Garmendia eta Isasak bina munduko txapelketa lortu dituzte, kenpo kain
Honbu elkarteko bi borrokalariek taldekako proban eta defentsa pertsonalean lortu dituzte urrezko dominak, Japonian.
Abuztuaren 11n, Oiartzungo Honbu elkarteko bi kidek parte hartu zuten Munduko Kenpo Kai Txapelketan, Hamamatsun (Japonian). Alain Isasak bosgarren txapelketa zuen, eta Emma Garmendiak bigarrena.
Isasak bakarkako borrokan parte hartu zuen, baita taldekako proban eta defentsa pertsonalean ere. Garmendiak, berriz, katan, taldekako borrokan eta defentsa pertsonalean. Taldekako proban eta defentsa pertsonalean irabazi dute biek ala biek, bakoitzak bere kategorian.
Isasak esan duenez, oso kontent daude, eta Oiartzun bezalako herri bateko taldearentzat munduko bi txapeldun izatea ohorea dela. “Marka da, bai. Horrelako emaitzekin ikusten da Oiartzungo taldeak indarra duela, eta mundu mailan indartsuenetakoa dela”. Horrek, noski, klubeko kideak akuilatzen ditu: “Motibazio gisa balio du. Ikusten duzu taldekideek zein emaitza lortu dituzten ia-ia entrenamendu berberak egiten, eta haiek ere posible duela. Uste dut balio diela”.
Isasak esan duenez, dominak irabaztea ez da zorte kontua, egindako lanaren emaitza dela. “Beti badago zortearen faktore hori”, zehaztu du, “baina atzetik beti badago lan on bat. Egindako esfortzuak baduela sari bat ikusten duzu. Adibidez, denboraldi erdian kuadrillakoekin afaria duzu, baina igandean entrenatzera joan behar duzu… Esfortzu hori egin behar duzu, eta zure buruari esaten diozu ‘eskerrak egin nuela!’”.
Dominen bilduma
Isasak bosgarren urrezko domina lortu du munduko txapelketetan. 2007 urtean, 2010ean eta 2016ean domina bana lortu zuen —2013koan ez zuen zintzilikatu—, eta aurtengoan bi poltsikoratu ditu. Batez beste domina bana lortu du txapelketa bakoitzean.
Media hobea dauka, 14 urterekin, Emma Garmendiak. Bigarren parte-hartzea du, eta hiru urrezko domina lortu ditu, 2016koari aurtengo parea gehituta. Etorkizun handia du aurretik.
Isasaren kasuan, hamabi urte darama munduko txapelketetan parte hartzen, eta egun, 26 urterekin, ibilbide pixka bat baduela aitortu du. “Futbolarien ibilbidearekin alderatuko nuke. 30 urtetik gora nabaritzen da; izan duzun karrera eta lesioak kontuan hartu behar dira. Nire kasuan, behintzat, 30 urtetik aurrera, gutxi”, esan du. Seigarren mundu txapelketa batean parte hartzea litekeena dela esan du, baina 2022a oraindik urrun gelditzen dela.
Eskola eman
Domina lortzea ez ezik, bada Isasa asebete duen beste zerbait: eskolak ematea. “Entrenamenduak egin genituen han, eta nire sorpresarako”, jakinarazi du Isasak, “momentu batean egokitu zitzaidan entrenamendua zuzentzea”. Presio ikaragarria izan zuela aitortu du, “kenpo kaiko maisurik handienaren” begiradapean. “Nonbait gustatu zitzaion, eta ni kontent. Izan dudan esperientziarik onenetako bat izan da. Beti duzu buruan akatsa egiteko beldurra, eta urduritasun horrekin oso gaizki pasatzen dut. Baina ongi atera zen”.
Etorkizunari begira, Isasak gelditzen zaizkion opor egun apurrak aprobetxatzen saiatuko da, eta urtea nahiko lasai hartuko duela, lesio batzuk izan dituelako. Gainera, datorren asteartean entrenamenduak zuzentzen hasiko da, eta alde pertsonaletik, gimnasio bat zabaldu nahi du. Agian munduko txapelketan domina lortzea baino zailago suerta dakioke…