Frankismoan emakumeek jasandako errepresioa, antzerkian
Lezoko Udazken Kulturalaren barruan, eta Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldearen ekimenez, ikusleen erraietaraino iritsiko den antzerki obra ikusteko aukera izango da larunbatean (hilak 21), 19:30ean Gezala Auditoriumean. Las Ansiadas Producciones talde madrildarrak Las peladas lana oholtzaratuko du. Frankismoan emakumeek jasandako errepresio ankerra du ardatz antzezlanak.
Izan ere, Etxetxo aurten Lezora frankismoaren lehen esklaboak ekarri zituztenekoa oroitzeko hainbat ekitaldi egiten ari da, duela 80 urte izan zen hori. Horren barruan ulertu behar da larunbateko antzerki saioa. Haien omenez hainbat ekitaldi egin dituzte urtarrilaren 24an hasita.
Sarrerak zortzi euroan daude salgai Kultura Aretoan. Bestela, udalaren sarrerak saltzeko gunetik ere eros daitezke.