Agintaldiko lehen auzo batzarrak, datorren astean
Oiartzungo Udala auzotarrengana hurbilduko da. Agintaldiko plangintza, datorren urteko aurrekontuaren aurkezpena, iradokizunen jasotzea eta abar jorratuko dituzte.
Duela hiru hilabete pasatxo hasi zen 2019-2023 agintaldia, eta Oiartzungo udal gobernu taldea urteroko batzarrak egingo ditu datorren astean. Lau egunetan kontzentratuko dituzte zortzi auzoetako batzarrak, egunean pare bat eginda.
Hainbat gai izango dituzte hizpide, eta egitura bera mantenduko dute auzo guztietan. Lau urteko agintaldia aurkeztuko dute, baita 2020ko aurrekontuaren proposamena ere. Gainera, herrirako eta auzoetarako dituzten proiektu nagusien berri emango dute eta, ohi bezala, auzotarrek beren iradokizunak eta proposamenak helarazteko aukera izango dute.
Gobernu taldeak auzo batzarren garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Herriaren egoerari buruz lehen eskuko informazioa jasotzeko aukeraz gain, auzoetan dauden beharrak identifikatzen lagungarriak dira”, adierazi dute. Gaineratu dutenez, auzoetarako proiektu gehienak batzar horietan sortzen dira. Horregatik guztiagatik, auzotarrak gonbidatu dituzte bertan parte har dezaten. Bilera guztiak 19:00etan hasiko dira.
Egutegia (auzoen izenaren arabera)
- Altzibar: Urriak 2, asteazkena, Olatxo auzo lokalean (Olalden).
- Arragua: Irailak 30, astelehena, frontoi ondoko lokalean.
- Elizalde: Urriak 2, asteazkena, Manuel Lekuona bibliotekan.
- Ergoien: Urriak 1, asteartea, Auzokalte elkartean.
- Gurutze: Urriak 3, osteguna, Bizardia elkartean.
- Iturriotz: Irailak 30, astelehena, auzoko lokalean.
- Karrika: Urriak 1, asteartea, Artaso elkartean.
- Ugaldetxo: Urriak 3, osteguna, eskoletan.