'Infernuko hauspoa' jotzen ikasteko aukera, Elizalden
Auntxa Trikiti Eskolak soinu txikia jotzen ikasteko aukera emango du aurtengo ikasturte honetan. Asteartetan elkartuko dira.
Ekainean egindako trikiti jaialdiaren irudia. Ikasturte hasiera honetan ikastaroa eskaintzak ugaritu egiten dira. Horietako bat da Auntxa Trikiti Eskolarena. Beste urte batez, trikitia eta panderoa jotzen ikasteko saioak emango dituzte astearte arratsaldetan, azken ikasturtetan egin ohi izan duten bezala.
Elizalde Herri Eskolan ematen dituzte saioak, sei urtetik gorako ikasleei. Hala ere, Iñaki Aranaga irakasleak—berak emango ditu eskolak— zehaztu duenez, helduek ere jasotzen dituzte eskolak.
Irakasteko garaian hainbat metodologia erabiltzen dituztela azaldu du Aranagak, ikasleen gaitasunak ahalik eta modu onenean garatu ahal izateko: zenbakien bidez, aurrez aurre, solfeoarekin…
Informazio gehiago behar duenak, astearte arratsaldetan jo dezake Elizalde Herri Eskolara. Bestela, honako telefono zenbakietara dei daiteke: 943 61 88 39 edo 615 79 05 10.
