[Galeria] 'Marea biziak' heldu dira, gelditzeko asmoarekin
Marea bizien lehen tantek zipriztindu dute Errenteria-Orereta. Atlantikaldia hasi da, eta ez nolanahi; Nøgen taldeak kultur topagune eta musika jaialdirako espresuki sortutako Marean kantaren doinuekin hasi da, eta ez dute Donostiarrek inor epel utzi.
Marea bizien lehen tantek zipriztindu dute Errenteria-Orereta. Atlantikaldia hasi da, eta ez nolanahi; Nøgen taldeak kultur topagune eta musika jaialdirako espresuki sortutako Marean kantaren doinuekin hasi da, eta ez dute Donostiarrek inor epel utzi. Herrixkan, emanaldi akustikoa egin dute, eta kantu bakarra egitekotan baziren ere, hiru eskaini dituzte publikoaren gozamenerako. Nøgen gehiago entzuteko gogoz gelditu diren zalantzarik ez da, eta txikienek ere jarraitu dituzte talde donostiar gaztearen kanten letrak.
Nosa Marshal Gipuzkoan bizi den nigeriarraren reggae eta calypso erritmoek hartu diote txanda Nøgeni Herrixkaren oholtzan. Ludoteka ere ez da falta gaurkoan, eta txikienek gozatzeko aukera izan dute.
Itsargi nagusia gaur Oreka TX eta San Salvadorrena izango da 20:00etatik aurrera. Txalaparta doinuek eta polifoniak bat egingo dute agertoki nagusian 11 abeslari eta musikariren eskutik.
Aurretik lau egun kulturaz gozatzeko, musikarekin bidaiatzeko, eta bakarrak eta bereziak izango diren esperientzia eta emanaldiak ikusteko. Baita hausnartzeko ere, herriko hormak ere bilakatu dituztelako sorkuntzarako edo behintzat, hausnarketarako gune. Gurseko kontzentrazio eremuaren irudi erraldoiak itsatsi dituzte, eta gaur egunera ekarri euskal errefuxiatuek 1939tik 1946ra pasa zutena, egun pertsona migratzaileek bizitzen ari direnarekin parekatuta. Paretek ez dute indiferente utziko aurretik pasatzen dena; zer edozer sentiaraziko diote ikusleari, mugituko diote barrua.