Onintza Ostolazari babesa adierazteko elkartasun maratoia egingo dute
Ostiral arratsaldean hainbat ekitaldi egingo dituzte, 11/13 sumarioan auzipetuta dagoen abokatu oiartzuarrari babesa emateko.
Hilaren 16an hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 47 herritarren kontrako epaiketa. Euskal presoei modu batera edo bestera —medikuak, abokatuak, Herrira, senideak…— emandako sostengua epaituko dute.
47 euskal herritar horietako bat Onintza Ostolaza abokatu oiartzuarra da. 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten, euskal presoen hainbat abokaturekin batera. 11 urteko kartzela zigorra eskatzen dute haren kontra.
Ostolazari babesa emateko asmoz, Elkartasun Maratoia antolatu dute Oiartzunen, datorren ostiralerako (hilak 6). Horrela, auzipetuen herri guztietan egingo diren mobilizazio dinamikarekin bat egingo dute oiartzuarrek.
17:00etatik aurrera, Oiartzungo Done Eztebe plaza giro polita sortuko da, eta horretarako, hainbat sortzailek beren uzta partekatuko dute bertara hurbiltzen direnekin: Ibargaingo musikariak (17:00), Maider Zabalegi (17:15), Olarri dantza taldea (17:30), Ekain eta Malen (17:45), Gotzon Autobus magikoa (18:00), June Galardi (18:15), bertsolariak (18:30) eta Beira (18:45). 19:00etatik aurrera, mosaikoa egingo dute, eta ondoren erraldoiek dantza egingo dute.
Elkartasun tanta horiek itsaso bihurtuko dira hilaren 14an. Egun horretan, manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean Casillatik abiatuta. Horrez gain, 47 auzipetuen aldeko manifestua izenpetu daiteke.