ETE Liga irabazita, Kontxara heltzea jomugan
ETE Liga irabazi du Hibaikak, atzo etxean jokatuta estropadako bandera irabazita. 150 puntu lortu dituzte Madalen ontziko arraunlariek. Ostegunean jokatuko da Donostian Kontxarako sailkapen estropada. Argi dio Amaia Gezala entrenatzaileak, "dena ematera joango gara, borrokatzera".
ETE Liga irabazi du Hibaikak, atzo etxean jokatutako estropadako bandera irabazita. 150 puntu lortu dituzte Madalen ontziko arraunlariek, eta zazpi puntuko aldea atera ETE Ligako bigarren sailkatutako Zumaiari. Batelerak 40 puntura gelditu dira sailkapenean liga amaituta.
Harrera ederra egin zieten Hibaikako arraunlarien atzo bertan Errenteriako Udalean eta hamarnaka herritar bildu ziren Herriko Plazan. ETE Liga irabazteak eragin dien pozaren ajearekin, Kontxa dute jomuga orain, eta orain arte bezala, osteguneko hitzorduan Donostiako Badiako uretan dena emango dutela esan du Amaia Gezala Madalen ontziko tripulazioaren entrenatzaileak.
Ligari begira irakurketa oso positiboa egin du Gezalak: “Goian aritzea genuen helburua eta borrokatzea Euskotreneko play offera joateko eta ikusi dugunean helburu hori beteta zegoela eta aukerak genituela liga irabazteko, horretara joan gara. Atzo liga etxean irabaztea, gainera bandera irabazita eta lagun eta familiartekoen artean oso hunkigarria eta polita izan zen”.
Udalak harrera egin zien, baita herritarrek ere. Oso hunkigarria izan zela une hori esan du eta aurretik dagoeneko bizitzen hasi zirela estropada amaitu baino bi minutu lehenagotik esan zietelako liga eskuan zutela, beraiena zela ia, “arraunean bertan nabaria zen emozio hori. Animo ugari entzuten genuen kanpotik, denok batera arraun egin genuela uste dut, zaleek eta guk. Harrera oso polita izan zen eta eskertzekoa udalari”.
Lehen denboraldia du Gezalak Hibaikako emakumeen trainerua prestatzen, eta lehenengo emakumea da Madalen ontzia gidatzen. Aurretik arraunean ibilia da bertan urte luzez, eta lehen eskutik ezagutzen du, beraz, kluba eta ontzia bera. Emaitzaren meritua berari ere badagokion zalantzarik ez da, berak bestela ikusten badu ere: “Nik azkenean egin dudana da talde hau gidatu ahalik eta zuzenenetik eraman; izugarri pozik nago taldeak nola erantzun duen ikusita, eta momentuz lortutako helburuekin”.
Ostegunean jokatuko da Donostian Kontxarako sailkapen estropada. Argi dio, “dena ematera joango gara, borrokatzera; badakigu ez dela batere erraza izango talde asko gaudelako maila nahikoa antzekoan Euskotrenen, ETE Ligan eta Galiziakoan ere eta hor izango dira hiru edo lau postu oso borrokatuak eta gu horretara joango gara gure onena ematera. Nahi genuke Kontxan izan”. Orio eta Arraun Lagunak puntu bat gorago daudela erakutsi dutela nabarmendu du Gezalak, “horrekin batera bost sei ontzi daude borrokan hiru lau plazetarako, eta Galiziatik datozenak ere bai, Mecos eta Riveira oso indartsu datoz. Euskotren Ligatik Hondarribia, ETE Ligako Zumaia eta San Juan… Saltsa dezentekoa izango da ostegunean”.
Aurreko denboraldian Madalen ontzia zintzilikatzeko puntuan izan zen Hibaika, baina azkenean uretara ateratzea lortu zuten harrobitik tiraka. Aurrekoan bezala, denboraldi honetan ere arraunlari beteranoak eta oso arraunlari gazteak aritu dira. Madalen ontziak eta tripulazioak azken bi denboraldietan egindako bideaz galdetuta, belaunaldi aldaketa izan dela Hibaikan dio, “gure taldearentzat, helduenentzat oso polita izan da ikustea nola konpartitu dugun gazteenekin guk bizitutako beste momentuak, gure esperientziak; hori bete da beraiek ekarri duten indarrarekin, beren freskotasunarekin eta daukaten borrokatzeko grina horrekin, benetan taldeak zerbait baldin badu, hori delako, oso borrokalaria dela. Azkenean gara adin ezberdinetako emakumeak, emakume oso ezberdinak, eta tostak dira gure topalekua. Oso polita izan da”.
Esker ona adierazteko tartea hartu du Gezalak, eta gogoan izan ditu zaleak, udala, “atzoko estropada antolatzeko egindako lan guztiagatik”, zuzendaritzako kideak, baita Hibaikako arraunlari guztiak ere: “Hibaika egiten dugun guztioi esan ostegunean Donostian topatuko garela Kontxako sailkapen estropadan eta guztion artean egingo dugula egin beharrekoa”.