'Hizkuntzak eta kulturak', aniztasunarekin aberasteko
Hizkuntzen Topagunearen barruan bide berri bat zabaldu dute. Hizkuntzak eta kulturak du izena lan lerro berriak. Helburua, zehatza, Errenteria-Oreretan bizi diren beste hizkuntza komunitateen errealitatea eta kultura, hizkuntza bera ezagutzea.
Hizkuntzen Topagunearen barruan bide berri bat zabaldu dute. Hizkuntzak eta kulturak du izena lan lerro berriak. Helburua, zehatza, Errenteria-Oreretan bizi diren beste hizkuntza komunitateen errealitatea eta kultura, hizkuntza bera ezagutzea; finean, herriko kultur aberastasuna handitzen duen hizkuntza aniztasuna ezagutaraztea. Ibilbide hasieraren berri emateko agerraldia egin dute gaur Hanane El Hanoubi Eguzki Kulturarteko Elkarteko kideak, Ridouane Chakouch Laman Agharas Elkartearen lehendakaria, Itziar Ostolaza Udal Hizkuntza Politika zinegotzia, Samira Goddi Komunitate bizikidetza eta lankidetza teknikaria, eta Arantxa Etxezurieta Udal Hizkuntza Politikako teknikariak.
Azken urteetan udalerriaren hizkuntza ekosistema asko aldatu dela esanda hasi du agerraldia Ostolazak. Berak eman ditu lan ildo berriaren nondik norakoen berri, “hizkuntza ezberdin asko ditugu gurean, hizkuntza komunitate asko ditugu gure herrian, euskaraz eta gazteleraz gain, beste hizkuntza batzuetan bizi direnak”. Horren jakitun eta aniztasun hori aberastasun bilakatzeko bidean Hizkuntza departamendua Kultur Aniztasun sailarekin elkarlan estuan, gogoeta abiatu zutela duela erantsi du duela urte batzuk: “Euskararen normalizaziorako bidean egindako urratsetan jauzi egin behar genuela ohartu ginen, eta kontuan hartu behar genuela hizkuntzen aniztasun hori, ezin genituelako euskararen inguruko pausu horiek eman gure gizartea eta gure hizkuntza ekosistema aberats eta anitz hori kontutan izan gabe”.
Euskara hizkuntza gutxitua den neurrian eta normalizazio politika garatu nahi dituzten heinean behar beharrezkoa ikusi zuten gainontzekoek euskara maitatzea, ezagutzea, haiena sentitzea, “hori lortzeko, ordea, ezin bestekoa da guk ere hurbilpen bat egitea beste hizkuntza horiengana”. Ohartu ziren enpatia ariketa egin behar zutela, aitortza egin behar zietela hizkuntza komunitate horiei nahi bazuten beste hizkuntza komunitate horiek euskara ere aitortu, ikasi eta beraiena senti zezaten. Logika horren barruan kokatu du proiektua.
Erreferentzia gunea ez da ausazkoa, Errenteriako Udal Euskaltegia da: “Euskararen arnasguneetako bat, euskal hiztunen eta euskara ikastera doazenen erreferente eta topagunea —dio Ostolazak— eta espazio horretan bestelako hizkuntza komunitateek ere espazioa beraiena sentitzea etorkizunari begira urrats garrantzitsua da euskarara hurbildu daitezen. Aberasgarria da munduko beste hizkuntzen berri izatea, ezagutzea, eta are gehiago elkarren ondoan bizi bagara gure herrian”.
Hizkuntza komunitateak ezagutu
Bi premisa horietatik abiatuta dagoeneko bi urte pasako bidea egin duen arabiar saioen proiektua abiatu zuen udalak. Arabiar komunitatetik udalera heldutako eskaera zehatzari erantzuteko jarri zela martxan zehaztu du Ostolazak: “Beraien seme-alabak arabieraz alfabetatu nahi dituztelako, euskaraz eta gazteleraz badira baina arabierara alfabetatu nahi dituzte eta hortik proiektu bat abiatu zen”. Ostiral arratsaldetan egiten dituzte saioak eta arabiar gazteak alfabetatzen dituzte; horretaz gain, herritar orok du dohain alfabetatzeko aukera; eta saioetan parte hartzen duten haur arabiarren amek berriz, euskararako hurbilpena egiten dute. Saio horiek martxan dira jada.
Gaur aurkeztu dutena, bigarren jauzi bat da proiektuaren barruan. “Arabiar komunitatea oso handia da gure harrian baina baditugu bestelako hizkuntza komunitateak eta horiekin harremanetan jarri eta ezagutarazi nahi genituen”. Hala, Amazigera hizkuntza landuko dute, “lehen eskutik jasoko dugu hemendik abendura bitartean ostegunean hasita, hizkuntza komunitate horren berri. Hiru saio izango dira, hizkuntzara hurbiltzeko hitzaldi sorta”. Ostolazak nabarmendu du oso interesgarria dela komunitate horren errealitatea lehen eskutik ezagutzea, “ziurrenik uste duguna baino askoz ere gertuago dagoena euskararengandik”.
Afrika iparraldeko etnia bat dira berbereak edo amazigak. 62 milioiko gizataldea osatzen dute. Berezko hizkuntza amazigera edo berberera dute.
Chakouchek hartu du hitza Agharas elkartea zer den eta zein lan egiten duen azaltzeko. Azaldu du amazig gazteek osatzen dutela eta bi arlotan lan egiten dutela: “Amazig herria Euskal herrian integratzea lortzeko lan egiten dugu batetik, eta bestetik, bertakoekin datozenen harrera errazagoa izan dadin egiten dugu lan. Elkarbizitza nahi dugu eta ez bakoitza bere aldetik izatea eta horren alde, elkarbizitza erreal baten alde egiten dugu lan”. Horretarako topaguneak sortzen dituzte, lanerako espazioak auzoan, eskola sarreran, jolastokian. Eskolak ematen dituzte, hitzaldiak antolatu, jaien antolaketan ere parte hartzen dute bizi diren auzoetan. Elkarbizitzarako gakoa, ezagutza den zalantzarik ez du, “elkar ezagutzea, lehenengo eskutik berri izateak asko errazten du”.
Amazigera nondik datorren, zein alde duen berberearekin, zein harremana duen euskararekin eta arabierarekiko grafia ezberdina duen ikasiko dute besteak beste, solasaldietan parte hartzen dutenek. Lehenengoa ostegunean izango da (hilak10): Kultur aniztasuna: erronkak eta aukerak Amazig begiradatik hitzaldia emango du Deustuko Unibertsitatean Psikologia doktorea den Hithem Abdulhaleemek. Hilabete barru helduko da bigarrena, azaroaren 7an, Ipar Afrikako mapa linguistikoa eta amazig hizkuntzaren estatutua izenburupean, Jatif Latabik interpretea eta Bilboko ASRAF elkarteko ordezkariaren eskutik. Hirugarrena eta azkena, abenduaren 12an helduko da, Kanariak amazig uharteak izenburupean. Jarduera guztiak udal euskaltegian izango dira 17:00etatik 19:00etara. Tomas Mora irakasle kanariarrek emango du azken hori.
El Hannoubik arabiera haur eta helduen artean zabaltzeko antolatutako ikastaroen atzean dago. Hirugarren ikasturtea abiatu berri dute 4-15 urte arteko arabiar jatorriko haur eta gazteak arabierara alfabetatzeko, baina baita hala nahi duten helduek hurbilketa bat egin dezaten ere. Halaber euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko saioak ere antolatzen dituzte. Arrakasta izan dute saioek, 100 lagunetik gora parte hartu baitute horietan.
Euskarara hurbilketa ezinbestekoa jo du Eguzki kulturarteko elkartearen kideak, “kezka nagusia da gurasoen artean, seme-alabek euskaraz ikasten dute eskolan eta beraiek ezin diete lagundu etxeko lanekin ez dutelako hizkuntza ezagutzen. Garrantzitsua da beraz, hurbilketa hori, kezka iturburu nagusia dutelako seme-alabei lagundu ahal izatea”.
Horri begira, Agharas elkarteak eskaintzen duela eskaera horri erantzuteko prestakuntza azaldu du Chakouchek, “gurasoek etortzen dira, ikasten dute lagundu ahal izateko eta behin zikloa beteta guraso berrientzat irakasle bihurtzen dira”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 5.000 biztanle Amazig dira.
Gai transbertsala
Zeharkakotasunez landu beharrekoa dela aniztasunaren gaia nabarmendu du Ostolazak, eta horretan saiatzen ari dela udala, “ahalik eta politika gehienetan txertatzen, elkarbizitzaren ikuspegitik modu bakarra da elkarrezagutza, elkarrekiko enpatia eta horretarako topaguneak sortu behar ditugu”. Plazera dela halako aukera eskaini ahal izatea erantsi du zinegotziak, “elkarteak daude eta horrek errazten du izugarri halakoak egitea, elkarlan estuagoa ahalbidetzen du horrek. Mundua ezagutzea aberasteko modu oso ona da, eta herritarrei aukera eskaini ahal izateak helburu asko betetzen ditu, bai pertsonalak hazkuntza prozesuan oinarritua, baina baita sozialak eta politikoak herri honetan komunitate bakar bat eraikitzeko bidean oso garrantzitsua delako topaguneak sortu eta elkar aitortzetik abiatzea”.
Lehenengo aldia da Hizkuntzak eta kulturak lan lerroa martxan jarriko dutena eta bideak zer emango duen ikusiko dute orain. Abendura arte amazigaren gainean arituko dira, baina urtarriletik aurrera beste hizkuntza komunitate bati irekiko dizkio ateak zikloak. Hiru ziklo antolatzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Parte hartu nahi duen oro, ansuf, ongietorria izango da.