Biziberritzeko ausardia
Lanbide sortzaileak palanka ekonomiko gisa baliatu eta Alde Zaharra biziberritzea, bi helburu horiek ditu udalak martxan jarri duen Artisau Auzoa proiektu pilotuak. Lehen saltoki-tailerrak urte amaieran zabalduko ditu ateak.
H aien arrastorik ez da kale izendegian; ez da Zapatari kalerik, aiztogileenik, edota oihalgileenik. Epe laburrean, baina, auzoa izango dute, Artisau Auzoa konfiguratzeko proiektu pilotua martxan jarri duelako Errenteriako Udalak Oarsoaldea Garapen agentziarekin batera. Helburu behinenak bi: Errenteriako Alde Zaharra biziberritzea bata; Errenteria 2025 Plan Estrategikoan jasota dagoen moduan, kultura eta berrikuntza erabiltzea herriaren palanka ekonomiko gisa, bestea.
Bi arlo horiek batuta sortu dela Artisau Auzoa iniziatiba azaldu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak: «Badago Errenteria lanbide sortzaileen eremuan erreferentziazkoa bihurtzeko apustua, eta planteatzen dena da Alde Zaharraren biziberritzea eta lanbide sortzaileak eskutik joatea».
Iniziatiba ez dela handia dio: «Xumea da, baina logika askoz ere zabalago bati erantzuten dio. Azken urteetan garatzen ari den estrategia zabalago baten barruan urrats bat gehiago izan nahi du, Alde Zaharra biziberritzearekin lotuta dagoena, eta harremana duena kultura eta lanbide sortzaileak garapen ekonomikoaren akuilu izatearekin».
Puntu horretara helduta Torrekuak hartzen duen Habian! Fabrika Kreaktiboari aipamena egin dio: «Lanbide sortzaileen haztegi bat jarri zen martxan eta Artisau Auzoa horren segida da, ikusi eta usaindutakoaren jarraipena da halako espazioa sortzea».
Erdiko eta Beheko kaleak
Artisau Auzoaren barruan Erdiko kalean hutsik eta itxita zen 15. zenbakiko lokala artisau jardueren saltoki tailer bihurtzeko birgaitu dute. 55,05 metro koadroko lokala da, eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza izan dute. Lokal hori tailerra izango da batetik, eta saltokia bestetik, eta udalak urtea amaitu aurretik izan nahi du zabalik. Berritzeko garaian ez dute nolanahi egin esku hartzea, lokalak ezkutatuta zituen harrizko pareta ederrak eta zurezko habeak argitara atera dituzte. Celia Lana udal arkitektoa da, eta hura arduratu da lan horretaz. Artisau Auzoa Erdiko eta Beheko kaleetan kokatu du Otaegik, «beste kale batzuetara zabaltzeko aukera itxi ez badugu ere, bi horietan abiatu nahi dugu esku hartzea, eta hain zuzen ere, aukeratu dugun lokalak bi kale horiek komunikatzen ditu, bietatik duelako sarbidea berritu eta gero. Interbentzioaren indargune edo alde politetako bat hori izan da, lokal horrek lotuko dituela, orain arte ez bezala, Erdiko kalea eta Beheko kalea».
Argi gelditzen da ez dela ezer ausazkoa, apustu irmo eta zehatz bati erantzuten dion estrategia baizik. Artisau Auzoa osotasun baten partea dela alegia, puzlean leku zehatza duen beste pieza.
Errenterian eta Oarsoaldean oro har artisautzaren egoera zein den galdetuta, hori neurtzeko termometrorik egokiena Habian! Fabrika Kreaktiboa dela esan du udal agintariak. 2016an zabaldu zituen ateak berritutako Torrekua eraikinaren barruan, eta hiru urte geroago, sorkuntza lanbideetan jarduten diren hamalau profesional ari direla bertan azaldu du, «une honetan bitxigintzako sei profesional, oihalgintzako lau, eta diseinuarekin, arkitekturarekin, eta komunikazioarekin lotutako beste sei profesional ari dira. Termometro gisa balio dezakeela uste dut, baita zenbateraino eman dezaken eremu berri honek erakusteko ere, Artisau Auzoak. Torrekua bera txiki gelditu izana bada adierazgarria».
Merkataritzaren erronkak
Alde Zaharra bera ondarea dela, eta esku hartze gutxi izan direla bertan dio Otaegik, «azken urteetan premia hori agerian gelditu da». Hala ere, esku hartze garrantzitsu batzuk egin ditu Errenteriako Udalak: Torrekua birgaitzea edota Emakumeen Etxea Txirrita parkean kokatzea. «Alde Zaharrak jarduera dinamikoak behar ditu, jendearen joan-etorriak ahalbidetuko dutenak, eta Emakumeen Etxeak badu hortik».
Merkataritza ere aipatu du, eta gogora ekarri du duela urte pare bat egin zela Merkataritza Biziberritzeko Plana, «merkataritzak aurrean duen erronka ez da mugatzen Alde Zaharrera, baina egia da bertan ere eragiten duela, oso nabarmena da, oso begi bistakoa da Alde Zaharrean zenbat lokal dauden hutsik. Bertako merkataritza biziberritzea, beraz, helburu bat da, eta horrekin batera herri eremu hori erakargarri egitea bai bizitzeko, bai garapen ekonomikorako, baita herriko beste auzo batzuetan bizi garenontzat ere».
Erdiko kaleko 15. zenbakiko lokala lehenengoa izango da, eta esperientzia pilotuak zer emango duen aztertu behar badute ere, epe ertainera ez dela udalak birgaituko duen lokal bakarra aurreratu du, «ikusiko dugu zenbat izango diren bi, hiru… orain lehena zabaltzeak emango digu esperientzia, eta ikasgai batzuk aterako ditugu baliagarriak izango direnak hurrengo interbentzioek nolakoak izan behar duten erabakitzeko». Eremu bat sortu behar dutela argi dutela dio, «halako iniziatiben arrakasta kontzentrazioan ere badagoela badakigulako, eta zentzu horretan garrantzitsua izango da halako espazio bat baino gehiago sortzea».
Eragina izango duela sinistuta dago alkatea, «auzoak izango duen bizitzan eragin nahi du, baina halako esku hartzeek ere eredugarri izan nahi dute eta erakutsi zer nolako birgaitzeak egin daitezkeen, eta zer nolako lokalak egon daitezkeen Alde Zaharrean. Efektu kutsakorra izan nahi dugu eremu horretan lokala duten edo negozioa zabaldu nahi duten pertsonengan».
Udala, aitzindaria
Azken agintaldietan Errenteriaren izenak udalerria gainditu du, izan ere, aitzindari izan da udala, bakegintzaren alde egindako urratsekin eta memoria eraikitzeko iniziatibekin, baita politika sozialen inguruan ere. Azken horretan, bi urtez jarraian aitortu diote Espainiako Estatuko 20.000 biztanletik gorako hirien artetik politika sozialetan biztanleko diru gehien inbertitzen duen udala izatea.
Artisau Auzoari dagokionez ere aitzindaria izango da Errenteria. Aurreko gobernuei egin die erreferentzia Otaegik: «Nik uste dut egin diren apustuetan ulertu dela tokatzen dela modu berritzailean jokatzea, orain arte erabili ez diren formulak baliatuta. Horrek dakar batzuetan administrazioan aukera horiei bide eman behar izatea, eta batzuetan ez da erraza. Bestetik, pedagogia egitea ere suposatzen du, eta ulertaraztea jendeari zergatik hartzen diren orain arte ez bezalako erabakiak. Beti badago arrisku bat, gainera, sekula ez dakizulako apustu hori nola aterako den».
Arriskatzeak merezi duen zalantzarik ez du, bidea hori dela dio alkateak: «Balioan jarri behar dugu gauza berriak egiteko saiakera bera, hori bera bada ona, eta egia da saiakera horiek ondo irteten direnean gogoa eta animoak ematen dizkizula gauza berrietan saiatzeko. Politika publikoen eremuan hori tokatzen zaigu; dauzkagun erronka eta arazoak ez dira lehenago izan diren modukoak, eta horrek beste modu batean jokatzea eskatzen du, beste formula batzuk saiatzea».
Erdiko kaleko sorkuntza lanbideko tailerra eta saltokia urtea amaitu aurretik izango da zabalik eta martxan. Hori da asmoa. Pilotua da esperientzia, eta datorren urtean beste lokal bat edo bi zabaltzeko asmoa du udalak, «eta ahalegin horretan jarraitu nahi dugu». Hori ez dagoela soilik udalaren esku dio Otaegik, «lokal jabeek ere aukera gisa ikusi behar dute Artisau Auzoa proiektua».
Torrekuatik Agustinak auzora, Artisau Auzotik igarota
2016ko martxoan zabaldu zituen ateak Torrekua eraikinean Habian! Fabrika Kreaktiboak. Euskal Autonomia Erkidegoko elkarlaneko artisau eta sormen lanbideetan eta teknologia berrien esparruko elkarlaneko lehen hazitegia izan zen Habian!
Hiru urte geroago Torrekua bera «txiki» gelditu dela esan du Otaegik. Egun hamasei sortzaile ari dira bertan lanean. Langintza sortzaileak susperraldi ekonomikoaren motor bihurtu zituen udalak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean proiektuaren bidez.
Proiektu horri emandako espazioa zabaldu nahi du orain udalak, eta Torrekuaren segida izango den eremua planteatzen ari da Agustinak auzoan, «Torrekuarekin bide bat saiatu zen, ikusi dugu hiru urte pasa direnean bide horretatik jarraitu dezakegula, eta une honetan Torrekua izan dena baino zerbait gehiago izan nahi duen ekipamendu batez ari gara».
Agustinetako mojen eraikinean planteatzen du esku hartze hori udalak, «asmo hori esku artean dugu eta proiektuaren gaineko bideragarritasun plana martxan jartzera goaz epe laburrean».
Erreferentziazko zentroa
Agustinak auzokoa Gipuzkoan erreferentziazkoa izango den lanbide sortzaileen ekipamendua izatea nahi dute, «Habian! Fabrika Kreaktiboak bezala haztegi funtzioa betetzea nahi dugu, baina baita bestelako funtzioak ere, formazioa eta bestelako dinamikak, besteak beste. Torrekuak egin duen bidearen segida izango da. Hala ere, bideragarritasun azterketa martxan jartzera goaz, eta azken horrek erakutsiko digu egin beharreko bidea».
Torrekua eta Agustinetako proiektuaren klabe berean kokatu behar da beraz, Artisau Auzoa. Azken horretako lehen tailer-saltokiak ateak zabaltzen dituenean egin beharreko bidea ere erakutsiko du.