Pasaiako Udalak ez du ordezkaritzarik bidali Portuko Mahai Teknikoak egindako bilerara
Pasaiako EH Bilduk gertakaria larritzat jo du. Portuak eragindako kexuei dagokionez, hitzetik ekintzetara pasatzea eskatu diote Izaskun Gomez alkateri.
Pasaiako Udal Gobernuak ez du ordezkaririk bidali Portuko Erakundeen Arteko Mahai Teknikoak egindako azken bilerara. Portuko jardunak eragindako aparteko gorabeherak aztertzea eta horiei irtenbidea ematea du helburu mahaiak. Bertan udaletako teknikariak eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Portu Agintaritzako ordezkariak biltzen dira.
Ordezkaririk bidali ez izana “gertakari oso larria” dela adierazi du Pasaiako EH Bilduk, kexu eta salaketek gora egin baitzuten 2018an. Koalizio abertzaleak jakitera eman duenez, iaz zaratari lotutako 22 kexa jaso ziren, legez kanpoko isuriei lotutako 12 eta usain eta kearekin zerikusia zuten beste bi.
Pasaitarren osasunaz kezkatu dadila, kexuei kasu egin eta hitzetatik ekintzetara igarotzea eskatu diote EH Bilduko kideek Gomez alkateari, “ondo dago Portuko Agintaritzari legedia bete dezala eskatzea, baina hori ez dadila izan titularra lortzeko aitzakia bakarrik”.
Gogorarazi dute gainera, irailaren 24ko osoko bilkuran, kexuak erregistratzeko protokoloa indartzeko neurriak proposatu zituztela eta dagoeneko edukiz betetako dokumentu bat prestatu dutela. Dokumentuak hainbat neurri zehatz jasotzen ditu; mahai politiko eta teknikoen bilerak maizago egitea, eta salaketen aurrean erakundeek legeak dioena irmo betetzea, besteak beste.
Koalizioak prestutasuna agertu du beste talde politikoekin elkarlanean aritzeko, pasaitar guztien osasuna bermatu dadin. Pasaiako Udaleko beste taldeei “arduraz jokatzeko” eskatu diete, proposamena lantzeko eta hilaren 23an egingo den Erakundeen Arteko Mahai Politikoan aurkezteko.