Krav Maga defentsa ikastaroari helduko diote aurki Bekoerrotan
Norberaren defentsarako borroka artea da Krav Maga; larunbatean ekingo diote ikastaroari Oscar Irureta adituaren gidaritzapean.
Lezoko Udalak Bekoerrota kiroldegirako aurreikusitako kirol eskaintza zabaltzea erabaki du eta Krav Maga izenpeko diziplinari ateak irekiko dizkio aurten lehen aldiz. Norberaren defentsa ziurtatzeko borroka artea da Krav Maga. Oscar Irureta aditua izango da Ipar Krav Maga eskolak izendatutako irakaslea. Larunbatean helduko diote lehen saioari, 10:30ean hasita, eta doan izango da.
Israelen du jatorria Krav Maga arteak eta autodefentsan oinarritzen da. Lezoko Udalak lehen saio honetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Jarduera gustukoa izanez gero, 627 397 143 telefono zenbakira deituta izena eman dezaten eskatu du.