‘Marea biziak’ altxor bakarrak bistaratuko ditu
Aspaldian erreferente bihurtuta, seigarrenez, eskaintza paregabearekin heldu da Atlantikaldia. 90 ekintzatik gora, bazterrak musika eta kulturaz betetzeko, hausnarketari bidea zabaltzen dion bitartean.
Prest da eztanda. Bihartik igandera arte izango da Atlantikaldia, eta seigarren ekinaldira heldutasun puntu batekin, sendoago eta errotuago oraindik, eta musika eta kultur eskaintzari dagokionean goren heldu da. Kartel nagusian, Nathy Peluso argentinarra, The Skatalites jamaikarrak, Abdul & The Gang marokoarrez eta frantziarrez osatutako taldea, Beningo BIM, Euskal Herriko Oreka TX eta Okzitaniako San Salvador arituko dira Itsasargi Nagusian, Atlantikaldiaren agertoki nagusian. Horiekin batera, beste agertokietan eta formatu txikiago edo intimoagoan, beste hamazazpi kontzertu atondu dituzte egitarauaren barruan, eta 90 ekitalditik gora, guztira.
Atlantikaldiak seigarren ekinaldi honetan beretzat propio sortutako abestia ere badu. Nøgen taldeak sortu du abesti hori, Marean izenburuarekin. Atlantikaldiaren aurtengo goiburua, berriz, Marea biziak. Bete-betean egiten duela leloak Atlantikaldiaren izpirituarekin azaldu zuen Azipea Otaegi alkateak aurkezpen ekitaldian:«Atlantikaldiak aukera emango digu hain ikusgai ez diren artistak ikusteko, mareak behera egiten duenean normalean ezkutuan dauden txokoak ikusteko aukerak ematen baitizkigu; Atlantikaldiak leiho bat izan nahi du artista horiek ikustarazteko, baina mareak gora egiten duenean ere, urez blaitzen dira bazter guztiak eta hori izan nahi du jaialdi honek, Errenteria kulturaz eta musikaz blaituko duen jaialdia».
Lau eguneko jaialdiak 90 ekintza ditu, eta guztiak Oiartzun ibaiaren bi aldetara zabaldutako zortzi gune ezberdinetan izango dira. Gune bakoitzak bere izaera propioa eta publiko zehatza izango du aurten ere. Lau egunetan zehar, 20 tailer ere antolatu dituzte eta horietarako izena emateko epea astelehenean zabaldu zuten.
Sorkuntzari tarte zabala
Jaialdiaren beste gakoetako bat: sorkuntza. 2017an martxan jarri zirela Itsas elkarrizketak, bertako eta beste lekuetakoak diren artistak elkarlanean jarrita sorkuntza bereziak ahalbidetzeko. Aurten musikatik harago eraman dute sorkuntza esperientzia hori, eta bestelako diziplina artistikoak inplikatu dituzte. Dantzaren esparruan Atlantik 1050 ikuskizuna izango da batetik, Etxepare Institutuaren bidez Ereintza Dantza Elkartearen eta Eskoziako Dance Base Zentroaren arteko elkarlanetik sortutako ikuskizuna. Arte plastikoen eremuan, berriz, jaialdiaren kartela dago, eta gastronomiara ere eramango dute itsas elkarrizketa hori, Kosta Kostov sukaldari eta DJ bulgariarra eta Mugaritzeko Javier Bergara ariko dira elkarlanean.
Ondo pasatzea, kulturaz gozatzea da helburua; baina ez hori bakarrik: kulturatik hausnarketarako bidea zabaldu nahi du Errenteriako Udalak.