Haur eta gazteei begirako bost programa jarriko ditu martxan Gazteriak
Familia Gunea, Familia Jolasean, Udal Ludotekak, Kuadrillategi, eta Udal Gaztelekuak martxan jarriko dituzte ikasturte berria hasteko.
Udal Gazteria azpisailak haur eta gazteei begirako bost programa jarriko ditu martxan datozen egunetan. Programa horien gaineko zehaztasunak emateko agerraldia egin dute gaur Maite Gartzia Ontiveros Gazteria zinegotziak eta Bea Martin Marcos Gazteria dinamizatzaileak Beraungo Pablo Sorozabal plazan.
Programa horietako lehena Familia Gunea da. 0-6 urte arteko haurrei eta horien familiei begirakoa da, familiari zuzendutako programa delako. Familia gunea aisialdirako espazioa da, eta familian gozatzen dute bertan. Bertan, eredu positiboak eraikitzeko aukera dute familiek, familia eta seme-alaben kalitatezko elkarrekintza bultzatuz eta horretarako baliabide ezberdinak eskainiz. Etapa horretan ezinbesteko diren alderdi psikomotor eta emozionala garatzeko egokitutako espazioa da. Urriaren 7an hasiko du ikasturte berria, eta familiek izena eman behar dute ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan eta dauden txanden artean bat aukeratu hilaren 16tik 27ra bitartean.
Familia Gunea Erdigunean egingo dute, Merkatuzarren (Pablo Iglesias kalea 3) astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara eta asteazkenetan 10:00etatik 12:00etara; Markola auzoko ludotekan (Erramun Astibia, 8) larunbatetan 10:00etatik 12:00etara egingo dute. Azken talde hori ez da finkoa, izen emateari lotuta egongo dela azaldu du Gartziak, “taldea osatzeko gutxienez bost familiek eman beharko dute izena”.
Plazak mugatuak dira, 18 familientzako lekua dago eta taldeak zozketa bidez osatuko dituzte. Zozketa hori urriaren 1ean izango da. Zerbitzuaren kuotaren berri ere eman du Gartziak: 3 hilabete 20,60 euro dira; urtarriletik ekainera bitartean, 30,40 euro; eta ikasturte osoa, 41,20 euro.
Zerbitzua ez da berria, baina bai hobariak. Oinarrizko errenta edo larrialdiko laguntza jasotzen duten familiek doakoa izango dute ikastaroa.
Familiari begirakoa da bigarren tailerra ere, Familia Jolasean. Honakoa, 6-12 urte arteko haur eta beren familiei zuzenduta dago. Programarekin euskararen erabilera sustatzea bultzatu nahi dutela azaldu du Gazteria zinegotziak, “eskola ordutegitik at eta euskara hutsean gauzatuko diren aisialdi jardueren bidez. Jolasak eta kantuak landuz euskarari bultzada eman nahi zaio”. Tailer honetan parte hartzea doakoa da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea; bai ordea familian aritzea. Urriaren 1ean abiatuko dute tailerra eta astean bitan izango da 17:30etik 19:00etara: Astearteetan Beraungo Pablo Sorozabal plazan izango da, eta eguraldi txarrarekin berriz, Beraungo Gaztelekura aldatuko dute (San Marko kalea 7-9). OstegunetanAgustinetan egingo dute Markola eskolako patioan, eta eguraldi txarra eginez gero, Markola eskolako gimnasioa erabiliko da.
Sei ludoteka
Udal ludotekek ere zabalduko dituzte ateak eta astelehenean izango da hori. Sei daude guztira eta astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era: Agustinetakoa (Miguel Alduntzin, 37-39), Beraungoa (San Marko 7-9), Erdigunean (Pablo Iglesias, 8), Gabierrotan (Gabierrota pasealekua, 5), Kaputxinoetan (Sorgintxulo, 6), eta Markolan (Erramun Astibia, 8). Izena eman nahi dutenek, astelehenetik aurrera egin behar dute ludoteketan bertan. Kuotak Familia guneko berak dira. Kasu honetan ere badira hobariak, eta seme-alaba bat baino gehiagok izena ematen badute %20ko hobaria izango dute; familia ugariek %50ekoa; eta oinarrizko errenta edota larrialdi laguntza jasotzen dutenek, doan izango dute.
Kuadrillategi da beste tailerretako bat. Honakoa gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu, kuadrilla sortu eta modu naturalean euskaraz aritu daitezen. DBHko lau mailetako ikasleei begirakoa da. Martinek azaldu du helburua dela denen artean prestatutako gustuko ekintzak egitea, “irteera bereziak, egun pasak, asteburu pasak, eta beste herrietako kuadrillategi iniziatibetako gazteekin elkartzen dira ere”. Doakoa da zerbitzua eta ostiralero egiten dute 19:00etatik 21:00etara. Izena emateko epea zabalik dago hilaren 24ra arte, eta parte hartu nahi duten gazteek Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen egoitzara (Pablo Iglesias, 11) jo behar dute, edota ikastetxeetan izena eman.
Udal Gaztelekuak, azkenik, 13-17 urte arteko gazteei begirakoak dira eta hilaren 18an hasiko dute ikasturttye berria. Bi daude Errenteria-Oreretan, bata Beraungo San Marko kaleko 7-9 zenbakian eta bestea, Gabierrotako Gabierrota pasealekuaren 5. zenbakian. Asteazkenetik larunbatera izango dira zabalik 17:30etik 20:30era, doakoa da zerbitzua eta izen ematea gaztelekuetan bertan egin behar dute.
Informazio gehiago behar dutenek 943 449 606 telefono zenbakira dei dezakete edota posta elektronikoz mezua bidali. Gazteriaren webgunean ere kontsulta daiteke informazioa.
Gartziak eta Martinek haur eta gaztetxo guztxiak animatu dituzte parte hartzera, baita familiak ere, “gerturatu eta probatu aukera polita dutelako familian aisialdiaz gozatzeko, baita haur eta gazteek bakarka ere Ludoteka, Gazteleku eta Kuadrillategi programan”.
Parte hartzearekin gustura
Iazko datuei erreparatuta, pozik daudela parte hartzearekin nabarmendu dute: “Kuadrillategin 30 gaztek hartu zuten parte, batez ere 1 eta 2. DBHkoak; gazte lokaletan 50 bat guztira eta ludoteketan berriz, 250 haurrek”.