"Lau lapurreta jasan ostean, beldurrez joaten naiz makinara"
Babesik gabe sentitu da Bordazar Baserriko Iñaki Zapirain. Bera da Trintxerpeko Bordazar baserri esneko makinaren jabea. Duela bi aste Trintxerpen saltzeari utziko ziola erabaki zuen, lapurreta baten ondorioz. Ez zen lehena izan. Zentzugabeko istorio baten azken pasartea baino ez da izan, aurreko hilabeteetan makinarengandik metro eskasera jarritako zabor edukiontziek, nahikoa kaltetu baitzuten esne salmenta. Beste irtenbiderik ez duelakoan, makina ez du gehiago hornituko Zapirainek.
Azken lapurretaren ondorioz, Trintxerpen esnea saltzeari utziko diozu ezta?
Bai, ez dut beste aukerarik izan. Duela bi aste gertatu zen. Makina esnez hornitzera joan nintzenean, gailua atzetik modu bortitzean ireki zutela ikusi nuen. Palanka bat erabili zuten eta horren ondorioz makinaren hainbat zati eta kable puskatu ziren. Makina berriz ere martxan jartzea oso garestia da, hori da amorru gehien ematen didana.
Zenbat diru eraman zuten eta zenbat balioko luke makinaren konponketa?
Diru gutxi eraman zuten, gutxi biltzen delako. 100 bat euro izango ziren, gehienez. Konponketak ordea 3000 euro inguru balio ditu. Makinaren egitura elektronikoa nahiko konplexua da eta ezin du edonork konpondu, teknikari berezi batzuk izan behar dute. Makina gainera, italiarra da eta pieza batzuk handik ekarri behar dira eta noski, garraioa nik neuk ordaindu behar dut.
Ez da Trintxerpeko makinan lapurtu duten lehen aldia ezta?
Ez, laugarrena da. Lapurreta guztiak ez dira berdinak izan, matxura handiagoa ala txikiagoa izan daiteke, baina lau lapurreta jasan ostean, beldurrez joaten naiz, ez baitakik makina onik topatuko dudan ala ez.
Lau lapurreta, zenbat urtetan?
8 urtetan 4 aldiz lapurtu dute Trintxerpeko makinan, baina beste hainbatetan saiatu izan direla igarri dut.
Donostian beste bi makina dituzu, bata Easo plazan eta bestea Arcco merkataritza gunean. Han lapurretarik izan da?
Easo plazan lapurtu zuten behin, baina egoera orokorrean ez da Trintxerpen bezalakoa. Nire ustez kokalekuarekin du zerikusia. Trintxerpen zuhaitz, edukiontzi eta igogailu baten artean dago eta gauez nahiko gune iluna da. Errazagoa dute bertan lapurtzea.
Poliziarekin harremanetan jarri zara?
Aurrekoetan salaketa jartzeko esan zidaten eta nik hala egin nuen. Baina alferrikakoa da, ez baitu ondorio positiborik izan orain arte. Oraingoan beraz, ez dut inongo salaketarik jarri, esnea saltzeari uztea erabaki diot eta kito. Ez dut errentagarritasunik atzematen. Litro bakoitzeko lortzen dugun etekina nahiko eskasa da, baina halako matxura bat, urte osoko irabaziekin amortizatzen dugu.
Zenbateko etekinez ari gara litro bakoitzeko?
%20ko portzentaia da litro bakoitzeko, 20 zentimo hain zuzen ere. Pentsa ezazu zenbat litro saldu behar diren, salmentak errentagarriak izan daitezen. Egia esan, Trintxerpen beti saldu izan dugu Donostian baino gutxiago, ez dakigu zehazki zergatik. Hortaz, gutxiago saltzen dugu eta gainera, lapurretak jasan behar ditugu.
Nola liteke lau aldiz lapurtzea, Pasaiako udaltzaingoaren atariaren aurrean dagoen makina batean?
Hasieran, gauza bera pentsatu nuen nik, baina ulertzen dut haien lana ere ez dela erraza. Udaltzain gutxi batzuk gauez herri osoa zaindu behar badute, baliteke lapurreta ematen den unean poliziarik ez egotea inguruan. Lapurrek ere haien mugimenduak ezagutzen dituzte maiz eta haiek badakite lapurtzeko momentua ongi aukeratzen. Ez ditut udaltzainak erruduntzat hartzen.
Makina lekuz aldatzear zeundeten ezta?
Bai, metro batzuk aurrerago eraman nahi genuen. Aurreko hilabeteetan hainbat zabor edukiontzi jarri zituzten Pasaiako Udaleko langileek, gure makinaren pare-parean. Horrek ere salmentei eragin die eta ondorioz, makina tokiz aldatzea erabaki genuen. Nik ez dut zuzeneko harremanik izan udalarekin. Guk Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin egiten dugu lan, eta haiek kudeatu zuten lekualdatzea udalekoekin batera eta guk ordainduko genuen kostuen parte bat, 4000 euro inguru. Diru kopuru horri, konponketaren beste 3000 euro gehitu beharko nizkioke makina berriz ere martxan jartzeko.
Edukiontziek azokako zaborra hartzen dute, tartean arraintegikoa. Zuen makinaren parean jartzeko arrazoia azaldu dizuete?
Azkenaldian obrak egin dituzte Euskadi etorbidean, akaso horrek zerikusia izan du. Baina nik ez dut azalpenik jaso. Behemendikoei esan diet onartezina dela, ez duela zentzurik elikagai fresko bat zabor artean saltzea. Bata edo bestea soberan dago. Pasaiako Udalak eman digun konponbidea, makina aurrerago eramatea da, betiere prozesuaren parte bat guk ordaintzen badugu.
Hortaz, edukiontzia beranduago iritsi arren, zuek aldatu behar duzue lekuz?
Horixe bera. Eta egia esan amorru pixka bat sentitu dut. Utzita sentitu gara. Ez dut ulertzen nola utzi dituzten bertan edukiontziak. Udan, hego haizeak jotzen duenean, arrainaren kiratsaz kexatzen da jendea. Nola erosiko dute bertan esnea?
Pasaiako EH Bilduk makina azokara eramatea proposatu du.
Bai, baina ez dirudi bideragarria denik aukera hori. Bi arazo nagusi atzematen ditut nik; lekua eta ordutegia. Bezeroek azokan sartu beharko lukete ordutegi jakin batean. Makina hauen gakoa, bezeroek edozein unetan eta toki ireki batean kalitatezko esnea erosi ahal izatea da. Dena dela, prestutasun osoa agertu didate aurrerago afera konpontzen laguntzeko.
Esnea saltzeari uzteko erabakia irmoa da beraz?
Gaur gaurkoz bai, ez dugu beste irtenbiderik. Baina aurrerago berriz ere zerbitzua eskaini nahiko genuke, ziur asko beste sistema baten bitartez. Asturiasen hasiak dira makina txikiago batzuk erabiltzen. Makina horiek taberna, okindegi eta bestelakoen barruan jartzen dira, ez kalean. Bezeroek komertzio horien barruan erosiko lukete esnea. Askoz ere sistema seguruagoa da. Baina oraingoz proiektu bat da soilik, eta ez dakigu noiz gauzatu ahalko dugun. Oraingoz, Euskadi etorbideko makinarekin zer egin eta nola eraman erabaki behar dugu.