Kortsario artean aurkeztu du Albaolak 'Juanita Larando' patatxea
Ekitaldi berean Xabier Alberdi, Albaolako ikerketa burua Kortsario izendatu du Donibane Lohizune eta Ziburuko Kortsario Euskaldunen Kofradiak.
Ez da Karibera joan behar piraten historiaren berri izateko, uste baino gertuago baitago piraten ondarea. Ehunka urtez —bereziki XVII. eta XVIII. mendeetan— Euskal Herriko kostaldea ehunka kortsario ontzien babeslekua izan zen bidasoaren bi aldeetan. Gaur amankomuneko iragan hori omendu dute Albaola Itsas Kultur Faktorian. Eraiki berri duten Patatxea aurkeztu dute gaur goizean Albaolakoek eta eragile ugarik bat egin dute ekitaldiarekin, tartean Donibane Lohizune eta Ziburuko L´Ordre des Corsaires Basques Kortsario Euskaldunen Kofradiak. Xabier Alberdi Donostiako Euskal Itsas Museoaren lehendakari eta Albaolako ikerketa burua, ohorezko kortsario izendatu dute lapurtar ‘piratek’.
Ekitaldia hasi bezain laster, Albaola, “San Juan baleontzia baino askoz ere gehiago” dela oroitarazi du Xabier Agote Albaolako lehendakariak. Gaur aurkeztutako patatxea, horren adibide da. Guztira, 8 Mutiozabal ontzi eraiki dituzte Albaolan, bertan dauden Aprendiztegiko boluntarioekin batera.
Patatxeak kostaldea gertutik nabigatzen zuten ontziak ziren, eta normalean zaintza lanetan aritzen ziren. Dena dela, kortsarioek sarritan erabili zituzten, “txikiak izan arren, patatxeak itsasontzi handiagoak zelatatu, jarraitu eta abordatzeko erabiltzen zituzten” azaldu du Xabier Agotek.
Albaolan eraikitako patatxeak Juanita Larando izena izango du, Donostiako emakume baten omenez. XVII. mendean pentsio baten jabea zen Juanita Larando, eta kortsarioak hartzen zituen berean. Era berean pentsioko etekinak, kortsario patatxeetan inbertitzen zituen. Kasualitate izan ala ez, patatxe batzuk Pasaiarekiko harreman dute Agoteren aburuz, “San Juan eta San Pedro izenak jarri zizkien kortsarioen bi ontziei”.
Eraikuntzari dagokionez, hainbat berezitasun izango ditu Juanita Larandok. Garaiko planoetan oinarrituko dira, eta bere osotasunean Albaolan eraikiko den lehen itsasontzia izango da. Lan metodologia berezia beharko du, eta horretan argi dute boluntarioen ekarpena gakoa izango dela. Haien lana goraipatu du Albaolako lehendakariak.
Patatxe eta euskal kortsarioen azalpenak bukatuta, Donibane Lohizune eta Ziburutik etorritako kortsarioek hartu dute aretoa, Jean Lafitte balira bezala. L’Ordre des Corsaires Basques Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko lehendakari eta Albaolako ikerketa burua ohorezko kortsario izendatu dute. Emozioz jaso du Alberdik ohorezko izendatzea. Mozorroak izan arren, seriotasunez egin dute lapurtarrek haien lana. Ekitaldiak nolabaiteko kutsu erlijiosoa hartu du, Alberdik zin egin baitu, eta hiru sakramentu jan, sardina, antxoa eta atuna, kapela jantzi baino lehen.
HITZA ekitaldian izan da eta honako irudi hauek bildu ditu.