Zaldunbordako outlet erraldoia eraikitzearen aurka azaldu da Elkarrekin Errenteria
Hondarribian, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan indar nagusia den EAJri "merkataritza talde handiei mesede egingo dien eta tokiko merkataritza eta kalitatezko enplegua kaltetuko dituen" Zaldunbordako proiektua gerarazteko beharrezko baliabide eta mekanismoak martxan jar ditzan eskatu dio.
Elkarrekin Errenteria —Podemos-Ahal Duguk, Ezker Anitza-IU-k, eta Equo-Berdeek osatzen dute— Zaldunbordako outlet erraldoia eraikitzearen aurka azaldu du eta EAJri geldi dezala exijitu dio. Jadanik kaltetuta dagoen Oarsoaldea eta Bidasoko merkataritza txikia “kondenatu” eta Natura 2000 sarearen barruan babes berezia izan behar duen gunea txikituko duela salatu du: “Errenteriako tokiko ekonomiaren ia %70 zerbitzuen sektorean oinarrituta dago eta horrelako proiektuak martxan jartzeak merkataritza txikiarentzat beste oztopo bat dira, dagoeneko inguruan dauden merkataritza gune handiak eta internet bidezko erosketekin batera. Konpetentzia gogortu egingo du”.
EAJren jarrera gogor salatu du, “merkataritza gune handien hedapenaz kexu da, lurraldeko eskualde degradatuetan industria indartzea beharrezkoa dela dio eta aldi berean, Zaldunbordako outlet erraldoia eraikitzearen aldeko apustua egin du, Eusko Jaurlaritzaren ponentziaren arabera eskualde degradatua den Oarsoaldetik gertu”.
Naturari ere erreparatu dio Elkarrekin Errenteriak eta gogora ekarri Natura 2000 sarearen arabera babes berezia izan behar duen eremuan ezaugarri hauetako gune bat eraikitzeak eta zabaltzeak izango dituen eraginak jakinarazten ari direla azken urteetan ekintzaile ezberdinak, “ez da soilik gainean eraikitzeko ingurune naturala suntsituko dutela, mota honetako saltokiek sustatzen duten garraio pribatuaren erabilera ere kaltegarria izango da”.
Horrenbestez, Hondarribian, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan indar nagusia den EAJri “merkataritza talde handiei mesede egingo dien eta tokiko merkataritza eta kalitatezko enplegua kaltetuko dituen” Zaldunbordako proiektua gerarazteko beharrezko baliabide eta mekanismoak martxan jar ditzan eskatu dio.