[Bideoa eta galeria] Memoriak aske egingo du hegan, azkenean
Frankistek hildako Etxetxo baserriko familiaren omenezko oroitarria inauguratu du Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldeak gaur, eta Lezoko Memoriaren Mapa aurkeztu; Iparragirre barrakoian izan ziren trabajadoriei ere egin die taldeak aitortza ekitaldia.
Memorian barrena bidaia egin dute gaur lezoarrek. Iluntasunean gordetako puzlearen piezak ordenatu, eta bakoitza bere lekuan jartzeko aukera izango dute aurrerantzean, izan ere Etxetxo, Lezoko Memoria Historikoaren Taldeak Lezoko Memoriaren Mapa eraiki eta argitaratu du. Gaur aurkeztu du mapa hori Gurutze Santuaren plazan zintzilikatu duen lonarekin, eta argitaratu duen esku orriarekin. Mapa bizia dela esan du Joxe Luix Agirretxe Etxetxoko kideak, orain arte bildutako datuen gainean eraiki dutelako, baina ziurrenik gertakari gehiago daudelako jasotzeke, eta horretara deitu ditu herritarrak, “baten batek baldin badu frankismo garaiko berri gehiago, herritarrekin edo gure herrian izandako gertaerak ezagutzen baditu, jasotzeko gogoz gaude”. Memoriaren mapa euro baten truke eskura daiteke Etxetxoko kideekin harremanetan jarrita.
Hala eraiki dute memoria, han eta hemen jasotako testigantzak josita, hamar urteko epea bildu, 1936. urtetik 1946ra, eta Lezon eta lezoarrekin gertatutakoa argitara atera. Hamar urte horiek trabajadoriak ekarri eta eraman zituzten arteko epea da, eta bereziki gogorrak izan zirela Lezorentzat eta lezoarrentzat esan du Agirretxek, “1936ko irailaren 4an Irun erori zenetik irailaren 13an Lezo erori zen arte epe oso latza bizi izan zen. Irun erorita tropek Donostia hartzeko bidean eraso ugari egin zituztelako. Altxamendua uztailaren 18an izan zen, eta 27an jada hartu zuten Oiartzun tropa faxistek Aiako Harritik eta Erlaitzetik barrena sartuta. Egun horretan bertan Errenteria eta Lezo hartzeko saiakerak egin zituzten, eta Lartzabal inguruan dezenteko erresistentzia aurkitu zuten”. Egun horretan, 1936ko uztailaren 27an izan zen Lezon lehenengo gertakari tragikoa, eta egun horretatik irailaren 13ra gertatu ziren herrian frankismoarekin lotuta hamar urteko horretan izandako hilketa guztiak.
Memoria hori frankismoaren biktima izan zirenei eta haien ondorengoei zor diote; aitortza da, beldurragatik hainbeste hamarkadez gordeta izan duten hura lau haizetara zabaltzea, gertatu zena kontatzea ezinbestekoa delako. Frankismoaren biktimekiko zorra da hori, baina baita belaunaldi berriekin gizarteak duena ere, “gure gazteek, gure haurrek ere, jakin behar dutelako, ezagutu behar dutelako zer gertatu zen garai ilun hartan”. Maparen helburua gertatu zirenak gogoratzea da, baina batez ere nabarmentzea lekuen garrantzia, “lekuek duten memoria, gu egunero pasatzen gara hainbat lekutatik herrian eta ez dakigu zer gertatu den leku horretan, baina lekuek izan dezakete memoria”.
Lehen esklaboak, duela 80 urte
80 urte, zortzi hamarkada dira frankistek lehen esklaboak Lezora eraman zituztela, eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osoan zehar. Gaurkoa ekitaldi sorta horien amaiera izan da. Ederra izan da hasieratik amaierara arte, hunkigarria, gogorra, baina batez ere erreparatzailea, zortzi hamarkada geroago, frankismoaren atzapar krudelaren biktima izan ziren 169 lezoarren izen abizenak bildu dituztelako: 25 herrian bertan hil zituzten frankistek; 6 herritik kanpora fusilatu; 3 fronte errepublikarrean hil ziren; 7 izan ziren frankistek derrigorrean frontera eraman eta hildakoak; 9 gerran zauritutakoak; 33 espetxeratutakoak; 23 kontzentrazio esparrutan sartu zituztenak; 7 heriotzara zigortutakoak; eta 51 atzerriratutakoak. Herrian hildakoen kasuan, non eta nola hil zituzten jaso dute.
11:00etan zuten hitzordua egina Gurutze Santuaren plazan, eta mapa aurkeztuta hasi dute Agirretxek gidatutako bisita herrian barrena hamarnaka lezoarrek. Helmuga: Mattejoane eta Miura baserrien artean gaur inauguratu duten monolitoa. Han inguruan hil zituzten frankistek Etxetxo baserriko Maria Oiartzabal Lekuona, Krisostomo Usabiaga Oiartzabal, Domingo Usabiaga Oiartzabal, eta Sebastian Usabiaga Oiartzabal ama-semeak.
Helmugara bidean, lehen geldialdia, Donibane kalean egin dute. Bertan kontatu du Agirretxek, Maria eta hiru semeen hilotzak Felix Arriaga kale garbitzaileak jaso zituela bere zalgurdian, “herriko hilerrira eraman zituen eta baditugu lekukoak hura ikusi edo oroitzen dutenak, gurdiak odola zeriola”. Hilabeteko epean faxistek etengabeko erasoak egin zituztela bai airez, bai lurretik etengabe sarraldiak eginda esan du, eta abuztuaren 26an Donibane kalean “Rusoren etxea bezala ezaguna zenean”, herriko errepublikarren egoitza zegoen lekura, ondoren medikuaren etxea izan zenera hegazkinetik bonba bota zutela errepublikarren egoitza jotzeko, “zentro errepublikanoaren aurrean Felix Arriaga zegoen bere gurdiarekin, mandoarekin, 21 urteko bere iloba Esperantxa Seinekin hitz egiten, eta bonba horrek harrapatu zituen biak, baita kalean jolasean zebilen Carmen Ginto 2 urteko haurra ere.
Roxita Garciak gogoan du oraindik Esperantxa Seinen gorpua hartu eta egun Oriotarra den horretara eraman zutela hil kapera jartzeko, eta aurpegi guztia metrailaz josia zeukala. Ginto, berriz, Polloeko hilerrira eraman zutela orain gutxi jakin dute Etxetxoko kideek.
Oinez egin dute bidea bildutakoek Altamiratik gora eta ia Miura baserriraino heldu arte. Bertan, bide bazterrean, eserleku baten ondoan, Etxetxo familiakoen omenezko oroigarria ikurrinak estalia. Agirretxek gertatu zena ekarri du gogora. Maria Oiartzabal Lekuona, Krisostomo Usabiaga Oiartzabal, Domingo Usabiaga Oiartzabal, eta Sebastian Usabiaga Oiartzabal ama-semeak Etxetxo baserriko familia ziren, eta orain 83 urte, 1936ko uztailaren 27an, frankistek tiroka hil zituzten Mattejoane eta Miura baserrien artean. Frankistek Oiartzun hartu zuten egun berean izan zen. Saiakerak egin zituzten Errenteria ere hartzeko, eta militarren aurreko taldeak Lezorantz ere abiatu ziren. Mariak eta hiru semeek Miura baserrira ihes egitea erabaki zuten, babes bila-edo mugimendu arraro haiek sumatuta; laugarren semea, soldaduskan zen garai hartan. Miura baserrikoa zen semeetako baten, Domingoren, neska laguna. Aita zelaian gelditu zen belar lanetan. Bidean, baina, erreketeekin egin zuten topo eta erail zituzten.
Lekukotasunen arabera, batzuek diote nahi zutela hiru seme horiek bat egin zezatela tropa frankistekin, beraiekin eraman nahi zituztela, uko egin ziotela eta horregatik hil zituztela; besteak dio, semeetako batek gerrikoaren belarrian ikurrina zeramala eta erreketeek ikusi ziotenean hantxe tiro egin ziotela. Bat edo beste, edo biak izan daitezke hilketa bidegabearen arrazoia. Gerriko hura zuloarekin, orain dela 20 urtera arte Miura baserrian gordea izan dute. Gertaera “katarsia” izan zela herrian esan du Agirretxek, “gerra bazetorrela ohartu ziren herritarrak; horrek eman zion hasiera 40 urtetik gorako tragediari”. Hiru semeak hil zituzten, amari hori ikusarazi eta ama azkena hil zuten; ondoren, bide bazterrean utzi zituzten.
Gaurko omenaldian, Etxetxo baserriko ondorengoak izan dira, Pello Usabiaga, bizirik gelditu zen Etxetxoko familiaren seme bakarraren semea, zehazki. Emaztea, alabak eta bilobak ere omenaldian izan dira. Miren Usabiaga Maria Oiartzabal Lekuona zenaren birbilobak olerkia irakurri du eta hura amaituta, Pello Usabiagak ikurrina kendu dio oroigarriari bildutakoen txalo zaparrada artean.
Ohorezko agurra ere dantzatu diete Etxetxo baserrikoen ondorengoei eta krabelin gorriak jarri dituzte Maria Oiartzabal Lekuona, Krisostomo Usabiaga Oiartzabal, Domingo Usabiaga Oiartzabal, eta Sebastian Usabiaga Oiartzabal ama-semeak oroituko dituen oroitarriaren ondoan.
Etxetxo baserria ez da existitzen jada, baina Miura baserria han da, zutik, Etxetxoko ama-semeak hil zituzten bideari so, eta urte luzetan isilean gorde duen gerrikoa ez du gehiago ezkutatu beharko, oroitarrian jaso dutelako haren erreplika.
Frankismoaren esklaboei aitortza
Oinez egin dute Gurutze Santuaren plazara itzultzeko bidea. Bertan omenaldi ekitaldi nagusia izan dute Etxetxo elkartekoek. Une goxo ugari, baita hunkigarriak ere. Mattejoane eta Miura baserrien artean Etxetxo baserriko familia oroitu dute, haien memoria aldarrikatu, gainontzeko hildakoenarekin batera; plazan, berriz, trabajadoriak izan dituzte gogoan, haien memoria aldarrikatu dute. Esklabo izan ziren haietako batzuen senideak omenaldian izan dira, eta oroigarri berezia jaso dute: Iparragirre barrakoietako harriekin egindako eskultura txikiak.
Bertatik ehunka eta ehunka trabajadore pasa ziren; Etxetxok, 2.500en izen-abizenak berreskuratu ditu, eta pankarta erraldoian atera ditu gaurko omenaldian. Agurra ez da falta izan, eta Iñaki Labakak El alto de Loiti, El sonajero, eta Maravillas kantak eraman ditu plazara, xamur.
Memoria itzalpetik argitara ateratzeko duten konpromisoa berretsi du Agirretxek Etxetxo osatzen dutenen izenean, “eta hori bezain garrantzitsua dena, belaunaldi berriei transmititzeko konpromisoa”. Lezoko ereserkia abestuta amaitu dute omenaldi ekitaldia.