Jaiekin gozatzeko prest dira
Gaurtik hasita 50 ekintzatik gorako egitaraua atondu du jai batzordeak. Jai parekideak egitera deitu du udalak, «emakume eta gizonek berdintasunean, beldurrik gabe goza ditzaten».
Heldu dira santakrutzak. gaur 19:00etamn piztuko dute txupina alkate txikiek pregoia udaletxeko balkoitik irakurri ostean. Murixkakoek Aurreskua dotore dantzatuko dute ikurrina astintzen duten bitartean, eta une horretatik festa nagusituko da Lezon lau egunez. Eskaintza, oparoa. 50 ekintzatik gora antolatu ditu jai batzordeak, eta iaz hain arrakastatsuak izan ziren su artifizialak aurten mantendu bakarrik ez , bikoiztu ere egin dituzte, bi saio izango baitira: bihar eta etzi 23:00etan.
Gaurko egitarauaren barruan gaueko danbor festa handia nabarmendu behar da; handia tamainan eta handia kalitatean. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako helduen danborraden burrunbek beteko dituzte kaleak, eta urtero bezala, guztiek batera, emanaldi ederra eskainiko dute Gurutze Santuaren plazan gauerdia baino zertxobait lehenago. Gogoratzeko moduko emanaldia eskainiko dute beste behin ere.
I14 Eguna, Santakrutz eguna, jaietako egun nagusia larunbatarekin helduko da aurten, eta dagoeneko jendetsuak diren Arrantzale eta Tartekoen bazkariak, ziurrenik are jendetsuagoak izango dira aurten.
Jaien une politenetako bat da Arrantzale eta Tartekoak, guztiak batera, elkartuta, udaletxeko eskaileretan familia argazkia egiten dutena.
Hitzordua 14:30ean egin dute Gurutze Santuaren plazan txupina pizteko, aurreko gauen ordu txikiak arte parrandan ibili direnek izango dute beraz tartea ajea gainditu eta deskantsatuta azaltzeko.
Bazkariak bihar
Bi bazkarietan hamarnaka lagun bilduko dira Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian.
Ez dira horiek baina bazkari bakarrak izango bihar. Dantzazaleek herri bazkaria izango dute Karlos Saldise plazan, eta ondoren, Oreretako trikitilariek girotuko dute bazkalostea. Jubilatuek ere izango dute bazkaria. Hauek ordea, formalago ibiliko dira, eta Etxeberri jatetxean bilduko dira.
Batzuk zein besteek indarrak hartzeko baliatuko dute bazkalordua, ez dutelako makala egitaraua, eta gainera, oraindik ere bi egun aurretik izango dituztelako dena emateko. Oparo datoz eta santakrutzak.
Etzi inude eta artzaien desfilearekin atzerako bidaia egingo du Lezok, eta kirola ere ez da faltako. Izan ere, Josetxo Etxandi Oroitaldiko finalak jokatuko dituzte. Astelehenean berriz, baserritarren eguna izango da eta ganadu feriak hartuko du Josetxo Etxandi frontoia.
Jaiekin gozatzera deitu du udalak, jai parekideak egitera, eta argi esan du Lezok ez duela indarkeria matxistarik ez bestelako jarrera sexistarik onartuko: «Gauez zein egunez, emakumeek eta gizonek berdintasunean eta inolako beldurrik gabe jaiez goza dezatela nahi dugu».
Muxiko Eguna, Kukai, Brodas Bros eta Maduixa
Dantza eta Lezo estuki lotuta daudela ezaguna da, eta herriak eman duen dantzari andanari erreparatzea baino ez dago horretarako. Santakrutzetan leku berezia izango du dantzak aurten: emanaldi bikainak ikusi, eta dantza egiteko aukera ere izango da. Lehen hitzordua, Lezoko Dantzazaleena.
Santakrutz Eguna, jaien egun handia aukeratu dute X. Muxiko Eguna egiteko eta egitarau oparoa atondu horren inguruan. 12:00etan, hasiko dute Muxiko Eguna Karlos Saldise plazan, Jaiki Hadi euskal musika taldearekin batera. Jarraian, Oreretako Trikitilariekin batera triki-poteoa egingo dute bazkaltzeko ordura arte. 14:30ean izango da herri bazkaria Karlos Saldise plazan. 17:00etan, dantza solte txapelketa antolatu dute Gurutze Santuaren plazan eta ondoren, muxikoak herritik zehar ibiliko dira.
Etzi, berriz, Kukai Dantzak eta Brodas Brosek Topa dantza ikuskizuna eskainiko dute Josetxo Etxandi frontoian, eta eguraldi txarra egingo balu Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian.Lau dantzari, dantza tradizionala eta hip hopa uztartuta, eta kalea agertoki. 20:30ean hasiko da dantza emanaldia eta ez dira bakarrik arituko, Maduixa talde valentziarrak Mulier ikuskizuna eskainiko baitu. Bost dantzari, bostak emakumeak hankapalo gainean.
Mendeetan dantzatzeko eskubidea eta nonahi aske korri egiteko eskubidea aldarrikatu duten eta aldarrikatzen jarraitzen duten emakumeei omenaldia da Mulier dantza ikuskizuna.
Xaxatu, astindu, saretu, eta piztu egin dute Lezo
Herritarren arteko sareak sendotu, harremanak sustatu eta Lezo piztea. Hori izan du helburu Piztu Lezok. Eta zalantzarik ez da, Herri Olinpiadak, Gazte Eguna eta santakrutzen aurreko astea girotzeko antolatutako egitarauak argi utzi du, helburua bete dutela: giroa sortu dute, baita herritarrak inplikatu ere. Belaunaldi ezberdinen arteko hartu emanean ere eragin dute. Ohorezko matrikula merezi du iniziatibak.
Herri Olinpiaden eta gazte Egunaren gaineko balorazio positiboa egin du Maialen Pikabeak. Herri Olinpiaden atzean dabilen antolatzaileetako bat da, eta egitasmoa indarra hartzen ari den zalantzarik ez du, «aurten hamabost kuadrillek hartu dute parte iaz baino sei gehiagok, eta ikusle ugari bildu dira. Hori beste helburuetako bat genuen, olinpiadetan parte hartzen ez zuten herritarrak inplikatzea. Pozik gaude».
Amaitu berriak badira ere, dagoeneko ari dira hausnartzen zein aldaketa eta hobekuntza egin datorren urteari begira, «pozik gaudelako emaitzarekin, baina gauzak hobetu daitezkeela, antolaketan zein planteatutako jokoetan, argi dugulako. Datorren urtean gehiago izatea espero dugu parte hartuko duten taldeak, eta lanketa handiagoa eskatuko digu oraindik, are eta bilera gehiago». Ez die horrek beldurtzen, eta ardurari zintzo heltzeko prest dira.
Piztu Lezoren egitaraua
Santakrutzen aurretik giroa berotu du Piztu Lezo dinamikak. Herri Olinpiadak izan dira batetik, eta Gazte Eguna bestetik, baina aste honetan bertan lau egunez egitaraua ere antolatu du. Helburua bera, herritarren arteko sareak jostea, harremana estutzea, eta hausnarketari bidea ematea. Izan ere, jai giroaren bueltan bildu ditu herritarrak baina ez nolanahiko gaien bueltan. Astelehenetik atzora arte, Errefuxiatuen Eguna, Presoen Eguna, Haurren Eguna eta Egun Feminista egin ditu Karlos Saldise plazan. Santakrutzetan ere jarriko du bere alea. Gaur, kartelada, eta amaitzean, brindisa antolatu ditu, eta danborradaren ondoren musika izango da txosnan. Bihar, berriz, 22:00etan, kontzertua antolatu du Gozategi eta Kaotiko taldeekin. DJ Map-h ere izango da.
Etzi, egitarauarekin amaitzeko, 20:00etan hasita, Hiltzailearen Jolasaren epaiketa izango da. Nor izango da?
Gaur, ostirala
- 16:45. Txikien krosa.
- 19:00. Alkate Txikien Pregoia eta txupinazoa. Jarraian Murixkako dantzarien Agurra. Tomas Garbizu Musika Eskolako bandak eta Munttar Txistulari taldeak Lezoko Herria ereserkia joko dute. Jarraian buruhandi eta erraldoiak.
- 19:30. Gurutze Santuaren Bezperak.
- 20:00. Kartelada Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30. Entsalada lehiaketan familientzat Karlos Saldise plazan.
- 21:00. Disko-jaia gaztetxoentzat Gurutze Santuaren plazan.
- 22:45. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako helduen danborrada.
- 23:45. Danborraden topaketa.
Bihar, larunbata
- 09:30. Motozaleen irteera Lezotarra tabernatik.
- 10:00. Diana txistulariekin.
- 10:00. Puzgarriak Lopenen.
- 11:00. : Gazteentzat zinta lasterketa Goiko plazan.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:00. Herri kirolen erakustaldia
- 12:00. Muxiko Eguna.
- 12:00. Buruhandi eta erraldoiak.
- 13:00. Batukada.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria Etxeberri jatetxean, (10 euro)
- 14:30. Dantzazaleen bazkaria Karlos Saldise plazan.
- 14:30. i-14 egunaren txupinazoa plazan eta talde argazkia.
- 15:00. Arrantzale eta Tartekoen bazkaria herri eskolako patioan.
- 17:00. Puzgarriak Lopenen.
- 17:00. Dantza solteko txapelketa
- 17:30. Josetxo Etxandi pilota txapelketaren finalak frontoian.
- 18:00. Buruhandi eta erraldoiak.
- 18:30.Larrain dantza plazan.
- 19:30. Jaixkipe txaranga.
- 19:30. Dantzaldia Laketekin.
- 20:30.Eztanda taldeak ‘bokatak’ jarriko ditu plazan.
- 22:00. Zezen suzkoa. Jarraian, Gozategi Karlos Saldise plazan.
- 23:00. Su artifizialak kaitik
- 00:00.Kaotiko eta DJ Map-H Karlos Saldise plazan.
Etzi, larunbata
- 08:00: Gaupaseroen argazkia Gurutze Santuaren plazan.
- 09:00: Plater tiraketa Arkaleko kantxan.
- 10:00: Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 12:00: Inude eta artzaien desfilea Lopenetik abiatuta.
- 16:00: Truk txapelketa Tiñelu elkartean.
- 17:30: Josetxo Etxandi XLIV. oroitaldiko pilota txapelketaren herri mailako finalak, Josetxo Etxandi frontoian (eguraldi txarrarekin Koldobike Gezala frontoian).
- 19:30: Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar Lezoko Txistulari Elkartearekin Karlos Saldise plazatik.
- 20:30: Dantza emanaldia Kukai eta Brodas Bros: ‘Topa’ eta Maduixa valentziarrak: ‘mulier’ Josetxo Etxandi frontoian (eguraldi txarrarekin Lezo Herri Eskolako patioan).
- 22:00: Su artifizialak kaitik (Polentzarrene aurrean).
Irailak 16, astelehena, baserritarren eguna.
- 09:30: Ganadu feria Josetxo Etxandi frontoian.
- 12:00: Idi demaren saioa probalekuan.
- 13:30: Ganadu feriaren sari banaketa probalekuan.
- 14:00: Baserritarren bazkaria Tiñelu elkartean.
- 18:00: Idi demaren saioa probalekuan.
- 18:30: Munduko dantzak. Talde eta estilo ezberdinen dantza eskitaldia Zubitxoko plazan.
- 19:00: Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar Lezoko Txistulari Elkartearekin Karlos Saldise plazatik.
- 19:00: Patata tortilla lehiaketa eta Maria Lasa eta Irati Irurtzun trikitilariak Zubitxoko plazan. Izen emateak Lezotarra, Itzel Tiñelu eta Azkena tabernetan.
- 20:00: Bertso saioa Gurutze Santuaren plazan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Irati Alcantarilla eta Jokin Irastorza. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
- 20:00: Afari-merienda herrikoia eta Trikitixa Zubitxoko plazan. Bakoitzak bere afaria, udalak sagardoa.
- 21:45: Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako bandaren emanaldia Gurutze Santuaren plazan. Jarraian, zezen suzkoa.