San Juan Koxtapeko arraunlariak omenduko dituzte larunbatean
2019ko sasoian zehar egindako lana eskertzeko, jai handia egingo dute 19:00etatik aurrera.
2019. urtekoa, aldaketez jositako sasoia izan da San Juan-Koxtape Arraun Elkartearentzat. Denboraldi gogorra izango zena, uste baino hobeto burutu zuten San Juango tripulazioek.
Behetik gora egin zuten eta estropada bana irabaztea lortu zuten neskek eta mutilek. Batelerek, gainera, ezusteko handia eman zuten Kontxako ohorezko txandara sailkatuz. Zaleek itxaropentsu ekingo diote 2020ko denboraldiari.
Egindako lan guztia eskertzeko, omenaldi jaia egingo diete arraunlariei larunbatean Donibanen. 19:00tan hasiko dute jaia, plazatik abiatuko den kalejira batekin. 19:30tan ohiko bedeinkapena egingo diote taldeari elkartearen egoitzan, eta 20:00tan omenaldiaren emankizuna egingo dute.
Ekitaldia bukatuta, afariaren txanda izango da, 21:30ean. Hortik aurrera, jai giroa izango da nagusi, dantzaldia antolatuko baitute 23:00etatik aurrera.
Sarrerak salgai dira dagoeneko, Centi, Bare Bare eta Mila komertzioetan.