«Euskaraz bizitzea erabaki dutenek babesa merezi dute»
Mintzalaguntzailea da Maritxalar eta mintzalaguna Gomez, baina biek dute helburu berbera: Errenteriako euskaldun komunitatea hazten jarraitzea. Mintzalaguna urrian itzuliko da.
Mintzalaguna egitasmoa urrian hasiko da berriz ere. Nola dator ikasturtea?
Xixilio Maritxalar: 110 pertsonek hartu zuten parte Mintzalagunan aurreko kurtsoan. Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen nahia, hazten jarraitzea da, geroz eta jende gehiago etortzeko lan egingo dugu. Mintzalagun gehiago nahi ditugu, eta batez ere, mintzalaguntzaile gehiago behar ditugu.
Nori dago zuzendua?
Maritxalar: Gurera datozen gehienak, mintzamena landu nahi duten udal euskaltegiko eta AEK-ko ikasleak izan ohi dira. Haien hezkuntza prozesuan gehigarri bat da. Hala ere, profil ezberdinak ditugu. Euskaltegiko ikasle ohiak ere baditugu. Klaseak utzi ondoren, pertsona askok euskaraz mintzatzeko gaitasuna galtzen dute. Programak hizkuntza freskatzeko aukera ematen die. Eta ez pentsa gure kide guztiak euskaldun berriak direnik. Baditugu euskaldun zaharrak direnak ere. Arrazoi asko direla tarteko, euskaraz bizitzeari utzi diote askok eta urteak aurrera egin ahala, haien burua mugatua ikusten dute hitz egiterakoan. Haientzako ere bada Mintzalaguna. Aipatu behar da, gainera, mintzalagun gehienak emakumeak direla. Sentsibilitate handiagoa dute gai honekiko, eta egia esan, gizonok badugu zer ikasi.
Funtsean, aisialdian euskaraz bizi nahi duten guztiak ongi etorriak dira. 19 urtez, euskaraz mintzatzeko zailtasunak dituztenei laguntza eman eta babesa adieraztea izan da gure helburua, eta horrela izaten jarraituko du.
Klaseak baino, lagunen arteko solasaldiak dira zuenak ezta?
Maritxalar: Bai, hala da. Astean behin biltzen gara, gehienetan,kafetxo baten inguruan. Taldeka biltzen gara, lau-bost pertsona gutxi gorabehera, izan ere, taldekako elkarrizketak dinamikoagoak dira. Gehienez 10 bat pertsonako taldeak izaten dira, denek izan dezaten hitz egiteko tartea. Gainera, mintzalagun batek hainbat taldeetan parte har dezake. Saio bakoitzean mintzalaguntzaile bat ere izango da.
Biltzen garenean beti izango dugu kartoizko euskarri bat gurekin. Bertan argi adieraziko du euskara sustatzen ari garela eta edonor ongi etorria izango dela. Nabarmendu beharra dago ez direla ez ikastaroak ezta azterketak ere. Giro atseginean egingo dira saioak. Giro horrek lasaitasunez hitz egiteko aukera ematen die mintzalagunei, presioa alde batera uzten baitute.
Garapena esanguratsua da. Ikasturtean zehar saioak grabatuko bagenitu, mintzalagunek ez lukete sinetsiko zenbat hobetu duten hilabete gutxi batzuetan. Egitasmoan izena ematen duten pertsona gehienek gurekin jarraitzen dute, hobekuntzak nabari dituztelako. Dena dela, izen ematea askea den bezala, mintzalagunek nahi duten unean utzi ahalko dute taldea.
Maite Gomez: Nik neuk hiru taldeetan hartzen dut parte. Ez dut denbora askorik egia esan, baina ongi antolatuz posible da eta merezi du. Oker ez banago, hau nire bosgarren urtea izango da.
Hortaz, baduzu eskarmentua, Maite. Nola eragin dizute urte hauek?
Gomez: Nire kasuan behintzat eragina oso positiboa izan da, eta aldaketak nabari ditut. Duela zazpi urte ikasten dudala euskaltegian. Eta bertako ikasle naizen heinean, egitasmoaren berri izan nuenean, bat egiteko erabakia hartu nuen. Erabaki horri esker nire buruarengan konfiantza gehiago dut, eta euskarazko mintzamena giro adeitsu batean hobetzeko aukera izan dut.
Nire jarrera euskaltegian bestelakoa zen. Besteen aurrean hitz egin behar nuenean urduri jarri eta presiopean mintzatzen nintzela sentitzen nuen. Aldiz, kalean, ez dakit zergatik, askoz ere erraztasun handiagoa dut mintzatzeko, ez dut lotsarik. Mintzalagunen solasaldietan sortutako giroak euskaltegian ikasitakoa lantzeko aukera ematen dit. Azterketitisa alde batera utzi eta konfiantza handiagoarekin ari naiz. Mintzalaguna programarik gabe, agian, euskara ikasteari utziko nion, auskalo.
Euskaltegiko eredu formalak hainbat lagun uzkur ditzakeela uste duzue?
Gomez: Pertsonaren araberakoa da. Baina euskaltegira doazen pertsona asko titulu bat lortu behar dutelako joaten dira, eta oso zaila izan daiteke hori. Gainera, tituluek ez dute bermatzen euskararen erabilera. Gurean giro arinagoa eratzen da. Hala ere, Mintzalaguna saioak mintzamena lantzeaz baina askoz harago doaz. Jende atsegina ezagutzen dugu, harremanak sortzen ditugu, barre egiten dugu… finean, lagunak egiten ditugu. Hori dena euskaraz egin ahal izatea itzela da, hortxe dago gakoa.
Mintzamenari dagokionez, ahalduntze prozesutzat har daiteke?
Gomez: Bai bada, ni bezalako euskaldun berriei, kalean euskaraz hitz egiteko baliabideak eman dizkigu. Nik argi dut euskara gutxi hitz egiten dela, euskaldunek gutxi hitz egiten dutelako. Gainera, euskaldun zaharrek sarritan erdaraz hitz egiten digute berriei. Hitz egin behar dugula esaten digute, baina askok ez digute euskaraz hitz egiten.
Maritxalar: Zoritxarrez, euskaldun zahar batzuen jarrera ez da batere lagungarria. Euskara hutsetik ikasi duenaren ahalegina txalotu eta laguntza eskaini ordez, harrotasunez jokatzen dute euskaldun berriekin. Jarrera hori oso mingarria izan daiteke ikasten ari direnentzat. Baina gero, labeldun euskaldun peto-peto horietako asko, egunerokoan gazteleraz mintzatzen dira gehiago. Jarrera pasibodun jende asko dago.
Egitasmoan parte hartzeko gutxieneko maila eskatzen duzue. Zeri deritzozue gutxieneko maila?
Maritxalar: Hitz egiteko gaitasuna duen edozein, gutxi bada ere. Esan bezala, gu ez gara irakasleak. Jendeak Lau Haizetara elkartean izena ematean, guk fitxa batzuk jasoko ditugu bakoitzaren gaitasuna zehaztuz. Taldeak maila bereko mintzalagunekin osatuko ditugu.
Gomez: Ni behe-behetik hasi nintzen, eta ez nuen uste inoiz euskaraz ongi moldatzeko gai izango nintzenik, ezinezkoa iruditzen zitzaidan.
Bost urte geroago elkarrizketatua izaten ari zara, euskaraz.
Gomez: Bai, hala da. Euskaraz ere bizitzeko erabaki sendoa hartu nuelako.
Maritxalar: Maitek jarrera pasiboak alde batera uzteko ausardia izan du. Hitz egiteaz gain, urratsak ematea beharrezkoa da. Gure gizartean, militantzia ukitu bat behar da euskaraz bizitzeko.
Urrats hori emandakoen artean, nolako harremana sortzen da?
Gomez: Oso berezia, batez ere, hasieratik elkarrekin egon garen mintzalagunen artean. Bestearen egoera ulertzen dugu eta badakigu zeintzuk diren zailtasunak. Hortaz, harreman estuak sortzen dira eta euskaraz hitz egiterakoan nabari da. Nire mintzalagunetako bat kaletik ikusten badut, beldurrik gabe hitz egingo diot.
Ohiko solasaldiez gain, bestelako jarduerak antolatzen aldira?
Maritxalar: Bai. Aurten ere Mintzodromoari eutsiko diogu, batzuetan komeni baita taldeak handitzea, jendaurrean euskaraz hitz egin eta beldurrari aurre egiteko. Gai bat emango zaie eta mintzalagunek gaiari buruz hitz egin beharko dute 10 minutuz. Txangoak eta irteerak ere egingo ditugu, betiere mintzamena oinarri hartuta.
Baina aurtengo berritasun nagusiak irakurketarekin izango du zerikusia. Lau Haizetarako kideok, mintzalagunak Errenteriako liburutegira eramateko proposamena egin dugu, eta laguntzeko prest daudela adierazi digute. Oraindik gauza asko ditugu lotzeko, baina hauxe da asmoa: nahi dutenek aukera izatea gela batean biltzeko eta liburu bat ozen irakurtzeko. Euskara menderatzeko prozesuan beste urrats bat baino ez litzateke izango.
Ezin ditugu ahaztu mintzalaguntzaileak.
Gomez: Mintzalaguntzaileen ekarpenik gabe, ezinezkoa izango litzateke hau dena egitea. Pazientzia handia dute, babesa ematen digute eta behar dugunean laguntzen gaituzte.
Maritxalar: Haien lana ezinbestekoa da, baina gehiago behar ditugu, euskaldun izatea erabaki dutenek laguntza eta maitasuna beharko dute. Hortaz, mintzalaguntzaile izateko deia luzatzen diegu herritarrei, eta aldez aurretik Lau Haizetaratik gure eskerrik beroena adierazten diegu batzuei eta besteei programan parte hartzeagatik.
Dena prest duzue. Nola eman behar da izena?
Maritxalar: Izena emateko epea urriaren 1etik 15era izango da. Fitxak Lau Haizetaran, liburutegian, AEKn eta udal euskaltegian izango dira eskuragarri, eta bete ondoren gure egoitzara ekarri beharko dira. Mintzalagun edota mintzalaguntzaile izan nahi dutenek astelehenetik ostiralera topatuko gaituzte Lau Haizetara elkartean, 18:00etatik 20:00etara. Dena dela, argi utzi nahi dugu, ikasturte osoan zehar prest egongo garela jende berria hartzeko. Eta bertaratu ezin badute, 943 34 01 43 telefono zenbakira ere deitu dezakete. Izena eman ostean elkarteko kideek fitxa guztiak aztertu eta interesdunekin harremanetan jarriko dira, zein taldetan egongo diren esateko. Saioak urrian zehar hasiko ditugu.