Landarbaso Doinuak proiektua aurkeztu du Errenteriako abesbatzak
Bere eskaintzan perkusio eta gitarra tailerrak txertatu ditu Landarbasok eta Dizdizka eta Musikarte batuta, Landarbaso Doinuak proiektuan barnebildu ditu.
Doinuak proiektua aurkeztu du Landarbaso abesbatzak. “Betiko ilusioa” egi bihurtuko duela abesbatzak proiektu honekin esan du Iñaki Tolaretxipi Landarbasoren Zuzendariak, gaur goizean Maialen Dorronsoro Dizdizka eta Kontari abesbatzetako zuzendaria eta Iñaki Letamendia perkusionista eta Sergio Villar gitarristarekin batera egin duen agerraldian. Abesbatza izatetik harago familia izan nahi duela Landarbaso abesbatzak esan du Tolaretxipik, “duela hiru urte Kontari eta Dizdizkarekin hasi ginen, joan den urtean Musikarterekin lau talde gara, eta aurten proiektu berria izango dugu, gaur aurkezten ari garena”. Bere eskaintzan perkusio eta gitarra tailerrak txertatu ditu Landarbasok eta Dizdizka eta Musikarte batuta, Landarbaso Doinuak proiektuan barnebildu ditu.
Talde formatiboak dira marka horren pean bildu dituztenak eta Maialen Dorronsoro izango da arduraduna. Xehetasun gehiago eman ditu azken horrek, eta duela hiru urte erabaki sendoa hartu zutela formakuntza aukera eskaintzeko Landarbaso abesbatzak egiten duen eskaintzaren barruan azaldu du lehenik, “Kontari eta Dizdizka talde formatiboekin hasi genuen lana orain hiru urte. Hasieratik argi izan dugu ahotsa ardatz hartuta ahalik eta formazio osatuena eskaini behar dugula, eta bide horretatik Kontari proiektua sortu genuenean ahotsean oinarritu ginen, baina proiektu multidiziplinarra dela esan dezakegu, ahotsa, ahots teknika lantzen dugu baina baita gorputz adierazpena, talde lana eta beste hainbat alderdi ere”.
Horrekin batera beharra ikusi zutela musika lengoai dinamikoa lantzeko erantsi du, “eta zergatik ez ahotsa lagunduko duten beste hainbat alderdi ukitzeko. Bide horretatik ere sortu zen gitarra eta perkusioaren arteko aukera. perkusioarekiko lotura beti izan dugu gure abestiak askotan laguntzen ditugulako perkusioarekin. Gitarra zen beste aukera, gitarra jo eta batera abestea baina gauza politagorik, gutxi daude. Horretara jo genuen eta horregatik gaur aurkezten ari garen marka berria, behar bat ikusten genituelako etxeko talde guztiak hartuko dituen izen komun bat izatekoa, eta bestaldetik, doinuak marka ez da nola hala pentsatutakoa, baizik eta doinuak ekartzen digun horren haritik, ahotsa, kantua, baita gitarra eta abestea, edo perkusioarekin lotutako kantua”.
Ilusioz hasiko duten bidea berria dela nabarmendu du Dorronsorok ere, Tolaretxipik bezala.
Perkusio eta gitarra tailerrak, zortzi urtetik aurrerako haur eta gazteei begirakoa da, eta bertan parte hartzen dutenek ez dute derrigorrean Landarbaso Doinuz proiektuaren barruko beste taldeetan parte hartu beharrik, “baina lotura izango dute gure abesbatza eta taldeekin helburua hori baita, zerbitzua zabaltzea interesa dagoela ikusten dugulako, eta era berean, gure instrumentu nagusia den ahotsa ardatz hartuta multidiziplinarrak izan gaitezkeela ikusten dugulako”.
150 lagun
Kopuruan gora egiten ari direla zehaztu du gainera, Tolaretxipik duela lau urte Landarbaso abesbatza 42 lagunek osatzen zutela eta gaur egun bertan abiatutako proiektu guztien artean 150 lagun baino gehiago arituko direla esan du, “talde handia bihurtzen ari da gurea. Talde txikia hasi ginen, baina gaur egun beste zenbakitan gabiltza”.
Interesa duen edo probatu nahi duen orori begira zabalik da matrikulazio epea. Instrumentuetako tailerretan hamar laguneko muga jarri dute, eta beraz interesdunek arin ibiltzeko eskatu dute, “tailer horiek ez dira taldeka izango, bakarka baizik, kalitatea bermatzeko, eta kopuru horietara mugatu ditugu perkusioa eta gitarra”. Gitarra abestua da bertaratzen direnek ikasiko dutena, hala azladu du Villarrek, “Gitarra hainbat eremuetatik landu daiteke, klasikoa, jazza, folka, edo akustikoa, baina kasu honetan abestearekin lotu dugu. Garrantzia emango diogu ahotsa akonpainatzeari, armonia nola ezarri ahotsekin, azkenean ahotsa instrumentua izanik ere nola batu gitarra ikasiko dute”.
Perkusioan antzeko lanketa egingo dutela zehaztu du Letamendiak, “bateria askotan eskatzen dute eta landuko dugu, baita kaxoi flamenkoa, edota yenbea. Lanketa abesbatzari begira egingo dugu”. Solfeoa ikasteko aukera ere eskainiko dute, “instrumentua egiteko ez da behar, baina animatu nahi ditugu instrumentua egingo dutenak musika lengoaia egitera eta 30 minutuko saioetan ikastera. Nahi duenak aukera du, eta ez duenak nahi, bakarrik gitarra edota perkusio tailerra egin dezake”.
Kontari, Diztira eta Musikarten izena emateak 15 euro balio du hilean; instrumentuak, berriz, 33 euro hilabetean, eta Musik Training 7 euro. Izena eman edo informazio gehiago izan nahi dutenek 717 778 850 telefono zenbakira deitu dezakete edota Landarbasoren webgunearen bidez egin.