Pasaia Itsas Festibala Bartzelonan aurkeztu dute
Astebete eman du Pasaia Itsas Festibalaren ordezkaritzak 'Salo Nautic' nazioarteko azokan. Itsas ondarearen aldeko aldarria eraman dute Bartzelonara.
2020ko maiatzaren 28tik ekainaren batera ospatuko da Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioa, eta antolatzaileak dagoeneko hasi dira jaialdiaren sustapena egiten. Joan den astean, Kantauri itsasotik, mediterraneora eraman zuten festibala, Bartzelonara.
Salo Nautic nazioarteko azokan aurkeztu zuten Pasaia Itsas Festibala. Kirol-nautiko eta aisia bat egiten duten topalekua da, gainera Marina Tradizionala izeneko gunea du. Hortaz, aukera aparta zen azokak emandakoa Pasaia Itsas Festibalaren nondik norakoak ezagutzera emateko.
Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta Erme Pedroso Albaola Itsas Kultur Faktoriako kideak aurkeztu zuten jaialdia. Helburu bikoitza izan zuen haien parte hartzeak: alde batetik festibala bera ezagutzera ematea. Bestetik, itsas ondarea balioan jartzeko esperientziak eta informazioa elkarbanatzea.