Klima Emergentzia Adierazpena, "Lezoko Udalaren ibilbide orria" ingurumen arloan
Jose Angel Sanchez Ingurumen eta Trantsizio Ekologiko zinegotziak udal gobernuak esku artean dituen hainbat gairen berri eman du, ingurune alorrekoak.
Lezoko Udaleko Ingurumen eta Trantsizio Ekologiko zinegotzi Jose Angel Sanchezek (PSE-EE) adierazi du “Lezoko Udalaren ibilbide orria” ingurumen arloan klima emergentzia adierazpena dela. Konpromiso hori azken udalbatzarrean hartu zuela udalak oroitarazi du Sanchezek. Loteslea da erabakia. Kanpaina abiatuko du udalak gaiarekin.
Sanchezek onartu du ibilbide orri horretakoak, ingurumen alorrean egun udalak dituen helburuak baino “askoz handiagoak” direla, eta horiek aurrera eramateko esku artean dituen baliabideak erabiliko dituela.
Besteak beste, ibilbide orri hori jarraitzeak udalari suposatuko dio Udal Klima Aldaketa Plana eta Mugikortasun Iraunkor Plana egitea, baina 4/2019 Iraunkortasun Energetiko legera egokitzea ere. Eta helburu zehatzak aipatu ditu Sanchezek:
- Karbono erabilera baxua egingo duen eredua garatzea, eta Lezo klima aldaketara egokitzea.
- Lezoko ingurumen kalitatea hobetzea.
- Landako eta ingurune urbanoen kudeaketa integrala egitea, degradazioan daude espazioak berreskuratuz.
- Mugikortasun iraunkorra sustatzea tokiko eta herritik kanpoko desplazamenduetan, oinezkoentzako espazioak irabaziz, eta bizikletaren erabilera eta kutsakorrak ez diren beste garraiobideak sustatuz.
- Ingurumen politikak garatzeko beharrezkoa den egitura sortzea udalean.
Aldi berean, herriko zonalde urbanoko gune berdeetan hobekuntzak egitea proposatu du Sanchezek. Besteak beste, uste du Altamirako parkeak “Lezoren birika berdea” izan behar duela, horren erabilera publikoa eta bertako zaintza partekatuz. Gainera, tokiko ekonomia bultzatu behar dela uste du sozialistak, lehen sektoreari indarra eman behar zaiola, energia aurrezpena egikaritu behar dela, eta udalak egiten dituen inbertsio/erosketetan “politika berdeak” aplikatu behar direla.