Perituen azterketaren zain, ez dirudi Lekuonak kalte handirik izan duenik
Lehen balorazioa egin du udalak, baina perituen azterketaren zain dira. Astelehenean egingo dute azterketa eta orduan jakingo da zein izan diren benetako kalteak eta zein ondorio izango dituen.
Lekuona eraikinaren lanetan atzo izandako sutearen gaineko azalpenak emateko agerraldia egin dute gaur goizean. Aizpea Otaegi alkateak, Xabier Agirre udal arkitektoa eta Lekuona proiektuaren arduradunak, eta Jon Muniategiandikoetxea Vaumm Arkitektura eta Hirigintza enpresako arkitektoa eta Lekuona proiektuaren zuzendariak. Kalteen gaineko balorazioa egiteko zain dira oraindik, perituak astelehenean pasako direlako baina lehen balorazio bat eta ustez gertatutakoaren azalpena eman dute.
14:30ean piztu zela sua ekarri du gogora Otaegik, eta bi ordutan itzali zutela suhiltzaileek, “langileek ez zuten kalterik hartu eta alde horretatik pozik egoteko moduan gaude”.
Astelehenean perituek esango diote udalari zenbaterainokoak izan diren kalteak, eta horren arabera baloratuko dute horrek obraren epeei nola eragingo dien, “edozein kasutan badirudi kalteak ez direla handiak eta ez dutela atzerapen handirik ekarriko”.
Azalpen teknikoak Muniategiandikoetxeak eman ditu. Behin suhiltzaileek sua itzali eta lanak amaituta, kalteak non ziren, eta suteak zeri eragin zion ikusi zutela azaldu du, “estaldura, edo egitura ziren kaltetuak aztertzea izan zen lehen lana, eta ikusitakoaren arabera ematen du azaleko kalte batzuk izan direla”. Beti ere, asteleheneko kalteen azterketak emango ditu datu zehatzak.
Lekuona nola dagoen eraikia ulertu behar dela esan du obraren zuzendariak: “Lekuonak ditu bi atal. Garai bateko eraikina mantendu dugu fatxada batez ere, eta bigarren zatia eraikin berria da. Fatxada egiterakoan, eraikina hartu genuenean egoera nahikoa kaxkarrean zegoen. Hura egonkortzeko lanak egin ditugu eta poliuretanoa erabili zen horretarako. Datu guztiak mahai gainean izan gabe, uste dugu, poliuretanoa dela su hartu duen elementua, ez bera bakarrik, baizik eta inguruan lanean ari ziren beste elementu beroekin batera”.
Poliuretanoa fatxada zaharrean erabili dela soilik azaldu du, eta obraren zuzendariak azal du oso material erabilia dela, “ezaugarri oso onak dituelako: isolamendurako, hezetasuna kentzen du eta isolamendu akustikorako ere oso ona da. Batez ere zurruntasuna ematen dio fatxada zaharrari. Horregatik erabiliko dugu. Hori argitu nahi dut, bigarren aldia delako sutea egon dena eta ematen duenagatik elementu berberak hartu duelako sua. Oso material ona da, oso egokia, baina manipulatzerakoan kontu handia eduki behar da”.
Poliuretanoa obra amaituta ez dela eskura geldituko azaldu du, “gero estali egiten da baina kasu honetan obra fasean gaude oraindik eta tarteka oraindik bistan dago”.
Kanpoko estaldura, kaltetua
Dirudienez, beraz, perituen eta arkitekto forentsearen balorazioaren esperoan, inpermeabilizaziorako tela asfaltikoa, sua edo beroarekin soldatzerakoan kontaktua izan da berriz poliuretanoarekin.
Hala baieztatzen badute astelehenean bi aldiz arrazoi beragatik piztu dela sua Lekuonan ondorioztatuko dute. Lehenengo sutearen ondoren neurriak hartu dituztela zehaztu du, “su itzalgailuak, normalean baino gehiago, gertu zituzten jarrita. Une honetan ia dena estalia zegoen eta horrek tximinia eragina izan du, barrutik sua hartu eta kanpotik ahalegindu ziren itzaltzen baina ez da posible izan”.
Bakarrik kanpoko estaldura izan dela kaltetua dio zuzendariak ustez, “badirudi egiturak, oso zurruna denak, ez duela kalterik. Egin behar duguna da itxoin astelehenean perituek zabaldu eta ikusi arte jatorria hor dagoen edo ez. Horren arabera zein neurri hartu behar ditugun erabakiko dugu”.
Frustragarria dela beraientzat ere bigarrenez sutea izana Lekuonan aitortu du Muniategiandikoetxeak, “neurri batean erantzule garelako, lehenengoa kasualitate hutsez gertatu zien; bigarrenean neurriak hartu ziren, baina badirudi ez zirela hartu behar ziren guztiak, agian gehiago hartu behar ziren. Ez da material bera, ez da gremio bera, ez da egoera berdina, ezta kokapen bera ere, baina ematen duenarengatik, azkenean berdina gertatu da. Ez zaigu gertatu inoiz, ez da normala, eta bi aldiz gertatzea are gutxiago”.
Agirrek zehaztu du udal teknikari gisa beraiek ere gainean daudela eta Lekuonakoa obra arrunta dela ez dela berezia: “gertatutakoa gertatu da, bi aldiz, gainera, baina ez dela ohikoa. Neurriak hartu dira beste obretan bezala, eta astero hemen egoten gara baina gertatu da”.
Astelehenean balorazioa eginda txostenak egin beharko dituzte perituek, eta orduan jakingo da benetan zenbatekoak izan diren kalteak eta horrek Lekuonako epeetan eraginik izango ote duen.