Agintaldi planaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu gobernu taldeak, estreinakoz
Zazpi lan ardatz nagusi eta ehundik gora proiektu ditu hezurdura agintaldi planak.
Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak agerraldia egin du gaur. Agintean egindako lehen 100 egunen balorazioa egin du, eta garrantzitsuago dena, lau urteak osatzeko bidea egiteko agintaldi planaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu estreinakoz. Aizpea Otaegi alkatea eta Ion Collar Elkarrekin Podemoseko bozeramaile eta Kultura zinegotzia arduratu dira agintaldiaren bide orriaren ardatz izango direnak aurkezteaz, baina ez dira bakarrik izan, gobernu taldea osatzen duten gainontzeko kideak izan dituzte ondoan.
Gobernatzen hasi ziren unetik bertatik buru belarri aritu direla agintaldi plana osatzen nabarmendu du Otaegik, “politikoki landu dugu, baina baita teknikoki ere udal teknikari guztiekin”.
Zazpi lan ardatz nagusi eta ehundik gora proiektu ditu hezurdura agintaldi planak. Hauek zazpi konpromiso edo lan ardatzak: Bizitza duinak, erantzunkidea den komunitatea eta hiri berdinzalea eraikitzen jarraitzea; HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratzea; Aro kultural berri bat zabaltzea; Prebentzioan eta kohesionatutako komunitate batean oinarritutako hiri segurua eraikitzea; ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egiten jarraituko duen hiria izaten jarraitzea; ekonomia sozialean oinarritutako garapena sustatzea; eta azkena eta Otaegiren hitzetan “transbertsalena”, gobernantza demokratikoaren ereduan sakonduko duen herria izatea. Horiek agintaldi planak jaso dituen konpromisoak, urte amaitu aurretik sozializatuko duena gobernu taldeak. Sozializazioari begira ekitaldi publikoa egitea aurreikusi duela gobernu taldeak zehaztu du alkateak, “eta horretan ahal diren bezainbat herritar eta eragile izatea nahiko genuke”; bestetik agintaldi planaren dokumentua bere osotasunean, ehunetik gora proiektuekin online ikusteko aukera izango da, baita papereko euskarria ere etxe guztietara helarazi nahi dutena.
Udal taldean eta zinegotzien arduretan aldaketak izan badira ere jarraikortasuna dela nagusi esan du Collarrek, “jarraikortasun horrek egonkortasuna eta eskarmentua ematen dizkio lantaldeari”. Otaegik ardatz nagusiak aletu baditu, Collarrek proiektuetako batzuk jakinarazi ditu, sei guztira: Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei arreta erreparatzailea ematea; Gabierrota pasealekua konpontzea; Beraungo auzo ekipamendua birgaitu eta martxan jartzea; tokiko energia politika autonomoak bultzatzea; enplegu planak indartzeko diagnostikoa egingo da, ondoren epe ertaineko plana garatzeko; eta garapen ekonomikoa izeneko udal azpisaila garatuko da, behar diren baliabideez hornituta.
Horien gaineko zehaztasun gehiago zein gainontzeko proiektuak zeintzuk diren urte amaiera aurretik egin asmo duten aurkezpen ekitaldian azalduko ditu gobernu taldeak.
Gogoeta prozesu inportanteen urtea
Datorrena, gogoeta prozesu inportanteen urtea izango dela azaldu du bestalde, Otaegik: “Agintaldi planarekin batera, dagoeneko hasiak gara agintaldi honetan oso garrantzitsuak izango diren prozesuak eta mugarriak lantzen”. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra da horietako bat,”lantzen ari gara dagoeneko hori, agintaldi osoa hartuko digu lanketa horrek baino dagoeneko martxan dugu”.
Herriaren plan estrategikoa berritzea beste mugarri garrantzitsuetako bat, “martxan jarriko den gogoeta prozesua gidatzeko esleipenaren idazketa lantzen ari dira. Prozesu horri urte berriarekin ekitea da asmoa”. Duela bi agintaldi egin moduan ahalik eta herritar eta eragile gehien parte hartzea nahi dutela esan du Otaegik, “eta nahi dugu balio izatea bere momentuan egin zen plan estrategikoa berritzeko, baita hiri ereduaren inguruan pentsatzeko ere. Etorkizuneko hiri eredua berriz marrazteko aukera eman behar digu gogoeta horrek eta nahiko genuke plan estrategikoa berridazteko balio izateaz gainera, hiri antolamendurako plan orokorra berridazteko ere balio izatea gogoeta prozesu horrek. Gure etorkizuna hainbeste baldintzatuko duten bi dokumentu horiek berridazteko aukera ekaini nahi dugu”.
Bestalde, 700 urte beteko ditu errenteriak herri gisa izendatu zutenetik. 2020. urteko apirilean izango da hori, zehazki. Atzera begiratzeko bezain beste aurrera begiratzeko balio behar duela urteurren horrek esan du alkateak, “zer nolako herria irudikatzen dugun etorkizunean, zer paper jokatu nahi dugun herri gisa dauzkagun erronka handien aurrean hausnartzeko aukera behar du izan”. Hala, urteurrena gogoeta prozesuarekin lotu nahi dutela erantsi du. Horri begira, udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiak ordezkatuta dauden mahaia osatu dute, baita udal teknikariekin osatutako lan gunea martxan jarri ere dagoeneko, “helburua 700. urteurrenari ikuspegi bat ematea eta plan bat lantzea da”.
HAPOA, plan estrategikoa, zein 700 urteurrenaren harira abiatu nahi dituzten prozesuen diseinuan eta garapenean ezinbestekoak izango direla herritarrak eta eragileak erantsi du Otaegik.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gobernagarritasun akordioa sinatu zuten pasa den ekainean. Bigarrenez egin zuten, aurreko agintaldian ere batera aritu zirelako formula bera erabilita Errenteriako Udala gidatzen EH Bildu eta Errenteria Irabaziz. Aurretik ere, itunik gabe, baina orain zortzi urte alkatetzara heldu zenean Ezker Anitzako zinegotziaren babesa jaso zuen EH Bilduk udalean. Bidea Errenteriarentzat eta errenteriarrentzat onuragarri izan den zalantzarik ez dutela argi utzi zuten akordioa berrituta. Hala adierazi zuen itunaren aurkezpenean Otaegik, “historikotzat jo zen hitzarmena sinatu genuen aurreko agintaldian, pentsatzen genuelako eraldaketa politikoa eta sozialean sinisten dugun bi alderdi garen neurrian, gure batura biderkatzailea zela gizartea eraldatzeko garaian. Une horretan ere Bildu Ezker Anitzarekin gobernatzetik zetorren eta luzea da aliantza horren historia”.
Elkarlan horren gaineko balorazio “positiboa” egiten dutela herritarrek ondoriozta daiteke, eta horren erakusle maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako boto paper kopurua. Egindako bidean babes hori sentitzeak zer suposatzen duen galdetuta, indarra aipatu du Otaegik, “halako babesa sentitzeak indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko, baina adieraten dizu ere jendeak oso ongi baloratzen duela azken urteetan egin den ibilbidea. Sakontzea tokatzen da orain, hori da herritarrengandik jasotzen dugun mandatua nolabait, sakontzen jarraitzeko erabateko babesa daukagula sentiarazten digu”.
Zenbakietatik at, herri eredu baten defentsa egiten duela bi alderdien arteko itunak erantsi du Collarrek.