. Iñaki Beloki dut begirale, eta beti lasaitzeko esaten dit. Beti dago nirekin, berak esaten dit nola hartu olatuak, eta horrela prestatzen naiz, arituaz, uda nahiz negua izan.
Martinez: Bi urte darama entrenatzen, eta hasi zenean pentsatu nuen udan bakarrik joango zela, negu gorrian ez zela joango. Bere kategorian AS5n, olatuak hartu bai, baina beraiek bakarrik olatura sartzeko besoetan nahikoa indarra ez dutenak aritzen dira. Begiraleak sartzen laguntzen dio, olatua aukeratzen dio, bultzatzen du, eta gero esaten dio nondik nora ibili behar duen.
Zaila da?
Goenaga: Hasieran zaila da. Ez dakizu nola egin eta gainera taula handia jartzen dizute; kontrolatzea ezinezkoa da, eta poliki-poliki joan behar duzu zure baldintzetara egokitzen den taula aurkitu arte. Bakoitzak elbarritasun bat du, eta horren arabera bakoitzak bere trukoak.
Nola heldu zinen Ostadar Lasarteko kirol elkartera?
Goenaga: Bidebietako Bera-Berako Iurgi Olasagastirekin hasi nintzen, baina urteak pasa ahala, ohartu ginen ez zela bideragarria nire adinarekin bertan aritzea. Olasagastik Ostadarrekin batera abiatu zuen beste fundazio bat, eta bertan hasi nintzen kirolean.
Martinez: Edozein gaztek kirol egokitua egiteko aukera izan zezan nahi zuten, inklusioa lortu. Hasi ziren hainbat kirol elkarteekin harremanetan jartzen kirol egokituari tartea egiteko, eta Ostadar elkarteak baiezkoa eman zien. Kirolari bakoitzari kirol aukera ezberdinak eskaintzea da helburua: Ostadarrek gaur egun atletismoa, saskibaloia, boccia, eslaloma, pala, surfa, eta kayaka ditu. Saiatzen dira aukera hori ematen eta horregatik hasi ginen bertan. Bertan, saskibaloia, eslaloma, eta surfa egin ditu Anderrek.
Zein da hurrengo erronka?
Goenaga: Hurrengo ikasturtean helduko da hori, eta ondo legoke Espainiako Txapelketa irabaztea eta nazioartekora heltzea. Espainiakoa irabazten badut Europako eta Munduko txapelketara joateko aukera izango dut.
Martinez: Hori da ametsa. Hobetzen ari da eta hobetzen jarraitzeko aukera du; gaztea da.
Goenaga: Lor daiteke.
Garun paralisia duen surf egokituko Espainiako Estatuko lehen kirolaria zara.
Goenaga: Kategoria ofizialetan bai. Nazioarteko txapelketan garun paralisia duten beste bi kirolari aritu ziren probatzen, baina ez daude kategoria ofizialetan. Datozen urteetan gehiago izango dira, surf egokituaren barruan kategoria berriak sortzen ari direlako: arazo psikikoak zein elbarritasun organikoa dutenak, minbizia edo fibromialgia dutenak, eta gorrak sartu nahi dituzte. Nazioarteko txapelketan halakoak sartzea polita da, ofizialak sartuta soilik asko mugatzen dituzulako; zabalduta elbarritasun gehiago txertatzeko aukera duzu eta inklusiboagoa da. Europakoan eta Mundukoan ez daude aipatu ditudan kategoriak, eta jende asko kanpoan gelditzen da. Pena da.
Beste kirolak egin dituzu. Surfa gehiago gustatzen zaizu?
Goenaga: Ezberdinak dira. Saskibaloia talde kirola da, eta surfa bakarkakoa, ezin ditut konparatu. Biak asko gustatzen zaizkit.
Martinez: Aurten ere aritu da euskal selekzioarekin saskibaloian.
Erabiltzen duzun materiala berezia da. Zaila da egokitzea material hori zure beharretara?
Martinez: Material guztia Pukasek uzten digu, guk ez dugu material propiorik. Anderrek espastizidadea du besoetan eta hanketan. Nik jantzi eta eranzten dut txapelketetarako eta entrenamenduetarako, eta bustia dagoenean oso zaila da trajea jartzea. Ikusi dugu badirela kremailera duten batzuk. Badaukagu aukera materiala hobetu eta errazagoa egiteko dena; helburua, surfarekin jarraitzen badu eta bidaiatu behar badu handitzen denean, bera bakarrik joatea da, bere autonomia bilatu behar duelako.
Zergatik egin kirola, zertan laguntzen dizu zuri?
Goenaga: Ez da bakarrik nahi izatea, gustukoa izatea… lagungarria ere bada. Nire kasuan, katarro asko hartzen ditut eta lagundu dit horiek gutxitzen. Kirolak laguntzen du gorputza lantzen, mugimenduak egiten, osasungarria da eta aldi berean dibertigarria.
Garun paralisiak nola eragiten dizu?
Goenaga: Garun paralisiak mugimendu batzuetan urritasuna eragiten dit, zaildu egiten ditu, giharretan kontrakzioak eragiten dizkidan indar bat dudalako.
Martinez: Demagun sokak tendoiak direla; horietako bat denbora guztian dago tenkatua, buruak ordenua gaizki ematen diolako. Tendoia beti dago tentsioan, eta ondorioz, besoko zein hanketako mugimenduak ez dira askeak, eta bizkarrean ere ez du indarrik. Lortu du ibiltzea, eta hori asko da jada, baina mugatzen dizkio mugimenduak orkatiletan, eta eskuetan. Kirola egiteak indarra eman dio fisikoki, gorputza lantzen du, motibatzen du, ilusionatzen du, eta hori oso garrantzitsua da.