«Larrua utzi badut ere, ilusio gehien eragin didan erakusketa da»
Lehenengoz, soilik erretratuekin osatutako erakusketa zabalduko du argazkilari oreretarrak. Bere erakusketa guztietan bezala, argazkilariak egin du prozesu guztia.
Zu barik eztau erakusketa zabalduko du gaur J.A. Areta Goñi Juxek (Orereta, 1968) Egiako Kultur Etxean. Zuri-beltzeko 59 erretratuk osatzen dute erakusketa, eta orain arte egindakoetatik «gehien kostatu» eta «ilusio gehien» eragin diona dela dio argazkilariak. Lehen aldia da erretratuz soilik osatutako erakusketa egingo duena. Gaurtik urriaren 31ra arte bisitatu ahalko da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.
Zu barik eztau erakusketa zabalduko duzu Egiako Kultur Etxean. Zer kontatuko duzu erakusketa horretan?
Lehenengo aldia izango da erakusketa bat egingo dudana bakarrik pertsonen erretratoekin. Orain arte egin ditut beti musika taldeenak, edo bidaienak, baita erreportaje orokorragoak ere, eta honakoa, erretratu pertsonalen mostra da. Badira hamar bat urte hasi nintzela zuzeneko emanaldietako argazkiak nahasten musikarien erretratuekin.
Kontzertuetara beti joan naiz, jarraitzen dut joaten, baina zer edozer ezberdina egin nahi nuen. Musikariak oholtzatik atera eta kalera, edo backstagera ateratzen saiatu naiz. Horrela hasi nintzen zuzenekoen argazkiekin nahasten erretratuak, eta azken erakusketetan hala egin dut. Jendeak ongi hartu du, esan dit batek baino gehiagok oso ondo gelditzen dela nahasketa hori, eta hortik abiatu zen guztia. Erakusketa honetan musikariak, aktoreak, soinu teknikariak, lagunak, kontzertuetan lehen lerroan dagoen jendea, denetatik dago. Jendearen aurpegiak erakartzen didanean zerbaitegatik, beraiekin hitz egin, esaten diet nola egiten dudan lan, erakusten diet, eta erretratua egitea proposatzen diedanean, orokorrean, beti erantzuten didate baietz. Musika taldeen argazkiekin 50 edota 60 erakusketa egin ditut.
Eta inoiz ez duzu errepikatu erakusketa bat, gainera.
Hala da, beti kentzen dut argazki zaharren bat eta berriak sartzen ditut.
Horretarako material pila eta lan mordoa behar da ezta?
Lan izugarria, bai, nik errebelatzen dut materiala eta nik egiten ditut kopiak. Asteburu gehienetan kontzertuetara joaten naiz ostiraletan, larunbatetan, igandetan, eta azkenean elkartzen zaizu material pila bat. Nik gustuko dut material berria sartzea, ez egitea beti erakusketa berbera, 50 argazki sartzen baditut hamar kendu eta hogei berri sartzen ditut.
Zu barik eztau, zergatik bizkaieraz?
Bere burua eskaini duen jende horri guztiari eskerrak emateko izena jarri nahi nion erakusketari, eta fonetikoki iruditzen zait aukeratu dudanak sekulako indarra duela. Ezagutzen nuen aurretik, baina behin Gernikako Astrara joan nintzen erakusketa jartzera, eta muntatzen ari nintzela ikusi nuen pintada bat zu barik eztau jartzen zuena, eta erabaki nuen izen hori jarri behar niola erakusketari.
Zuri-beltza, beti?
Beno beti ez, baina honetarako bai, niretzako erretratua eta rock and rolla zuri-beltzak dira. Ez dut esaten ez dudala koloretan egiten eta ez dudala digitalik egiten, nik estudioa daukat eta gauza asko digitalean egiten ditut, baina nik egiten ditudan erakusketak, kamera analogikoekin egindako argazkiekin dira.
Hauek, gainera, kamera berezi batekin egin dituzu, ezta?
1960ko hamarkada hasierako Hasselblad kamera batekin egindakoak dira. Sueziarra da, negatibo handi bat ematen du, karratua, sekulako erresoluzioa ematen du, eta enkuadrea ere karratua da; erretraturako kamera hoberena da nire ustez. Lan egiteko modua ere mantsoagoa da, karreteek hamabi argazki dituzte, eta ondo pentsatu behar da argazkia. Kamera horiek, bestalde, ez dute fotometrorik, eskuz neurtu behar da argia, eta datu horiek kamerara pasa. Asmatu behar duzu dena, argia ondo neurtu behar da, enkuadrea eta enfokea oso inportanteak dira, azken batean, teknika oso inportantea da.
Hori guztia menperatzen duzunean, lortzen duzun irudiak sekulako indarra du. Ez da hobea edo okerragoa, niri hala gustatzen zait, hala ikasi nuen, eta nik bi arrazoiengatik egiten ditut argazkiak modu honetan: nik kontrolatzen dudalako prozesu osoa negatibotik azken kopiaraino, eta denbora luzatu egiten dudalako azken irudia lortu arte. Badirudi gaur egun horrek ez duela zentzurik, jendeak berehala egiten du dena; nik argazki bat lantzen bi hilabete eman ditzaket.
Lehenengo negatiboa lortu behar dut, gero likidoak prestatu azken kopia lortzeko. Bidea gustuko dut, horregatik erabaki nuen hala lan egitea. Nire erakusketak beti egin ditut horrela.
Zenbat argazki izango dira erakusketan, eta zenbat denbora eman duzu prestatzen?
59 argazki izango dira, eta otsailean hasi nintzen positibatzen. Zazpi-zortzi ordu ematen baditut laborategian halako lau argazki lortzen ditut egun ona baldin badaukat, txarra baldin badut, hiru edo bat bera ere ez.
Existitzen da argazki perfektua?
Nik beti aurkitzen diet zerbait hobetu daitekeena, oso metikulosoa naiz.
Zer da argazkilaritza zuretzat?
Nire bizimodua, egunero egiten dudana; ni egunero nago hemen laborategian. Hau nire aitonaren ikuilua izan zen, eta konpondu nuen laborategi bat egiteko.
Erakusketa honek zer suposatzen du zuretzako?
Lehenengo aldia da halako erakusketa bat, soilik erretratuena, egingo dudala, eta badakit zabalduko duela ikusleen esparrua, ez da bakarrik etorriko musika edo rock and rolla gustuko duen jendea, oraingoan ezberdina da, ez delako hori bakarrik. Nire intentzioa da erakusketa hau ahalik eta leku gehienetatik mugitzea, dagoeneko eskaini didate hiru lekutan jartzea eta asmoa dut jarraitzeko, eta ez bakarrik 59 argazkirekin, heltzen banaiz 100 erretratura, 100ekin egingo dut; horrek denbora asko eskatzen dit.
Erakusketan bideoa jarriko dugu. Laborategian egiten dudan prozesua grabatu zuten, eta nahi dut jendeak ikustea prozesu hori, nola egiten den kopia bat, jende askok ez dakielako. Prozesu guztia nik egiten dut, eta bizitza osoan gehien kostatu zaidan erakusketa hau izan da, baita ilusio gehien eragin didana ere. Ordu asko sartu ditut hemen barruan, laborategian; erakusketa honetan la