[Bideoa] «Presos politics etxera» esan dute Lezon
Kataluniako politikari independentisten kontrako epaia salatzeko kalera atera ziren atzo arratsean lezoarrak. Zaratatsuak izan ziren mobilizazioak.
Espainiako Auzitegi Gorenak, Kataluniako politikari independentisten auzian atzo emandako epaia errefusatu zuten atzo. Arratsean bildu ziren Karlos Saldise plazan, ondoren, herritik martxa zaratatsua egiteko. «Presos politics etxera» esan zuten, hori izan zuten goiburu elkarretaratzean eta manifestazio zaratatsuan.
Gure Eskuk deitutakoa izan zen mobilizazioa. «Epaia ez ezik», esan du Gure Eskuk, «prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da». Desio zuten epai bakarra absoluzioarena zela berretsi dute, eta epaiak berretsi duela eurek behin eta berriro errepikatu dutena: larrialdi demokratikoa bizi dela.
Mobilizazioekin jarraitzeko, larunbat arratsaldean manifestazio jendetsua egin nahi dute Donostian, Antiguatik hasita. Tsunami herritarra Donostian nahi dute.