Arriskua itzuli da Ulia mendira
Ulian ehizatzeko debekua bertan behera uzteko erabakiak, elkarte eta kolektibo askoren haserrea piztu du. Gutxi batzuen zaletasunak, hiritar guztien segurtasunari eragingo diola uste dute.
Aurreko asteazkenean jakitera eman zuen Berria egunkariak, Ulia mendian ehizatzea baimenduko zuela Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2014az geroztik, debekatuta zegoen ehizan aritzea Pasaia eta Donostiak partekatzen duten mendian. Gipuzkoako Ehiza Federazioak, baina, erabakia auzitara eramana zuen. EAEko Auzitegi Gorenak, neurria bertan behera utzi, eta ehiza Ulian baimentzeko eskatu zion aldundiari. Asteartean argitaratutako aldizkari ofizialean ageri da aldaketa, Ulian ehizatzeko debekua, baliogabetu dute.
Aho bete hortz geratu dira debekua babesten duten talde ekologistak eta herri mugimenduak, aldundiaren erabakiak Ulia gune arriskutsu batean bihurtzen baitu. Haien iritziz, EAJ eta PSE buru duen aldundiak erabiltzaile guztien eskubideei muzin egin die, kolektibo baten kideen mesedetan. Gogorarazi dute, Done Jakue bideko100.000 erromesetik gora zeharkatzen dutela Ulia urtero, eta beste milaka lagunek Talaiako ibilbidea egiten dutela. Ehiza baimenduta, milaka lagun horien segurtasuna ezbaian jarri du Foru Aldundiak. Neurriak hartuko dituztela iragarri dute.
Hiritar gehienen interesak defendatzen dituztelakoan, Ulia parke segurua eta denontzat manifestua zabaldu dute. 27 elkartek sinatu dute manifestua, tartean, Eguzki Talde Ekologistak, Trintxer Mendi Elkarteak, Itsas Mendi Elkarteak edota Ugatza ornitologo taldeak. Arlo ezberdinetako eragile pasaitar eta donostiarrak, debekua mantentzeko batu dira.
Atzo bertan argitaratutako adierazpenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera «zentzugabekoa» salatu dute, denbora tarte labur batean, iritziz aldatu baitu. 2018ko maiatzaren 29an aldundiak berak, Ulian ehiza debekua berresteko Foru Agindua argitaratu zuen. Aginduaren arabera, ehizak ez du lekurik Ulian, hiri parke den heinean, inguruko herri eta auzoetatik jende asko erakartzen duelako. Gauzak horrela, ehizak eragin handia du gainontzeko erabiltzaileengan: bai tiroek sortzen duten zaratarengatik, baita pertsonen ongizate fisikoarengan izan dezakeen arriskuagatik ere.
Agindu berak, Pasaia eta Donostiako udalen nahia bildu zuen. Bi udalek Ulia hiri parkea dela defendatu zuten eta ehiztarien jarduera debekatzea eskatu zuten, hiritarren segurtasuna bermatzeko. Zentzu horretan,Pasaiako Udalak 2018ko maiatzaren 29ko osoko bilkuran onartutako Ulia, hiri parke seguru bat denontzat mozioa jaso zuen foru aginduak.
Debekuaren aldekoak jakitun dira aldundiaren erabakia EAEko Auzitegi Gorenaren epai baten ondorio izan dela, baina haien iritzia zein den argi adierazteko eskatu diote. Ez dute ulertzen zer gertatu den urtebetean aldundiaren jarrera guztiz aldatzeko. Iaz debekua merezi zuena, jarduera baimendua izatera igaro da, aldundiak jarduera neurri bakar bat ere ez hartu gabe. Zentzuzko azalpen bat espero dute elkarteek aldundiarengandik.
Ordura arte, bi eskari egin dizkiote Gipuzkoako erakunde nagusiari: iaz esandakoarekin koherente izatea, eta batez ere, Ulia mendian herritar guztien esku-bideak berma ditzatela, ez soilik gizatalde jakin batena.
2014an debekatu zuen aldundiak ehiza egitea Ulian, Pasaiako eta Donostiako udalbatzek hala eskatuta. Bilduk zuen agintea hiru erakundeetan. Gaur egun, ordea, EAJk agintzen du Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Donostiako Udalean PSE bidelagun du. Pasaian alderantzizko formula dute, PSEk agintzen du eta EAJk babestu. Aktoreak, dena den, berdinak dira.
46 gune arriskutsu
46 dira Ulia mendian berreraiki ditzaketen tiro egiteko postuak,gehienak San Pedroko Platako Farolaren inguruan. 2008an 86 zeuden mendi osoan sakabanatuak, baina 2011ko ehiza legearen ondorioz 40 bat betirako desegin zituzten.
011an indarrean sartu zen legea Europako Batasunaren eskakizunak betetzeko sortu zuten.Lege hark, 2008ko eta aurreko lege guztiak indargabetu zituen eta Ulian ehiza egitea guztiz de-bekatu zuen.
Legeak tiro egiteko gune guztiak desegiteko agintzen zuen,betiere aldundiak tiro eremu historikotzat hartzen ez bazituen. Salbuespen hori baliatu zuen aldundiak 46 gune horiek historikoak zirela esateko.
2014an, guneak eraitsi zituzten. Foru agindu berriak, ordea,guneak berreraikitzeko aukera emango die ehiztariei.