Plaza goraino beteko duten kontzertuak
Hiru gauez jarraian Itsasargi Nagusiak eguneko kontzertu jendetsuenak hartuko ditu. Oreka TX, The Skatalites eta Nathy Pelusok, estilo ezberdin bezain deigarriak ekarriko dituzte.
Sei urteren buruan, musikari ugari etorri dira Atlantikaldira, eta jaialdiko antolatzaileek beti jakin izan dute estilo ezberdineko musikariak uztartzen, baita ospetsuak zein hain ezagunak ez diren artistei lekua ematen ere. Aurten bideorri berdina izango dute. Agirre Lehendakariaren plazan kokatuko den Itsasargi Nagusiak hartuko ditu kontzertu jendetsuenak.
Hala ere, festa Herrixkan hasiko da, Nøgenen eskutik. Dirudienez, jaialdiaren antolatzaileek konfiantza handia dute ‘o’ daniarra erabiltzen duen taldearengan. Lehen kontzertuan Marea abestia aurkezteaz gain, haiena da ere aurtengo Atlantikaldiko doinu nagusia. Talde donostiarrak susperraldia bizi izan du azken urtean, bereziki Liv til døden LPa bota zutenetik. Pop-folk musika bere eginez, haien espazioa topatu dute euskal sortzaileen artean. Doinu alai eta zaindutako letrak dituen taldea da Nøgen. Ingelesa eta euskara nahasten iaioak dira donostiarrak, eta ukelelea da haien bereizgarri nagusietako bat. Nøgenek bihar joko du, 18:00tan.
Reggae musikak eta bere ikur Bob Marleyk Jamaikaren izena mundu osoan zehar zabaldu zuten. Baina Marley eta ondorengoek, The Skatalites taldean izan izan zuten haien inspirazio iturri nagusia. Ska musikaren sortzailetzat jotzen da The Skatalites, beraz, talde historiko bezain garrantzitsua da Itsasargi Nagusian joko duena. Urteak aurrera egin ahala, taldekideak maiz aldatu egin dira, eta hainbatetan birsortu da, baina muinak berean jarraitzen du; afrikar jatorriko doinuak eta jazz kubatarraren eraginak, ez dira aldatu. Alaitasunez jositako saioa eskainiko dute etzi jamaikarrek Isheba eta Rakel Koromarekin.
Bestelako izarra
Nathy Peluso aurtengo izar nagusitzat dute askok. Argentinarra hazkunde betean dago eta badaki zer den jaialdi handietan abestea; 2018an BBK Live (Bilbo) eta FIB (Benicassim) festibaletan izan zen, besteak beste. Pelusoren musika deskribatzea, zaila da. Soul, jazz, salsa edota rap estiloak nahasten dira Pelusoren abestietan eta bere ahotsaren tonua deigarria da.
Bestelakoa da Peluso, berak hala nahi duelako, eta badirudi pop estilo lausotik ihes egitea duela helburu nagusi musikari gazteak. Argentinarrak 23:00tan abestuko du, Ortzi Acostarekin, larunbatean.
Galdu ezin direnak
Nøgen, The Skatalites eta Pelusoren kontzertuek plaza goraino beteko dute, baina ez dira Itsasargian joko duten bakarrak. Ostegunean, Oreka TXko txalapartariak, San Salvadorrekin batera, perkusio eta musika garaikidea nahasten arituko dira 20:00etan.
Ostiralean, Abdul and the Gangek funk kutsuko fusioa ekarriko du, Agustin Korrontzirekin batera. Larunbatean Beningo BIM taldeak kontzertua eskainiko du Tio Teronen Semeak dantzariekin elkarlanean.