Aisialdi talde eta gazte elkarteek diru-laguntzak eskatzeko epea ireki du Pasaiako Udalak
Pasaiako Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen sailak diru-laguntzak eskatzeko epea ireki die irabazi asmorik gabeko aisialdi taldeei eta gazte elkarteei. Hilaren 30era arte eskatu ahalko dira.
Astelehenaz geroztik zabalik da haur, nerabe eta gazteen sustapen sailari lotutako diru-laguntzen deialdia. Haur eta gazteekin lan egiten duten aisialdi taldeei eta gazteriari lotutako elkarteei zuzenduriko diru laguntza da.
Pasaiako Udalak bi aurrekontu esleitu ditu deialdiari lotuta, bata 33.627 eurokoa eta 11.209 eurokoa bestea. Emandako diru laguntzak Pasaian antolatzen diren aisialdiko, denbora libreko eta kanpamenduetarako jarduerak eta programak finantzatzeko izango dira.
Elkarte eta talde interesdunek hilaren 30era egin ahalko dituzte eskaerak. Eskaerak E043 fitxa betez egin beharko dira. Fitxak Pasaiako Udalaren HAZ bulegoetan eman ahalko dira, ohiko ordutegian. Tramitazioa internet bidez egiteko aukera badago, baita posta arruntez bidaltzeko aukera ere (Donibane kalea, 19- 201110 Pasaia).