«Atlantikaldia hazten eta heltzen ari da»
Erreferentzialtasuna aspaldian irabazita, sendotzen eta hazten jarraitzen du Atlantikaldiak. Argi dio Iker Tolosa jaialdiaren zuzendariak: «Atlantikaldia ez da ohiko jaialdia izateko jaio».
Atlantikaldiak seigarren ekinaldia beteko du. Bidearen zein irakurketa egiten duzu?
Izpiritua bera da, hala izan behar duelako, baina jaialdia bera hazten eta heltzen doa. Atlantikaldia ez da jaio ohiko jaialdia izateko, besterik gabe, balio jakin batzuekin ukitutako jaialdia izateko asmoarekin jaio zen. Herri honetan kulturari ematen ari zaion garrantzia eta aurrera begira kulturak izango duen protagonismo horrekin lotuta dago. Bide horretan, aurrera pausu oso egokiak ematen ari da jaialdia; asentatu egin da, kultur aniztasunean sakondu du, eta kultura ez du soilik entretenimendu moduan ulertzen, hausnarketarako tresna gisa baizik.
Kultura non kokatzen du udalak, hausnarketa bide horretan?
Atlantikaldia bada ondo pasatzeko eta gozatzeko tresna bat, eta jaialdian horretarako tarte nabarmena izango da, baina programari begiradatxo bat ematea baino ez dago konturatzeko kultura ere badela hainbat gaietara hurbiltzeko bide bat, edo herrian dugun aberastasun hori balioan jartzeko, hainbat hizkuntza eta kultura gure hizkuntza eta kultura direla jabetzeko. Gai horiekin lotutako jarduera ezberdinak ditugu.
Kultura, espektakulotik urrun, praktikan egiten den jarduera bat ere badela, eta nagusiki horrela gozatzen dela erakutsi nahi du Atlantikaldiak. 20 tailerretik gorako eskaintza horren lekuko da. Kultura ez dela modu pasiboan kontsumitzen erakutsi nahi dugu, eta modu aktiboan bi bider aberasten gaituen elementua dela.
Aurten sorkuntzak tarte berezia izango du, orain arte bezala, baina beste eremuetara zabaldu duzue esperientzia; musika kolaborazioetatik harago eraman duzue. Zein garrantzia dauka elkarlan horrek parte hartzen duten artistentzat?
Pentsatu nahi dut eta konbentzimendu osoarekin diot, aurtengo kolaborazioetan parte hartzen ari diren artistentzako sekulako aukera dela, Ereintza bezalako talde batetik hasita. Oso ohituta dago nazioartean dantzan aritzen, baina ez dago hain ohituta beraiek bezalako beste dantzari talde batekin elkartu, eta elkarlan horretatik beste zerbait berria sortzen. Ohiko erritmoetatik, koreografietatik, doinuetatik atera eta gauza berriak sortzea da; hori aberastasuna da, sekulako esperientzia.
Berdin gertatzen da Udal Txistulari Bandarekin. Atlantikaldiak nolabait, erosotasun eremutik aldentzeko aukera ematen du. Txistulari banda bat elkartzea artista plastiko batekin, ipuin kontalari batekin, eta dantzari batekin sorkuntza berri bat egiteko sekulako apustua da. Eta garrantzitsuena dena, horrek esan nahi du Atlantikaldiak agertoki bat baino, urtean zehar eragileak mugiarazteko tresna dela. Oso garrantzitsua da guretzat Atlantikaldia lau eguneko jaialdia baino gehiago izatea, atzetik elikatzea eguneroko bizitza kulturala, eta motore
izatea.