«Plastikoaren ondorioez jabetu behar du jendeak»
‘Mater’ museo ontzia jaiez jai ari da. Santurtzin, Mutrikun eta Donostian egon ondoren, Pasaian ari da aurkezten herriko jaietan Zero Zabor Uretan egitasmoa.
Zer da Zero Zabor Uretan egitasmoa?
Itsasoan etengabe pilatzen ari diren hondakinen arazoa gizarteratu nahi dugu. Zaborra, kontrolik gabe ibai eta itsasoetara iristearen zergatiak azaldu nahi ditugu, arazoari behar bezalako garrantzia emateko eta horri aurre egiteko konponbideak bilatu nahi ditugu.
Mater Museoaz gain, zein eragilek hartzen dute parte?
Hainbat urte eman ditugu itsasoko hondakinen gaia lantzen, eta nahiko eskarmentua dugu. Proiektua hainbat deialditan aurkeztu dugu, tartean Kutxa Ekoguneak eskainitako diru laguntzen deialdira. Haiek lagundu digute Gipuzkoako herrietan egin ditugun jardunaldiak antolatzen. Eusko Jaurlaritza bera ere, gure lan ildoen berri izatean, proiektura atxiki egin zen, Jaurlaritzako ingurumen politikekin bat egiten baitu. Geoparkea eta Libera proiektuaren babesa ere jaso dugu, eta tira, denen artean, poliki-poliki, Zero Zabor Uretan egitasmoa aurrera atera dugu.
Argazki lehiaketa bat ere antolatu duzue, zein da helburua?
Gure helburu nagusietako bat da itsasoko zaborraren aferari ikusgarritasuna ematea, eta argazkiek aukera hori ematen digute, bereziki sare sozialen bidez. Argazkian agertzen dena egileen esku egongo da, baina itsasora iristen den zaborrean izan behar du testuingurua.
«Itsasoan pilatzen ari diren hondakinen arazoa gizarteratu nahi dugu»
Lor dezakegun oihartzunaz gain, herritarren parte hartzea sustatzeko eta haien gogoetak jasotzeko modu aproposa iruditzen zaigu. Hiritarrek egin ditzaketen ekarpenez jabetzea nahi dugu, jakin dezaten arazoaren parte direla, baina konponbidearen gakoa ere izan daitezkeela.
Euskal kostaldeko hainbat herritan egon zarete, eta asteazkenaz geroztik, Pasaian zaudete. Zer nolako harrera egin dizuete?
Oso ona, ezin gara kexatu. Mutrikun, esaterako, jendeak oso pozik hartu du gure ontziaren bisita. Portuko bazter batean egon arren, jende ugari hurbildu zaigu jakin-minez. Boluntarioen ekarpenekin ere oso gustura gaude, jendeak gogotsu parte hartu baitu antolatu ditugun tailer eta ikastaroetan. Zerbait egiteko prest dagoen jende ugari etorri da, oso garrantzitsua da hori.
Baina badirudi herriko jaietan sentsibilizazioak kale egiten duela, hondakinen kopurua izugarri areagotzen da eta.
Herriko jaiek jende pilaketak ekartzen dituzte, hori da arazo nagusia. Norbera bere etxean zaborraz arduratzea errazagoa da milaka pertsonen hondakinez arduratzea baino.
Etorkizunean gauzak aldatuko dira, besteak beste, plastikoaren erabilerari dagokion araudia gogortuko dutelako. Dena dela, gure iritziz, gaur egun normaltzat ditugun jokabide batzuk aldatzean datza gakoa. Data bereziak izan ala ez, zaborra lurrera botatzeko ohitura hartzen badugu, jai dugu. Ez dugu pentsatu behar beste batek garbituko duela, guk sortutako hondakinaz gu geu arduratu behar garela barneratu behar dugu.
Erakunde publikoek eta enpresek arduragabe jokatzen dutela esan daiteke?
Noski baietz, sistema osoa aldatu behar dugu. Baina funtsezkoa da kontsumitzaileok aldaketa horretan izan dezakegun garrantziaz jabetzea. Biztanleriak kontsumo eredua aldatuko balu, enpresak azkar asko moldatuko lirateke gure beharretara, hau da, zabor gutxiago eragingo lukete. Gizarteak aisialdi eredu jasangarriagoa eskatzen badu, haiek kasu egin beharko dute.
Datuen arabera, zabor gehiena itsasoaren hondoan pilatzen da. Pasaiako portua zabortegi erraldoi bat da?
Egia esan, itsas hondoan dagoen zaborraz, ezjakintasun handia dago eta ezinezkoa da jakitea zehazki zer dagoen. Guk urpeko zabor bilketak egiten ditugu maiz, hurrengo astean adibidez, Alabortzako kala garbitzen ibiliko gara. Zabor mordoa ateratzen dugu, plastikoak batez ere.
Pasaiako badiatik irtetean, egoera bestelakoa da. Plataforma kontinentalak 200 metroko sakonera du, nor jaitsi daiteke hori garbitzera? Gaur egun ez ditugu sakonera horretan zaborra biltzeko baliabideak. Baina itsas hondoan zaborra dagoela badakizu. 11.000 metroko sakonera duen Marianetako itsas hobian zaborra topatu dute. Oraingoz ezin gara sakonera handiko itsas hondora iritsi, baina zaborraren jatorrira jo dezakegu. Itsasora iristen diren hondakin gehienak ibaien bidez iristen dira, hortaz, oso garrantzitsua da ibaien arroak arreta handiz zaintzea. Hori dela-eta hurrengo urtetik aurrera, Oiartzun ibaiko arroa garbi mantentzeko proiektua abiaraziko dugu, badiara iristen den zabor kopurua murrizteko modurik eraginkorrena baita.
Zer zabor mota iristen da bertako kostaldera, eta nondik dator?
Korrontearen arabera, leku batetik ala bestetik iritsiko da. Aurreko hilabetean ekialdeko haizeak gogotik jo zuen eta gu nabigatzen ari ginela frantziar jatorria zuen 300 kilo zabor jaso genituen. Auskalo noiztik dauden hondakin horiek itsasoan, izan ere, lanpernak haziak ziren hondakinetan. Hala ere, ezohiko egoera izan zen hura, gure korronte eta haizeteek ez baitute horrela jotzen.
«Gure kostaldean agertzen den zabor gehiena guk sortutakoa da»
Gure kostaldean agertzen den zabor gehiena guk sortutakoa da. Jaizkibelen, adibidez, urtero topatzen dugu arrantzarako material asko. Denetarik topa dezakegu, bereziki mota guztietako plastikoak. Jendeak plastikoaren ondorioen berri izan behar du, ez baita inoiz guztiz desagertzen. Oraindik ere sortutako lehen plastikozko poltsa arnasten ari gara.
Nola eragiten dio itsas zaborrak ekosistemari eta gure osasunari?
Gizakiok ekosistemen parte garen heinean, ingurumenean pilatutako hondakinek gure bizitza kalitateari eragiten diote ezinbestean. Baliteke guk ez antzematea ondorioak, baina gure ondorengoek jasan beharko dituzte. Onartezina da etorkizuneko belaunaldiek gure utzikeriaren ondorioak jasatea.
Gaur egun badakigu hondakinek kalteak eragiten dituztela ingurumenean, eta hondakin horiek ez direla suntsitzen, baizik eta nonbait pilatzen direla.
Arazoak arazo, egoerak hobera egin duela uste duzue?
Jendearen erantzunari dagokionez, aldaketa bat nabaritu dugu. Inork ez du itsas hondakinen afera ukatzen. Jendea gogotsu dago, eta ahal den neurrian, ekarpenak egin nahi dituzte, baina ez dakite nola. Jendarteak argi du ingurumen krisialdi batean murgilduta gaudela, eta produkzio ereduak kale egin duela. Egoera larria da, baina jendea gauzak iraultzeko prest dagoen bitartean, esperantza badago.