Play offa, hurrengo geltokia
Jokoan, emakumeen arraunaren goi mailan aritzea, Euskotren Ligan; edo azken bi denboralditan aritu diren bigarren mailan, ETE Ligan.
Kontxako lehen asteburuan, sailkapen estropadan bezala bikain aritu zen Hibaika. Atzoko hitzorduan maila bat beherago, baina txukun eta adorez lanean amaierara arte. Gozatzera atera ziren uretara eta hala egin duten zalantzarik ez dago; Amaia Gezalak entrenatzen dituen emakumeak gerra emateko prest azaldu ziren eta eman dute. Atzoko saioan bosgarren sailkatu zen Madalen ontzia, 11:13:12ko denbora eginda, eta garailea izan zen Oriok 27:98ko errenta aterata. Azken sailkapenean, berriz, laugarren postuan jarri dira ETE Ligaren irabazleak.
Orain, sei eguneko epean play offa dute. Hondarribia eta Zumaia izango dituzte arerio uretan, eta Errenteriakoak, Kontxan egin duten bezalaxe, dena ematera aterako dira uretara. Jokoan, emakumeen arraunaren goi mailan aritzea, Euskotren Ligan; edo azken bi denboralditan aritu diren bigarren mailan, ETE Ligan.
Kontxak eman die aukera neurtzeko, lehian izango diren beste traineruekin batera aritzeko. Kontxa bai, baina play offa zuela buruan tripulazioak esan zuen Gezalak joan den astean Kontxaren lehen saioko balorazioa egiteko unean. Hurrengo larunbata eta igandean jokatuko da play offa Kontxa tartean izanda ere hura prestatzen aritu direla aitortu zuen Gezalak, “Kontxa disfrutatzeko eta entrenamendu on bat egiteko estropada da, guk play offa dugu buruan, liga osoan horretara izan gara, txartela lortzera eta behin hor garela hori prestatzen ari gara. Kontxak balio digu aurkarien artean nola gauden ikusteko, baina benetan balio duena da play offaren atarian nola aurkitzen garen denak. Txispa hori ez galtzeko balio digu Kontxak, eta play offera ahalik eta ondoen heltzeko”.