Lezoko kultur udazkenean, 50 ekitaldi baino gehiago
Irailetik abendura musika, dantza, antzerkia, ipuin kontaketak, literatusa solasaldiak eta bestelako asko izango dira Lezoko kultur programazioan.
Goizean aurkeztu dute Lezoko Udalak udazkenerako prestatu duen kultur egitaraua. Zabala da, 50tik ekitalditik gorakoa da zerrenda. Klasikoak daude bertan (antzerkia, Lezoko Zinema Txikia, liburutegiko ipuin kontaketa eta literatura solasaldiak, dantzaldiak…), baina baita berritasunak ere. Gaurko aurkezpenean esan dutenez, berritasunen artean Katalunia, Madril, Valentzia edota Errioxatik etorritako sortzaileen ikuskizunak daude. Eta datu bat eman du Ion Pombar zinegotziak: iaz, udazkeneko programazioak, 45.000 euroko aurrekontua izan zuen; aurtengoa 90.000ekoa da bikoitza. Eskerrerako tartea ere izan da: Lezoko Zinema Ttikia egitasmoaren bihotz eta arima izan den Ager Arrietari esker on mezua zabaldu diote, egindako lanagatik. Adi: Ruper Ordorika herrian izango da, azaroaren 10ean, Gezalan.
Aurkezpenean Jesus Mari Mariarena alkatea, Ion Pombar zinegotzia, Santi Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendaria eta Lander Zurutuza Andreone Udal Liburutegiko liburuzaina izan dira. Atalka egin dute aurkezpena.
Udal erakundearen izenean, Pombarrek azaldu du udalak kulturaren alde egiten duen “apustu sendoaren” barruan kokatu behar dela Udazken Kulturala, eta programazioari entitate eta indar berezia emateko helburuz egin dutela aurrekontuaren bikoizketa. Jarduerak lezoar orori, haur, gazte nahiz heldu, zuzendu dizkietela azaldu du. Eta kalean egingo diren ekitaldietarako Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dela zehaztu du.
Espinak, udalaren ekimena eskertzeaz gain, adierazi du antzerkiaren alorrean erreferente bihurtzen ari dela Lezo, oraingoan ere talde oso esanguratsuek emango dituztelako emanaldiak herrian. Gainera, Musika Eskolak udazken kulturalari egingo dion ekarpenaren xehetasunak eman ditu, Santa Zeziliatik hasi, eta urte bukaerako kopletara: orotara, Tomas Garbizukoek 12 emanaldi eskaniko dituzte. Hori gutxi balitz, Espinak oroitarazi du egitaraua bidean aberasten ari dela, adibidetzat jarriz urriaren 6an herrian egingo den Euskal Herriko Dantzari Eguna.
Lander Zurutuza liburuzainak, bere aldetik. haurrentzako ipuin kontaketek (zortzi saio daude urtea bukatu arte) duten garrantziaz hitz egin du, esanaz, haurrak liburutegira hurbiltzeko modua dela. Gaineratu du, liburutegia ez dela haurrentzako esparrua soilik, helduena ere badela. Horren seinale, euskarazko eta gaztelerazko literatura solasaldiak jarri ditu. Hein berean, Zurutuzak zehaztu du aurten ere Orribakar Literatura Lehiaketa abian jarri dutela, seigarrenez. 6tik 15 urtera arteko haur lezoarrek parte har dezakete orri bateko muga duen idazlan lehiaketan, bost mailatan. Aurreratu du lanak azaroaren 18tik 22rako epean entregatu beharko direla.
Liburutetegiko jardueren zerrenda, xehetasunez, udaleko webgunean duen atalean ikus daiteke (literatura solasaldiak, ipuin kontaketak, Orribakar…).
Sarrerak
Udalak oroitarazi du, iaz bezala, haurren jardueretarako, Gezalan egiten direnak, sarrera ordaindu beharko dela, 2 eurokoa. Horren helburua da haurren parte hartzea bermatu eta areagotzea. Bonua ere har daiteke: sei sarrerako bonuak 6 euroko prezioa du. Hori Kultur Aretoan eskura daiteke, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara.
Jarraian, irailean, urrian eta azaroan herrian izango diren kultur ekintzen zerrenda. Den-denak PDF formatuan nahi izanez gero, sakatu esteka honetan.
Iraila
- 15ean, Santakrutz Jaien barruan, 19:30ean eta Josetxo Etxandi pilotalekuan, Kukai Dantzaren eta Brodas Brosen (Katalunia) Topa ikuskizuna. Gainera, Valentziako Maduixa konpainiak Mulier lana emango du ere (makuluekin dantzan).
- 21ean, 12:30ean Aiton Bordatik hasita, kantu jira; 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Las Ansiadas Producciones taldearen Las Peladas antzerkia.
- 22an, 17:00etan eta Gezala Auditoriumean, Zinema Ttikia: Leo Da Vinci.
- 29an, 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Hika Teatro taldearen Txarriboda antzerkia.
Urria
- 2an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Mikel Susperregiren Txo-min-txi-ki-to.
- 4an, 17:30ean eta Gezala Auditoriumean, Zutuberriak antzezlana.
- 7an, 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Xake Produkzioak taldearen Lur antzerkia.
- 9an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Ines Bengoaren Ipuin zopa.
- 11n, 09:30ean eta 11:00etan, Gezala Auditoriumean, Hai, la pescadora de sueños txotxongilo ikuskizuna.
- 12an, 17:00etan eta Gezala Auditoriumean, Zinema Ttikia: Asterix, edabe magikoaren sekretua; 19:00etan, berriz, Basque selfie.
- 16an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Izaskun Mujikaren Gorputz osoko ipuinak.
- 18an, 17:30ean eta Gezala Auditoriumean, Xocolat haurrentzako antzerkia.
- 19an, 12:30ean Aiton Bordatik hasita, kantu jira.
- 20an, 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Nearco taldearen La lista de mis deseos antzerkia.
- 23an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Ixabel Agirresarobek Irudipuinak kontatuko ditu, Mattin marrazkilariaren laguntzarekin.
- 30ean, Andreone Udal liburutegian, euskarazko literatura solasaldia: Xabier Etxaniz Rojoren Waterloo-n galdutakoak lana jorratuko dute.
Azaroa
- 6an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Maider Galarzarekin Ipuinak mara-mara.
- 8an, 17:30ean eta Gezala Auditoriumean, Hubo txotxongilo ikuskizuna.
- 9an, 17:00etan eta Gezala Auditoriumean, Zinema Ttikia: Horman erlojua duen etxea. 19:00etan, berriz, Margolaria.
- 10ean, 20:00etan eta Gezala Auditoriumean, Ruper Ordorikaren kontzertua.
- 13an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Pello Añorgarekin Nork daki, ez daki.
- 15ean, 17:30ean eta Gezala Auditoriumean, Loops antzerkia.
- 16an, 12:30ean Aiton Bordatik hasita, kantu jira; 12:30ean, Gezalan, Musika Eskola ikasleen Santa Zeziliako kontzertua.
- 17an, 11:00etan, herriko kaleetan, Musika Eskolako ikasleen Santa Zeziliako kalejira; 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Kulunka Teatro taldearen Quitamiedos antzerkia.
- 19an, Andreone Udal liburutegian, gaztelerazko literatura solasaldia: D. E. Stevensonen El libro de la señorita Buncle lana jorratuko dute.
- 20an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Lur Kortarekin, Ipuinetik ipuinera.
- 23an, 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Orratx! Antzerki Taldearen Bernarda Albaren bost alabak antzerkia (lehen saioa).
- 24an, 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Orratx! Antzerki Taldearen Bernarda Albaren bost alabak antzerkia (bigarren saioa).
- 27an, 18:15ean Andreone Udal Liburutegian ipuin kontaketa (4-7 adin tartean daudenentzat): Maite Frankok Isilka misilka, isiltasunaren zaindaria kontatuko du.