Bizitzaren alde bustiko dira
Larunbatean, Oiartzun ibaian sartuko dira ibai jaitsiera egiteko, migratzaileek Mediterraneoan egiten duten bidaia simulatuz. 19:00etan abiatuko dira Gabierrota auzotik (Zubia kafetegitik).
Itsasoan gertatzen ari den dramari bizkarra eman dio Europak. Erakunde publikoek utzi duten hutsunea esku pribatuek bete dute. Itsas salbamendua pribatizatu egin da. Giacomo Sferlazzo artistaren hitzak dira horiek, eta horiekin hasi dute larunbatean errefuxiatuen alde egingo duten iniziatiba aurkezteko gaur egin duten agerraldia.
Auzo lotsa, hala definitu dute Europa, eta gogor salatu dute pertsona migratzaileen kontra erabiltzen duen “politika kriminala”. Errenteria-Oreretan Atlantikaldia jaialdiaren testuingurua baliatuko dute hirugarrenez, Oiartzun ibaian sartu eta pertsona migratzaileen egoera azalarazteko. Bustiko dira haien alde, eta horretara deitu dituzte herritarrak ere, “elkartasuna adieraztera, migratzaileak babestera, eta Europako agintarien politikek eskubide zibilak modu lazgarrian urratzen dituztela salatzera”. Atlantikaldia Mediterraneoarekin lotu nahi dutela diote, eta marea biziak berriz, pertsonen bizitzarekin lotu, “aldarriak dioen bezala: Bizitza da handiena”.
Horretarako, larunbatean, Oiartzun ibaian sartuko dira ibai jaitsiera egiteko, migratzaileek Mediterraneoan egiten duten bidaia simulatuz, “eta parte hartzera deitu mnahi ditugu herritar guztiak”. 19:00etan egin dute hitzordua Gabierrota auzoan (Zubia kafetegian).
859 pertsona itota aurten
Ongi Etorri errefuxiatuak, Mikelazulo Kultur Elkarteak, Oarso Taldeak, Amnistia Internacional, Oreretako Mugimendu Feministak, Kolore Gutziak, SMH, Sos arrazakeria, denon elkartea, Irungo harrera sarea eta Donostiako harrera sareak antolatu dute iniziatiba eta LAB sindikatuak eta EH Bilduk babestu egin dute. Datuak ere eman dituzte: aurten, urtea amaitzeko hiru hilabete falta direnean, 859 pertsona hil dira itota Mediterraneo itsasoan, “politika lotsagarri eta kriminal honek izugarrizko sarraskia sortzen du han eta hemen”. Iaztik, neurri zorrotzak jarri dituztela martxan erantsi dute, eta horren harira, Aita Mari ontziari egin diote erreferentzia: “Itsas salbamenduko ontziei porturatzea debekatu diete Italia eta MAltako kostaldean. Aita Marik, baimenik gabe ezin du itsasoratu eta hainbat pertsonen bizia salbatu. Hau ez al da politika kriminala?”.
Itsasoan ehunka kilometrora gertatzen denari, lehorrean etxean bertan dugun egoera gaineratu behar zaiola salatu dute, “zer gertatzen ari da hemen, Euskal Herrian, Donostialdean, Oarso Bidasoan bidean ditugun pertsona migratzaileekin? Zer egin dezakegu guk eta bertako instituzioek?”.
Argi diote: “Egin beharreko guztia ez da egiten, eta horren adibide ditugu gizartetik sortu diren harrera Sareak, Donostian eta Irunen”. Instituzioek gairen inguruan azaldu duten epelkeriaren aurrean lan bikaina egin dutela eta egiten jarraitzen dutela sare horiek nabarmendu dute; beharrezko lana, ezinbestekoa, bidean dauden pertsona migratzaileekin. Berriz ere gizarte eragileek instituzioei aurrea hartu diotela salatu dute haserre eta arduraz jokatzera deitu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundia, donostialdea, eta Oarso Bidasoko udalak.