Pasaiako Euskaltegiak berritasunekin datoz
Zabalik da Euskaltegietan izena emateko epea. Aurten euskara ikasi nahi duten gurasoei erraztasunak emango zaizkie, baita ikasitakoa seme alabekin lantzeko aukera ere.
Hasi da ikasturte berria eta ‘mundu berri bat duzu zain lelopean’, Pasai Antxoko Txirrita AEK eta Pasaiako Udal Euskaltegia martxan jarri dira, geroz eta pasaitar gehiago Euskaragile izan daitezen. Ohi bezala, interesdunek Euskaltegietan eta Pasaiako HAZ bulegoetan izena eman ahalko dute.
Helburu hori lortzeko asmoz, herriko bi euskaltegiek helburu eta behar ezberdinetara egokitzen diren ikastaroak eskainiko dituzte, ordutegi malguekin eta metodologia berritzaileekin.
Era berean, egoera ekonomikoa euskara ikasteko oztopoa izan ez dadin, neurriak hartu dituzte. Pasaiako Udalak diru laguntzak eskainiko dizkie euskaltegietako ikasleei, betiere, agindutako eskola-ordu kopurua betetzen badituzte. Diru-sarreren Bermatzeko Errenta zein Giza Larrialdietako Laguntza jasotzen dutenek eta langabetuek bestalde, matrikularen %20a ordaindu beharko dute besterik ez. Gainera, asistentziaren baldintza betetzen badute, Udalak kopuru hori ere itzuliko die.
Aurten familien beharrei begira jarri dira Euskaltegietan, hori dela eta, haiei egokitutako ikastaroak antolatu dituzte, gurasoek ikasitakoaz seme-alabekin goza dezaten. Gurasoek astean bi arratsaldez euskara klaseak jasoko dituzte eta astean behin, haurrak eskolatik ateratzen direnean, euskal kulturan oinarritutako saioa jasoko dute denek batera. Helburu nagusia gurasoek transmisioa lantzea da, lotsa galtzea eta bide batez, seme-alabekin euskaraz normaltasunez hitz egitea.
Ikastaro honetan partu hartu nahi dutenek, aipatutako lekuetan izena eman ahalko dute, baita Pasaiako ikastetxeetan ere. 160 euroko kostua izango du, baina kasu honetan ere, eskatutako eskola-ordu guztietara joanez gero, matrikula osoki itzuliko zaie.
Mintzamena ikastaroa bigarren aldiz eskainiko dute Pasaiako bi euskaltegiek, aurrez aurreko mintzamena hobetze aldera. 60 orduko ikastaroa, mintzatzeko gutxieneko gaitasuna duten ikasleei dago zuzendua, eta Euskaltegietan bertan egingo da. Eskola-orduak bi modutara banatzeko aukera izango dute ikasleek: bi ordu astean ikasturte osoan zehar, edota lau ordu astean urritik abendura, edota urtarriletik apirilera. Prezioa 60 eurokoa izango da.
Horiez gain, Euskaltegiek aurreko ikastaro bereziei eutsiko diete, hala nola, merkatari eta langabetuentzako ikastaro trinkoak, 16 eta 30 urte bitartekoei zuzendurikoak eta azken urteetan Pasaiara heldu berri direnentzako. Eta nola ez, ohiko ikastaroak berean jarraituko dute.
Euskaltegien eskaintza zabalaren berri izango dute pasaitarrek, egunotan etxez etxe banatzen ari diren liburuxketan eta Pasaiako Udalaren webgunean.