Euskaraz ikasteko bekak bihartik aurrera eska daitezke
Urri osoan zehar eska daitezke laguntza horiek, Oiartzungo udaletxean. %100era arte finantzatu dezakete, B2 mailaren kasuan.
Oiartzungo Udalak iragarri du aurten euskaraz ikastea doan izan daitekeela. Hori hala izateko, beka sistema berria ezarri du, eta bihar hasiko da bekak eskatu ahal izateko epea. Diru laguntza horiek urriaren 31era arte eska daitezke.
Udalak, aurten, A1, A2, B1 eta B2 mailetako ikasleei matrikularen %100 finantzatuko die. Goragoko mailetako ikasle guztiei %50a, gutxienez, ere lagunduko die. Sektore berezi batzuek, %70a arteko laguntza izango dute: dendariak eta ostalariak, 12 urte arteko haurren gurasoak, begiraleak…
Uda eta barnetegiak
Ikasturteko ohiko euskara eskolez gain, beste ikastaro batzuetarako laguntzak ere eska daitezke. Barnetegietako edo udako ikastaroetako ikasleek Fermiñenera jo dezakete, urriaren 19ra arte.
Barnetegietako gastuaren %20a lagunduko die ikasle guztiei. Diru-laguntza eskaerarekin batera, ikastaro edo barnetegia egin izanaren justifikazioa aurkeztu beharko dute hauek. Euskara Sailean egin behar dira eskaera guztiak, bertara joanez (Fermiñeneko beheko solairuan) edo e-posta bidez idatzita.