[Bideoa eta galeria] Santakrutzak Arena
Santakrutzak gaur egun handian daude, Santakrutz Eguna. Goizetik giroa nabaria, oso, izan da Lezon. Eguerditik aurrera areagotuko da.
Gipuzkoako hiriburuan gaur Arena abizena duen kirol instalazio bat inauguratuko dute. Bada Lezon, gaur, Santakrutzak Arena dute. Herri osoa da dibertsiorako esparru, herri osoarentzat badago zerbait. Izan ere, gaurkoa Santakrutz Eguna baita; Santo Kristo Eguna ere; Arrantzaleen Eguna garai batean; I-14 Eguna askorentzat (kuadrillentzat bereziki).
Motorzaleen irteera, diana, haurrentzat puzgarriak, gazteentzat zinta lasterketa, fededunentzat meza nagusia… Goizean menu anitza oso. Eta eguerdian, Gurutze Santuaren plaza herri kirolen Arena bihurtu da, goi mailako saioarekin: aizkoran, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako azken bi txapeldunak izan dira erakustaldia ematen (Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Aratz Mugertza eta Txikia IV.a hurrenez hurren), eta herriekin grabitatearen kontra borrokatzen, Jokin Eizmendi. Saio ederra, landutakoa egin dute. Ikusleak asko plazan.
Herri Kirolak bitartean, Lezoko Dantzazaleek Muxiko Eguna hasi dute Karlos Saldise plazan, hura ere dantzarako arena bihurtua. Jeiki Hadi taldearen doinuekin, dantzaz taldean gozatu dute bertan izan direnek. Ederra hori ere.
Eta herri kirolak bukatuta, Dinbi Banda batukada taldeak ekin dio lanari. Eta orduan, gaueko ajeak atzean uzten hasi dira herriko kuadrillak: 14:30ean dute Arrantzaleek eta Tartekoek txupinazoa plazan, ondoren bazkaltzera joateko. Dantzazaleek ere bazkaria dute Karlos Saldisen; erretiratuek, berriz, Etxeberri jatetxean. Jaietako egun handian, mahai-inguruan festaz gozatuko dute. Eta gero, gerokoak.
Jarraian, goizeko giroaren hainbat argazki eta Dinbi Bandaren batukadaren hasierako bideoa: