Urrezkoak dituzte ahotsak
Aurretik zituen hamalau sariei, beste hiru gehitu dizkio Landarbasok, tartean bere historian lortu duen handiena: Baliko Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketako Grand Prixa. Lanaren emaitza da, eta batez ere ilusioarena.
Urrezkoak. Halakoak dira Landarbaso Abesbatza osatzen duten kideen ahotsak. Baliko Nazioarteko abesbatzen lehiaketan izan dira errenteriarrak, eta bi urrezko domina eta txapelketaren garaikurrarekin itzuli dira Indonesiatik etxera. Pozik, harro eta egindako lanak fruitua eman duen sentsazio betearekin itzuli gainera, Iñaki Tolaretxipi zuzendariak azaldu duenez, «hilabetez egunero entseguak egiten aritu gara eta aurretik ere lan handia egin dugu txapelketa prestatzeko».
Kalitate goreneko 104 abesbatzekin partekatu zuen agertokia Landarbaso Abesbatzak, eta gorenetan gorenena dela erakutsi du. Aurretik ere hala azaldu du herrian, kalitate gorenekoa dela abesbatza artistikoan, eta baita humanoan ere. Asian antolatutako lehiaketen artetik garrantzitsuenetako bat da Bandung Choral Societyk antolatzen duen Baliko Nazioarteko Abesbatzen Jaialdia, «Singapur eta Taiwango abesbatzen lehiaketen ondotik garrantzitsuena da, eta sona handia du».
Landarbaso Abesbatzaren 38 abeslari izan ziren lehiaketan, eta bi modalitatetan aritu dira, erlijio musikan eta abesbatza mistoetan, «ez zegoen lehiaketaren barruan bi kategoria baino gehiagotan lehiatzeko aukerarik», azaldu du Tolaretxipik. Bietan bikain aritu dira lehenengo postua eskuratu baitute, eta urrezko dominak etxera ekarri. Bi urrezko dominez gain, modalitate guztietako abesbatza irabazleen artean jokatutako finala, Grand Prixa ere irabazi du, «nazioarteko beste sari batzuk baditugu, baina hau da Landarbaso Abesbatzak jaso duen saririk handiena, eta izugarria izan da guretzat».
Lan handia atzean
Uztailean Bali aldera irten zirenean ez zutela halako emaitzarik espero aitortu du zuzendariak, «erlijio musikan banekien oso ondo ibiliko ginela, oso ondo prestatu ginelako bereziki, eta saria espero nuen kategoria horretan, baina ez urrea lortzea, eta bietan gainera. Hori da esatea onena zarela, zure aurretik ez dagoela inor, eta izugarria da».
Garaipen handiak eragin dien ajearekin, baina, oinak lurrean ditu Tolaretxipik, «galtzen eta irabazten jakin behar da, harro lortutakoarekin, baina aldi berean umil. Hala ere, halako garaipena ospatu behar dugu zalantzarik gabe».
Asiako Abesbatzen Lehiaketaren final handia 2021ean jokatuko da, Balin zehazki, eta horrenbestez, Landarbaso abesbatzak bertan aritzeko eskubidea lortu du.
Nazioarteko hamalau sari zituen Landarbasok orain arte, eta uztailean hiru gehiago lortu ditu Balin, «Gran Prixa inoiz lortu dugun inportanteena izan da; ez hori bakarrik, euskal talde batek bere historian izan duen garrantzitsuenetarikoa ere bada. Beste bi abesbatzek lortu dutenarekin konparagarria da: 1991ean Varnako (Bulgaria) Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan polifonia atalean lehen saria, eta folklore atalean ere lehen saria eskuratu zuen Tolosako Hodeiertz Abesbatzak, baita sari nagusia eta zuzendari onenaren saria ere. Kup talde tolosarrak, berriz, 2009an Malborren (Eslovenia) jokatutako Nazioarteko Abesbatzen Txapelketan lehen saria irabazi zuen. Horietaz aparte ez dago historian Grand Prix bat irabazi duen beste euskal talderik, gu hirurak baino ez, eta hori ere kontuan hartzekoa da».
Oporrak amaitzeko gogorik ez, baina taldea berriz ikusi, lortutakoaz hitz egin, eta elkartzeko gogoz dagoela esan du Tolaretxipik: «Iraileko lehen larunbatean egingo dugu ikasturteko lehen entsegua, eta bete-betean sartuko gara entseguetan lehen kontzertua Donostiako Zinemaldiaren barruan dugulako Euskadiko Orkestrarekin, irailaren 21ean belodromoan».
Dudarik ez du lortu berri dituzten sariek ate gehiago zabalduko dizkiola gidatzen duen Landarbaso Abesbatzari, eta beste eremuetara heltzeko aukera ere emango diola, «zalantzarik ez dut hala izango dela.Taldeak beste urrats bat aurrera egin du Baliko lehiaketaren emaitzaren ostean».
Aitortu du ere, 2021ean Balira itzuli beharrak, aurretik programatuta zutena hankaz gora jarri diela; ziur ez zaiela gehiegi axola, «hemendik aurrera zer egingo dugun pentsatu behar dugu, batez ere arlo ekonomikoari dagokionean Balira joateko asko aurreztu dugulako, eta bi urte barru berriz ere joan behar dugu, aurrezten hasi behar garelako. Buelta asko eman behar dizkiogu gaiari».
Ilusioa, gakoa
Lana da gakoa, taldearen egonkortasuna ere, zalantzarik gabe, eta bideak hori erakutsi diela dio Tolaretxipik; hala ere, beste osagai garrantzitsua erantsi dio Landarbasoren arrakasta eta ibilbidea ulertzeko ezinbestekoa dena: «Ilusioa».
Euskal doinuak finaleraino eramateko zuten ametsa bete zuten Landarbasotik Indonesiara joandako 38 abeslariek eta zuzendariak: «Bi kanta abestu behar genituen: Lau teilatu eta Pater Noster. Bietako batek gure musika izan behar zuen zalantzarik ez genuen, eta horrekin irabazi genuen».