Zamaontzi baten kareak eragindako kutsadura salatu du Eguzki Taldeak
Kutsadura kasua aurreko astean eman zen Pasaiako Portuan, Donostiako Buenavista auzoaren aurrean, Antxotik metro eskasera. Hainbat bizilagunek eztarrian azkura sentitu zutela jakinarazi dute.
Pasaiako Portuan emandako beste kutsadura kasu bat salatu du Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak. Tamalgarritzat dute egoera, elkartearen iritziz, portuan jarduten duten enpresek sarritan urratzen baitute ingurumen araudia.
Zamaontzi batek ekarritako kareak eragin zuen kutsadura. Behar bezalako neurririk ez zuten hartu karea deskargatzerakoan eta ondorioz, haizeak kare asko eraman zuen, inguruko leiho auto eta kaleetara iritsiz. Elkartearen arabera, Buenavistako hainbat bizilagunek eztarrian azkura sentitu zuten eta oro har, auzokoek leihoak bi egunez itxi behar izan zituzten.
Iruzurrean aritzea egotzi dio Eguzkik Pasaiako Portu Agintaritzari, izan ere, harrotasunez diote ingurumen araudia errespetatzen dutela, nahiz eta errealitatea bestelakoa izan. Era berean, Portuko Administrazio Kontseiluko kide diren erakundeak, Pasaia eta Errenteria-Oreretako udalak tartean, joko hipokrita horren parte direla adierazi dute, ezikusiarena egiteagatik.
Egoera bideraezina delakoan, erakundeei zintzo jokatzeko eskatzen diete eta dagokien erantzukizuna haien gain hartzea, herritarren osasuna arriskuan jarri ez dadin.